EiTBri uko folio bitan

EiTBri uko folio bitan –

EH Bilduko Jasone Agirrek Berria egunkarian.

Sekula ere ez dut ahaztuko euskaraz ikusi nuen lehen filma. ETB-n izan zen, eta 1983. urtea izango zen seguruenez, emititzen hasi berria zen eta Euskal Telebista. Gogoratzen dut deigarriena egin zitzaidana izan zela mutiko beltz bat, filmeko protagonista, euskaraz entzutea, sasoi hartan Euskal Herrian arraza beltzeko oso jende gutxi bizi zelako. Baina gogoan daukat ere orduan lehen aldiz sentitu nuela euskarak etxeko txokotik, edota eskolatik haratago, entretenitzeko ere balio zuela, eta telebista bezalako medio batean erabiltzeko estatus nahikoa zeukala. Euskara bazela zer, gu baginela nor. Prestigioa, beste berba batzuetan. Gainera, orduan hasi ginen Euskal Herriko bazter ezberdinetako kontuak ezagutzen, geure burua bertan ikusten, elkarren berri izaten. Izan ere, horretarako sortu zen Euskal Telebista: geure hizkuntza, gure kultura, gure herri nortasuna indartzeko. Hori zen, behintzat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Legebiltzarrak emana zion mandatua.

Egun hartan amestu ere ezin izango nuen egin handik urte gutxira bertan lan egingo nuenik, eta oso pozik gainera. Asko zor diot ETBri. Eta asko maite dut. Ni neu naizena ezin izango nintzateke izan bertan egin ditudan urte guztiak aintzakotzat hartu barik. Eta herri hau ere, ausartuko nintzateke esaten, ez litzateke gaur egun den bezalakoa izango ETB sortu izan ez balitz.

Jakina, ez da lan erraza izan ETBrena. Ni neu, esaterako, albistegietan egin izan den lanaren lekukoa izan naiz; ikusi dut zelan sortzen den berezko hizkuntza bat, estilo bat, egiteko modu bat. Eta berdin beste arlo askotan, lan handia eginez, langile eta arduradun askoren indarrarekin, aurrera egin du Euskal Irrati Telebistak, sasoi berrietara moldatuz, eraldatuz, egokituz… harik eta ikus-entzunezkoen mundua irauli den arte.

Ehunka telebista kate agertu ziren lehenengo, gero Internetek milaka edukitarako atea zabaldu, eta ikus-entzunezkoak kontsumitzeko era aldatu egin da. Albistegiek lehen zeukaten esklusibotasuna galdu dute eta orain beste hainbat informazio iturrirekin lehiatu behar dira. Audientziek behera egin dute eta, ondorioz, publizitatetik zetozen irabaziak murriztu dira. Lana digitalizatu egin da eta lehengo antolaketak ez du balio. Gobernantza modu batzuk ere zaharkituta geratu dira. Euskara bihurtu da EiTBk lehiarako duen elementu bereizgarri bakarra.

EiTBri uko folio bitan

Horregatik guztiagatik, EAEko Legebiltzarrak EiTB modu integralean erreformatzeko proposamena egingo zuen ponentzia sortu zuen 2017ko otsailean, eta bertan aritu naiz lanean EH Bilduren izenean, gainontzeko alderdien ordezkariekin batera. Ponentzia izaera duenez, ateak itxita egiten da lana, konfiantza eremuan irabaziz, baina gardentasunean galduz.

Gogor ekin genion lanari. Prozesu parte-hartzailea izan zedin ahalegin handia egin genuen gure aldetik, azkenean izan ez bazen ere guk geuk beharrezkotzat ikusten genuen neurrikoa.

Hala ere, 1.000 lagunetik gora hartu zuten parte EHUk eta Euskalitek eginiko barne eta kanpo inkesta eta focus group-etan, eta 900 lagunek erantzun zuten soziometroak iazko urtarrilean hedabideen inguruan egin zuen inkesta.

Horrez gain, 20 aditutik gora pasa dira EiTBren ponentziatik erreformarako euren proposamenak eta neurriak aurkezteko.

Hiru urteko lanean ehunka ordu eta milaka folio…

Hori informazio hori guztia, iritzi guztiak batuta, eta aurreikusitako epeak gaindituta, azken fasera pasatu ginen, ondorioen lanketara. Lan hori ponentziako presidenteari dagokio, EAJrena da presidentzia, eta beraz, bere eskuetan utzi genuen irizpena, ondorio nagusiak idaztea.

Iazko abenduaren 10ean jaso genuen txostena. Hamar ondorio. Folio bi. Kantitatea, hala ere, gutxienekoa da. Lerro bakar batek iraultza bat eragin lezake. Zoritxarrez, ez da txosten honen kasua. Zur eta lur geratu ginen lehenengo; berriro irakurri ostean, haserre.

Haserre errespetu falta bat delako Legebiltzarrari, herritarrei, ponentzian parte hartu eta hainbat neurri proposatu dituzten adituei, ikus-entzunezko sektoreari, EiTBko langileei… inteligentziari berba bakarrean esatekotan.

Folio bi, hamar ondorio, baina bakar bat ere aldaketa ekarriko lukeenik. Zantzurik ere ez. Ideia berririk ez, eta ausardia… zer esanik ez. Betikoa betikotzeko ondorioak dira, antzuak, EiTBk hain beharrezkoa duen eraldaketarako balio ez dutenak.

Ez dugu uste utzikeriagatik izan denik. Okerragoa da. Irizpen horrek erakusten du EAJk ez duela ezer aldatzeko asmorik, EiTB dagoen bezala utzi nahi duela sasoi berrietara egokitzea baino, Europako beste herrialdeetan egin duten bezala.

Konformismoa eskaini digute berriro ere, baina gu ezin gara konformatu, EH Bildun ez behintzat, uste dugulako arriskuak hartuko dituen komunikabide publiko bat merezi dugula, kalitatezkoa, beti hobetzeko prest egongo dena, ilusioz. Horregatik ponentzian jasotako guztiarekin EiTBren eredu berri baterako gure proposamena landu dugu, neurri zehatzekin. Posiblea delako, baina batez ere beharrezkoa delako herritar guztiak harro sentiaraziko gaituen komunikabide publiko bat. Amaitu da beti hausnarrean ibiltzeko sasoia, ekinean hastekoa heldu da.

EiTBri uko folio bitan

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude