Elbarriak jota

images7.jpg
Seguru asko Ezker Abertzaleak egin duen akats estrategikorik handiena, euskal herritarron mobilizazio eza lortzearena da. Errua ez da berea soilik, hori badakigu, baina zati handi batean berari dagokio erantzukizuna. Ez dut nik ukatuko, Ezker Abertzaleak kaleak protestaz bete dituen bakoitzean ez zegoenik zentzuzko arrazoirik horretarako (presoak, konponbidea…), baina gaur da eguna oso zail egiten zaiona populuari, zeinahi delarik ere kausa, etxetik kalerako pausoa ematea. Nekea agerikoa da. Harlauza astun baten pean gaude sartuta, ez dirudielarik inork eta ezerk pitza dezakeenik errealitate hori.
Gaur eta hemen, Ezker Abertzaleak etengabe plazaratzen dituen arazo benetakoak, denoi dagozkigun arren, batzuen arazoak bakarrik balira bezala bizi ditugu, Horretara jarriak gaude, nahiz eta mobilizazio historikoetarako joera erakutsi izan dugun geure iraganean. Gaur, izugarrikeria handienak ere, epel utziko ditu etxean herritarrik gehienak, perlesiak jota bezala, telebista programa inozoren bat ikusten, edota, eguraldi ona badago, bueltaxka bat ematen. Ekintza armatuetan ibili diren askoz gain, gaur kartzelan dira hogeitaka lagun nabari, politika egiten saiatzeaz besteko ageriko deliturik ez dutenak. Denak zaku berean. Baina ez da ezer gertatzen, ez da inor mugitzen. Eurentarrek bakarrik dituzte gogoan.
Munduko beste edozein herritan eskandalagarria litzatekeena, buruzagi politikoak kartzelaratzea, egunkariak ixtea… arrunt bilakatu du gurean eta etsipen hori barneraturik egiten dugu eguneroko bizitza. Nor oroitzen da Arnaldo Otegiz? Nor zen hori?
Ez nuke pentsatu ere nahi, zer gertatuko litzatekeen Irlanda batean Gerry Adams preso hartuko balute. Hemen ezer ere ez, ordea, betiko lau katuen gauza dirudi kontu honek, nahiz eta denok dakigun guztioi dagokiguna dela hori. Baina horrexetara gaude jarrita, betikoan betikotuta. Nekatuta.
Gure albistegietan entzungo dugu behin eta berriz PKK mugimendu kurduari  edo Hezbulah talde politikoari terrorista deitzen zaiela, eta, tak!, Ben Ladenen gaizkileen zaku berean sartzen ditugu guztiak batean, ñabardurarik gabetan . Egunkari sonatu batek halakotzat hartu du Che Guevara bera ere berrikitan…. Sistemaren aurka mugitzen den oro da hemen gaizkile, Bushen begietatik, eta geureetatik ere bai dagoeneko. Alferrik izango da oroitaraztea, frantziar erresistenteak, borrokalari juduak eta beste hainbat eta hainbat, terroristak izan zirela agintari baino lehen, azken finean, gaizkilea nor den eta nor ez, denborak eta historiaren nondikakoak bakarrik argi dezakeela.
Agian, gainean dugun harlauza hau gaur eta hemen pitza dezakeen gauza bakarra, kalera atera gaitzakeen gertaera soila, Lehendakaria preso ikustea izango da. Esku loturik, irain eta bultzada artean, beste edozein atxilotu bezala, furgoneta batean sartzen dutela ikusten dugunean. Martxa honetan, etorriko da eguna.

Hasier Etxeberria. 071027 El Mundo.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)