Ekologikoa? Bai, mesedez

Hogei ekoizle ekologikotik gora bildu ziren atzo Zerainen Biolurrek antolatutako azoka ekologikoan. Naturarekiko harremana beste modu batera ulertzen duten nekazari  eta abeltzainek, beren produktuak eskaini zizkieten hara gerturatutakoei. Baina, zer da nekazaritza edo abeltzaintza ekologikoa? Zer desberdintasun dago ekologiko eta ez ekologikoaren artean?

Lurra errespetatzen duen nekazaritza

“Nekazaritza ekologikoak naturaren berezko zikloa errespetatzen du eta lurra eta ingurumena zaintzen ditu. Ez dugu kimikorik erabiltzen, ongarri guztiak naturalak dira. Ez dugu lurra goldatzen, lurretan errotazioa egiten dugu eta partzeletako landareak aldatu egiten ditugu sasoia amaitzean. Horrez gain, ez dugu lugorririk uzten”.

Nerea Arrizabalagak baratza ekologikoa lantzen du Itziarko Doniene Berri baserrian. “Duela hiru urte hasi ginen. Lehen baratza amak eramaten zuen, baina geuk hartzean, ekoizpen ekologikoari ekin genion geure pentsatzeko erarekin bat zetorrelako. Nekazaritza tradizionalarekin alderatuz, lan gehiago ematen du, baina merkeagoa da, ez baitugu kimikoetan dirurik gastatzen”.

Txotx ekologikoa

Hernaniko Iparragirre sagardotegian ere filosofia berari eutsi diote. Betidanik sagastia modu naturalean landu duten arren, bost urte baino gehiago daramatzate Europako Batzordeko Nekazaritza Ekologiko sailak eskatzen duenaren arabera lan egiten. “Belar mozketak, ongarriak, pestizidak… Arau jakin batzuk jarraitu behar ditugu geure sagardoak kalitate ekologikoa bermatzen duen zigilua eraman dezan”.

Ez dute ongarri kimikorik erabiltzen eta izurriteen kontrako produktu guztiak naturalak dira. Gainera, jatorri ekologikoko sagarrak izateaz gain, bertakoak dira, eta hori abantaila bikoitza da, “alde batetik garraioak sortzen duen inpaktua ekiditen dugulako eta bestetik, bertako produktuak sustatzen ditugulako”.

Arto, ilar eta olo ekologikoa ardientzat

Antzuolako Pikuñeta baserriko larreetan, Joxe Ramonenen ardiak larratzen dute. Gazta ekologikoa ekoizten du, “kontsumitzaileei produktu onena” eskaini nahi dielako.

“Artoa, ilarra eta oloaz osatutako zereal nahasketa ekologiko batez elikatzen ditugu ardiak. Betidanik eman izan diegu pentsu naturala, baina hornitzaileak ezin zigun ziurtatu pentsu hori transgenikoa zenik, beraz, zigilu ekologikodunera jo genuen, zigilu horrek berme guztiak ematen dizkigulako”.

Joxe Ramonek dioenez, gazta ekologikoa eta ez ekologikoa egiteko prozesuaren artean alde gutxi dago. “Osagai berak erabiltzen ditugu, ardi esnea, gatza eta fermentoa. Baina esne hori tratu berezia jaso duten ardietatik dator”.

Ardien maneiua estentsiboa da, etxeko edo etxe inguruko larreetan izaten baitituzte; modu horretan ere, gaitz gutxiago hartzen dituzte. “Abeltzaintza modu honek lan gehixeago ematen du, animalien gainean egon behar duzulako beti, baina azkenean, merezi du”, dio.