EHEk ilusio eta egitasmoz gainezka ekin dio ikasturte berriari

Nazio Batzarra egin zuten larunbatean, Lakuntzan. Euskara erdigunean kokatzeko apustua egin du eragile euskaltzaleak.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 2014-2015 lan urterako egitasmo eta lan ildo nagusiak jasotzen dituen Nazio Plangintza eztabaidatu eta onartu ditu Lakuntzan (Nafarroa Garaia) egin duen Nazio Batzarrean. Euskal Herriko dozenaka auzo eta herritatik bertaratu diren EHEko talde ezberdinetako ordezkariak izan dira gaurkoan protagonista. Plangintza onartzearekin batera, EHEren mezua momentu politikoari uneoro egokitzen joateko norabide ideologikoan egin beharreko moldaketak eztabaidatu eta onartu dituzte.

EHEk ilusio eta egitasmoz gainezka ekin dio ikasturte berriariHelburu orokorren artean kokatu dituzte, era berean, euskaraz bizitzeko hautua indartzea, norbanakoen kontzientzia hartzean eta aktibazioan eragitea, euskarari maila eta eremu ezberdinetan lehentasuna emateko eragitea, iruzurrei eta erasoei aurre egitea, hizkuntza politika burujabearen aldeko mezua zabaltzea eta hizkuntza eskubideen defentsan irmo mantentzea.

Horiek lortzeko, asko eta askotariko iniziatiba ezberdinen artean, bi inflexio puntu proposatu ditu EHEren Nazio Batzarrak: bata azaroaren 4rako, EHEk 35 urte beteko dituen egunerako. Euskararen normalizazioaren geroaz hausnartzeko mahai-ingurua mamitsua egingo du EHEk. Bestea heldu den apirilaren 18rako; orduan izango baita aurtengo Euskaraz Bizi Eguna. Aurrerago esango dugu non izango den.

Osasungintza, Justizia administrazioa, euskarazko  hedabideak eta beste hainbat eremu jorratzen dituzten ekimenak eta dinamikak elikatuko ditu EHEk datorren lan-urtean. Alta, Euskal hiztun komunitateari dagokion gai ororen gainean eta adi egongo den arren, aurton jorratu beharreko hiru ildo nagusi lehenetsi ditu EHEko kidegoak; guztiak, dinamika konkretu eta ildo orokor guztien txapela den Euskaraz Bizi dinamikaren baitan:

Norbanakoen aktibazioa:    EHEk garrantzia berezia ematen dio euskaldunok euskararen normalizazioan jokatu behar dugun paperari. Euskaldunak euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eraman nahi ditugu. Herri euskalduna, euskal hiztun komunitatea aktibo egon dadin ezinbestekoa da aldaketa sozial, politiko zein juridikoak eragingo dituen sarea osatzea, eta, euskaltzaleak aktibatuz baino ezin da lortu hori. Euskaldunok gara, oro har, euskaldun izatearen harrotasunetik eta euskaraz bizitzeko eta espaloitik ez jaisteko hautua egitetik bide horretan urratsak emango ditugunak. Autodeterminazio ariketa indibiduala eginez, norberak euskaraz bizitzeko egiten duen haututik hasten da aldaketa, norbere inguru hurbilean eredugarri jokatuz hedatzen joango dena eta masa kritiko nahikoa osatu ostean aldaketa politikoak eragingo dituena. Eta, aldaketa politiko horietatik etorriko dira euskara dagokion lekura eramango duten neurriak hartzea; aldaketa juridikoak ematea alegia.

“Udalak eta biok euskaraz” / “Herriko etxeak eta biok euskaraz”: Iaz abiatu genuen dinamikak urrats berriak egingo ditu aurten. Dinamikaren oinarria sinplea bezain zuzena da: euskararen herrian bizi gara, euskaraz bizitzeko borondatea eta eskubidea ditugu eta herritarrongandik hurbilen dauden administrazioei eskari indibidualak aurkezten dizkiegu udalaren / herriko etxearen eta norberaren arteko harreman oro euskaraz izan dadin.

Ehunka eta ehunka eskari jaso eta bideratu ditugu dagoeneko. Aurten bide horretan urrats gehiago emango ditugu. Halere, ildo honek beste erpin bat dauka: hizkuntza politika eragingarri eta eredugarriak indarrean jartzen dituzten udalak / herriko etxeak babestea eta horiek edo gisakoak onartzeagatik salaketak eta abar jasotzen dituztenei sostengua adieraztea. Izan ere, Lapurdin, Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 70 udal eta erakundek baino gehiagok jaso dituzte iaz helegite eta salaketak hizkuntza irizpideak ezartzeagatik.

“Guk eskola euskalduna!”: Euskal Herrian Euskarazek argi dauka euskaraz biziko den herria eraikitzeko ezinbestekoa dena ikasle euskaldun  eleanitzak euskal curriculumaren baitan heziko dituen hezkuntza eredua. EHEk bakarrik ez. Izan ere, Wert eta Peillon Espainiako eta Frantziako Hezkuntza Ministroek iaz aitzinatu zituzten hezkuntza erreformek arestian aipatutakoa ekiditea dute helburu. Eta, bide batez, euren nazio identitatea eta gazteleraren eta frantsesaren hegemonien betikotzea bermatzea. Wert eta Peillon legeei aurre egiteak, alta, ez du esan nahi egungo hezkuntza ereduak babesten ditugunik. Areago, euskararen ezagutza bermatu gabe indarrean jarri diren HELLO, PAI eta bestelako hiru eleko ereduak salatzen jarraituko dugu; Seaskaren aurkako erasoak, ikasleek baxoa euskaraz pasatzeko, unibertsitateko edo lanbide heziketako ikasketak euskaraz egiteko eragozpenak eta gisakoak salatzea eta alternatibak proposatzea ahaztu gabe.

Hau guzti hau, arestian aipatu bezala, bere 35. urtemugaren testuinguru berezian eramango du aurrera EHEk. Lan-urte arras berezia izango da aurtengoa, hortaz; kanpora begira egin behar ugari ekarriko dizkiguna. EHEk etorkizunera begira jarri nahi du, baina horretarako lehenik atzera eta barrura begiratzea erabaki du Nazio Batzarrak, eta antolakuntza ereduari buruzko hausnarketa abiatuko du aurrerantzean.Batzarreko partaideen aurpegietan ikusten den modura EHEko kideon perfila gaztea da, eta ilusio, grina eta kemen hori guzti hori etorkizuneko euskararen herri mugimendua eraginkorrago egiteko baliatu nahi dugu.

Azkenik, momentu politiko eta garai berriek Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidean duten garrantzia azpimarratu da batzarrean. Eta, alderantziz baina norabide berean, euskaraz bizi nahi duen  herriak konponbidearen baitan jokatu beharreko paperaren garrantzia azpimarratu da.

Zentzu horretan, euskara politikatik atera behar dela diotenen aurrean euskarak politikak behar dituela dio EHEk. Euskarak diskurtso politikoen erdigunean, konponbide politikoen (herritarren eskubideekiko justuak izango badira) erdi-erdian egon behar duela uste du EHEk. Baina, noski, ez gatazkak areagotu eta liskarrak sortzeko; gatazken konponbidean ekarpenak egiteko eta egiazko elkarbizitza justu baten zutabea izateko baizik. Ildo berean, erabakitze eskubidearen inguruko hausnarketa gehitu dio EHEk Nazio Plangintzari. Izan ere, inoren zain egon gabe, egunez egun eta euskaldunon ekinez gauzatu baitezakegu euskaraz bizitzeko hautua, autodeterminazio eta erabakitze eskubide ariketa indibidual bezain beharrezkoa eginez. Areago, euskaltzale konprometituok berau gauzatzeko ardura zein erantzukizuna dugu, euskaraz bizitzea gure esku dagoela eta gaurdanik posible dela adierazteko, eredu izanda.

Euskal Herrian Euskaraz

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude