“El Pico de Loro” de Loretopeko

“El Pico de Loro” de Loretopeko

“El Pico de Loro” de Loretopeko
Pico de Loro e Isla Santa Clara en Donostia-San Sebastián. Gipuzkoa

 

Euskaldunoi betidanik erakutsi izan zaigu euskarak ezin duela munduan gertatzen den guztia behar bezala adierazi, ez behar bezain zehatz eta ez behar bezain trinko, gure hizkuntzak inolaz ere ez baititu bere baitan inguruko hizkuntza nagusiek berezko dituzten adierazmena, ahalmena eta gaitasuna.

Egiazko Jainkoak hala nahi izanik, euskarak txikikeriatarako baino ez du balio.

Eta, jakina, euskaldunok hain sinesmen hertsikoak eta finak garenez, borondate dibino hori arras barneratuta jokatzen dugu gero edozein gauzari ekitean.

Euskaldunok, adibidez, beti egin izan ditugu liburuen itzulpenak gaztelaniazkoak baino askoz laburrago, orrialde gutxiago eta espazio zuri gehiagorekin.

Euskararen trinkotasun-ahalmenagatik zela uste zuten gure itzultzaile erromantiko haiek, baina, antza denez, gure mintzairaren ahuleziari leporatu behar zaio hori.

Euskaraz ezer gutxi dakiten jakitun asko jakinek egiaztatua duten bezala, euskaraz ezin da ezer ere eskaini erdal hizkuntzetan ematen den zehaztapen eta kontzisio mailarekin.

Ezta albiste ñimiño bat ere.

Eta EITBk ez du une bat ere galdu teoria sakon hori, zalantzan jarri gabe, praktikara eramateko.

Hona martxoaren bian (gaur, alegia) gaztelaniaz eskaini digun albistea:

“Rescate en Donostia-San Sebastián
Un mujer de 33 años ha sido rescatada esta madrugada en San Sebastián por efectivos de los bomberos y agentes de la Ertzaintza al verse sorprendida por el oleaje en la zona del Pico de Loro, entre las playas de la Zurriola y La Concha”.

Euskaraz, berriz, ezinezkoa zen hori guztia behar bezala adieraztea, eta horrela laburtu dute albistea:

“Erreskatea, Donostian

33 urteko emakume bat erreskatatu dute, bart, Ertzaintzak eta suhiltzaileek Donostian, Zurriola eta Kontxa artean”.

Eta hori guztia gutxitxo iruditurik edo, Zurriola eta Kontxa arteko toponimoa ere gaztelaniaz bakarrik eman dakiokeen zehaztapenarekin eskaini du EITBek: “zona del Pico de Loro”.

Jatorrian, “Loretopeko” edo “Loretopea” zeritzon toki horri, bigarren karlistaldian desagertutako Loretoko Amabirjinaren baseliza azpian baitago kokatua lekua. Baina, jakina, gaztelaniaz askoz ere zehatzago eta esanahi sakonagoz adierazten da dena.

Eta Euskal Irrati TelebBistak omen den EITBk ondo baino hobeto ikasi du hori guztia, nahiz ez den ez bakarra ez lehena izan ikasgai sakon horiek ikasten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta auskalo zenbat udalerri euskaldun poto-petoek babesten duten IKUSTEKAn ere argi dute zeri buruz doan auzia. Honako albiste honen buruan jarri den argazkia lekuko.

Honela dio laguntzen dion informazioak:

“Pico de Loro e Isla de Santa Clara en Donostia-San Sebastian”.

Dirudienez, gainera, berdin-berdin esaten da esaldi hori euskaraz zein gaztelaniaz, ez baita inolako aldaketarik euskarazko orritik erdarazkora:

http://ikusteka.baskimagen.com/id/17870

http://eu.ikusteka.baskimagen.com/id/17870

Bide onetik goaz! Aleluia!

(F.K.)

“El Pico de Loro” de Loretopeko

2 pentsamendu ““El Pico de Loro” de Loretopeko”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2014-03-03 09:33

    Barkatu, baina Loretopea delako hori ez dago Kontxaren eta Zurriolaren artean, Kontxaren eta Ondarretaren artean baizik.

  • zuk aipatzen dituzun babes horiek beste garai batekoak izango dira, logoengatik diot

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude