EHEk Kutxabanken hizkuntza politika salatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Kutxabankeko arduradunek entzungor egin ondoren, aurreko ostiralean egin zuten agerraldia. Kutxabankek hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu eta hori ekiditeko neurri har ditzan eskatu zieten. Hasteko, bete dezatela legea. Bihar Osoko Bilkuran eztabaidatuko dute gaia.
Iragan ostiralean agerraldia egin zuten EHEko Xabat Labordek eta Nestor Estebanek Gipuzkoako Batzar Nagusietako Euskararen Normalizaziorako eta Erabilerarako Politiken Batzordean. Batzar Nagusietako EH Bilduko taldearen gonbidapena medio, Kutxabanken egun indarrean den hizkuntza politikaren inguruan EHEk egiten duen irakurketa agertu zuten euskaltzaleek. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kutxen bategitea eman zenetik hona herritar euskaldun eta euskaltzale askok agertutako kezkak, kexak eta zalantzak plazaratu zituzten. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik Kutxabankek erakunde horretan jaso dituen kexak eta gisakoak azaldu zituen lehenik.
Askotariko datuak eskutan, Kutxabankek hizkuntza kudeaketaz ulertzen duena azaldu zuten euskaltzaleek. Egindako analisia ahalik eta objektiboena izateko helburuz asteak atzera Kutxabankekin, Elebiderekin eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin harremanetan jarri zirenetik lehen bien erantzunik jaso ez izana salatuz hasi zuen hitzartzea Labordek. Kutxabank zein Eusko Jaurlaritzaren Elebide zerbitzuarekin aipatu datuak kontrastatu nahi izan badituzte ere, ez dute lortu. Hizkuntza Eskubideen Behatokia eta Kutxabankeko zenbait langile izan dira, EHEk zuzenean zein prentsaren bidez jasotako testigantzekin batera, finantza erakundearen azterketa egiteko iturri.
Atzera begirakoa eginez jarraitu zuen Labordek agerraldia. Kutxabanken jabe diren Aurrezki Kutxen Hizkuntza Politiken aurrekariak aipatu zituen hastapenean: “Vital Kutxak euskara planik ez du inoiz izan. Hizkuntza politika definiturik ez da garatu eta langileei euskara ikasteko diru laguntzak ematea eta itzulpen zerbitzu bat izatea da arlo honetan aipagarria izan daitekeen bakarra. BBK-k 1997an abiatu zuten Hizkuntza Politika. ‘Bulego elebidunen sarea’ bezalako proiektuak sustatu bazituzten ere, euskarari ez zaio lehentasunik eman bestelako alorretan, eta, hori gutxi balitz, komunikazioan gaztelerari lehentasun osoa eskaini zaio”. Kutxan, berriz, gora-behera handiak egon dira. Alabaina, 2006tik 2011ra aurrera urrats garrantzitsuak ematea lortu zen. Esaterako, Kutxako bulego guztietako harrera postuetako langileak euskaldunak izatea lortu zen. Kutxan, kontrol publiko peko entitatea izanik, gizarte erantzukizuna kontuan hartzen zen eta euskarari normalizazioan aitzindaritza papera ematen zitzaion Kutxari”. Laborderen hitzetan, Kutxabanken sorreratik atzerapauso galantak eman dira eta ordutik eta gaur egunera bitartean hizkuntza kudeaketa “ez da lehentasun gisa ezarri”. Besteak beste, Kutxan aurretik emandako aurrera urratsak eta lanerako tresnen euskalduntze prozesuak “indargabetu” eta “Gipuzkoako bulegoen leihatiletan edo bezeroentzako harreretan erdaldun elebakarrak ezarri dira”.
Nestor Estebanek jarraitu zuen alderdietako ordezkariei Kutxabanken egun euskarak eta euskaldunek bizi duten errealitatearen berri ematen: “Kutxabanken hizkuntza politika hutsaren hurrengoa da egun. Ez doa printzipio deklarazio batetik eta asmo politak jasotzen dituen hitz sorta ponpoxotik harago. Kexen aurrean jarrera prebentiboa eduki ordez, erantzun erreaktibora mugatu da kasik, eskubide urraketak ekiditeko inolako neurririk hartu gabe. Ezin da onartu hasieratik Kutxabankeko bezeroen hizkuntza eskubideak bermatu ordez, hauek zapaltzea asumitu izana, ondotik iritsiko diren erreklamazio apurrei erantzunez zenbait urratze konpontzera mugatzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskararen Lege mugatuak zein zigorrik planteatzen ez duen Kontsumitzaileen Dekretuak ezartzen duena bera ere du betetzen entitateak. Mario Fernandezek esan du aste honetan, legea betetzen ez duen banku batek hiru ordu laurden iraungo lukeela. Egoera honen erantzuleak Mario Fernandez zein bera eta bere zuzendaritza taldea agintean ezarri dutenak dira”.
Aurrera begira, Kutxabank, momentuz behintzat kontrol publiko peko erakundea izanik, “Hizkuntza Politika aktibo bat garatzera, euskararen normalizazioan protagonistetako bat izatera eta herritarren eskubideen bermatzaile papera jokatzera” bideratu beharko litzatekeela esan zuen Estebanek: “horretarako afera honetan jarrera proaktiboa izan behar du bai ala bai; lidergoa hartzea dagokio”. Horrekin batera hizkuntza kudeaketak zerbitzuaren kalitatearekin eta erabiltzaileen eskubideen bermearekin duen lotura zuzena ekarri du gogora.
Kutxabanken hizkuntza politika serio, sinesgarri eta eraginkor batean “falta ezin diren” elementuen hutsuneak aipatu zituzten EHEko kideek. Hala nola, “intentzio deklarazio hori errealitate gauzatu edo gauzagarri bihurtuko lukeen ekintza planaren osagarri bilduma” falta dela adierazi zuten EHEko kideek. Horien eraginkortasuna, garapena eta ezartze zein betetze maila ebaluatzeko “epeak eta tresnak” eta norabide horretan urratsak ematea bermatzeko “zehaztapenak, baldintzak eta baliabide ekonomiko, funtzional zein humanoak definitzea” ere galdegin zuten, beste askoren artean.
Ondorio gisa, borondatea egon ezkero gauzak beste modu batera egin daitezkeela ohartarazi zuen Nestor Estebanek: “Kutxabankek ez du legea bera ere betetzen. Kutxabankekin ditugun harremanetan ere euskaraz bizi nahi dugu, eta eskubide hori bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala galdegiten diogu, Jaurlaritzako HPSko Patxi Xabier Baztarrikak Poziktibity egitasmoaren aurkezpenean asteon esan berri duen bezala, aurrean dugunaren hizkuntza aukera errespetatuz, pertsona bezala ere errespetatzeko”.
Batzordeko ordezkari politikoei, EHEk mahai gaineratutako norabidean doazen erabakiak hartu eta sustatu ditzazuen eskatu zieten, “guztion artean, era eraikitzailean, Kutxabank euskaraz bizi dezagun”.