Ekiteko prest gaude!

Ekiteko prest gaude! –

Klima aldaketa hitzetik hortzera dabil… Bonbardeo desinformatibo baten aurrean gaude, baina lurra larrialdi ekologikoaren aurrean dagoenik ezin uka daiteke. Baserritarrok larrialdi hori ikusi eta pairatzen dugu: bero boladak, muturreko euriteak, izurriak… Ezin gara besoak gurutzatuta etor litekeenari begira gelditu, eta gure esku dagoena egiteko prest gaude.

Ekiteko prest gaude!Sistema kapitalistak inposatu duen energia ekoizpen, garraio, industria, nekazaritza eta abeltzaintza eredua eta honekin batera ondasun, zerbitzu, zein kontsumo kultura erak dira fenomeno honen sortzaileak. Eredu honek irauteko etengabe gero eta gehiago ekoiztea eta kontsumitzea behar du, eta denonak diren ondasunen banaketa bidegabea eta baliabideen erabateko agortzea ditu oinarri. Jendarte osoari eragiten dion arazoaren aurrean gaude eta mundu mailan eta herri mailan aurre egin behar diogu, eragile politiko, sozial, ekonomiko eta orokorrean hiritarrek ere bai.

Argi dago gizaki jarduera guztiek berotegi efektua eragiten duten gasak isurtzen dituztela, baita nekazaritzak eta abeltzaintzak ere, baina sektore hau behar bezala garatzen lagunduz gero, klima aldaketari aurre egiteko eragile izan gaitezke, esaterako Co2a xurgatzen dituzte baso eta larreak kudeatzen ditugulako. EHNEk urte asko daramatza lurrari lotutako nekazaritza eta abeltzaintza familiarra defendatzen: lurraldeari egokitutako bertako barietateak ekoizten dituena, intsumoen zentzuzko erabilera egiten duena eta besteak beste bertako arrazak estentsiboan hazten dituena.

Horregatik guztiagatik, honako hamar puntu hauetan oinarritutako lanketa egitea proposatzen diegu Euskal Herrian diharduten alderdi politiko eta politikariei:

  1. Laguntza mota guztietan lurrari lotutako baserriak babestu eta lehenetsi.
  2. Bertako arrazak eta barietateak bultzatu eta produktu fitosanitarioen erabilera murriztu.
  3. Inguruak jasan ezin dituen esplotazioen garapenari mugak jarri.
  4. Lurraren erabilera erraztu, lurraren espekulazioarekin bukatzeko politikekin.
  5. Gure lanaren ondorioz sortutako lehengaiak ekoizteko eraldatzeko eta hauek zuzenean komertzializatu ahal izateko legeak malgutu.
  6. Jendartea kontsumo arduratsuarekin kontzientziatu.
  7. Gure inguruari egokitutako abeltzaintza estentsiboa babesteko, baliabide, azpiegitura, ordenantzak… garatu.
  8. Baserritarrei gutxieneko prezioak ziurtatu, elika katean zehar (ekoizpena, transformazioa, banaketa).
  9. Baserrien isuri eta hondakinak kudeatzeko baliabide eta bitartekoak ezartzen lagundu.
  10. Baserriei baliabide energetiko garbiak ezartzen lagundu eta bitartekoak jarri.

Ekiteko prest gaude!

Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna