EiTBko txoria, kaio

Bada, zer nahi duzue esatea, Roberto Montalvillo Informatiboetako Zuzendariak eta lagunek diotenak bost axola didala dezente argi dago. Susmo eta arakatze doi batetik sortutako Xigor Gezalaren albisteak, eta honek ekarritako haserre orokorrak, erantzun autokritikoago bat merezi zuen baina. Herria ez baita inozo, nahiz eta, batzuk inozotzat hartu. EiTBn agintzen dutenen partetik autokritikarik ez dugu aditu sekula sekulorum, eta halaxe irtengo dira despatxoetatik. Despatxatuta. Banoa Euskal Irrati Telebistak argitaratu oharrari erantzutera:
  • Parte-hartzaileak Bildarte enpresak aukeratu ditu, Euskal Telebistak lan hau modu independentean egiteko kontratatutako enpresak, alegia.

Bai Bildarte enpresak aukeratu ditu parte-hartzaileak. Baina ZuZeu bertan jakinarazi dutenez, korrika eta presaka eskatu zitzaien lana egiteko eta haiek ez daude horrelakoak egitera ohituta. Gainera, hain denbora gutxian ezinezkoa omen da 30 pertsonako lagin on bat egitea. Haiek hala esan ez bazuten ere: txapuza bat izan zela prozedimendua.

  • Aukeraketaren helburua euskal gizartea eta bere aniztasuna ordezkatzen duen lagina lortzea da
Bai “helburua” zen. Baina emaitza ez dator helburuarekin bat. Arakatzen, eta jendeak emandako informazioaz, jakin dugu gutxienez PPko 3 militante eta PSE-EEko militante bat zeudela platoan Basagoitiri galdezka. Eta aldiz, ez dugu bestelako militanterik topatu. Aniztasuna ordezkatzen duen lagina ote da hau?
  • “Euskadi Pregunta”-ko parte hartzaileen artean alderdi politikoetako kideak egotea gizartean alderdi politikoetako kideak egotea bezain arrunta da.
Hasteko %10a (gutxienez) PPko militantea izatea, hain zuzen, Basagoitiren saioan…. Bada, zer nahi duzue esatea, normala ez da. Eta bestetik ikuslegoari militantzia ezkutatzea! Hori are onartezinagoa da. Ez dago modurik hau defendatzeko.
  • Denetariko galdera sortak, partaideen aniztasunak eta audientziaren harrera onak sinesgarritasuna ematen diote saioari. Saioaren helburu nagusi eta bakarra hautagaiak euskal herritarrei modu zuzen batean hurbiltzea da.

Galdera sortaren kalitateaz ez dugu hitz egingo. Baloratu nahi duenak (eta negar/parre pixkat egin) ikusi dezala berriz programa. Audientziaren harrera onak noiztik ematen du sinesgarritasuna? Barkatu? Zer programa dira, egun, Espainiar Estatuan audientzia gehien dutenak? (Salvame, Mujeres y Hombres…)

Hurrengoan erantzun bat prestatzen baduzue, mesedez, errespetu gehiago izan eta ez gaitzazue inozotzat hartu. Eskerrik asko.

 

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude