EHB eta aurrekontuak

EHB eta aurrekontuak –

Azken egunotan hizpidea izan da EHB eta Espainiako aurrekontuena. Gaia orain lehertu da, baina atzetik dator. Asunto honen inguruan agertu diren interpretazio batzuk dira nire harridura sortu dutenak. Azterketa hauetako batzuk interesatuak izan daitezke, bai, eta beste batzuk, aldiz, ez dakit ezjakintasun hutsaren ondorio diren edo zer. Ea.

EHB eta aurrekontuak

“EHB EAJ ordezkatzen (saiatzen) ari da jeltzaleek historikoki jokatu duten funtzio batean, EAErentzako facilitador edo conseguidor rol horretan, alegia”. Madrilera joan eta une horretantxe gobernuan egon daitekeen alderdiari babesa eman, eskumen edo diru gehiago ekartzearen truke. Nire ustez, kale. Ez da hori EHBren praktika gidatzen duen logika. Izan ere, EHBren jarrera partehartzaileagoaren truke oso gutxi izan da orain arte ekarritakoa. EHBren logika politikoa eta EAJrena ez dira berdinak.

Berriki irakurri nuen artikulu baten izenburua honako zerbait zen: “Arnaldo Otegi ikusi, eta gero eta Mario Onaindiaren antz handiagoa hartzen diot”. Egilea oso gaztea ez zenez ez dakit zer pentsatu. Asmo txarrez eginiko komentarioa, memoria ahuldu eta ez du gogoratzen Onandia nor zen, edota Arnaldo Otegiri buruz deus ere ez daki. Iradoki nahi bada EHB espainolizatzen ari dela, sentitzen dut, baina ez du deus ere ulertzen.

Nire ustez ez da zaila sekuentzia moduko bat antzematea, taktika eta estrategia politikoak uztartzen dituena. Erreferentzia bat behar badugu, Gora Gasteiz, 2015ekoa. Ardatz nagusi bat: goazen egoera orokorrean baldintza estrategiko berriak sortzera. Helburu orokor bat: eskuin espainola, agur betirako. Botere instituzionalik gabe ez dira ezer, eta euren egitasmoa zabaltzeko ezintasun gorrian naufragatuko dira. Horrela aritu izan gara –nabarmenki Araban-, eta emaitzak txukunak izan dira. Nafarroa Garaian berdin jokatu du EHBk eta, nire ustez, emaitzak hemen ere txukunak. Aldaketa posiblea bada, aldaketa. Eta aldaketa txikia bada alternatiba egingarri bakarra, bada horixe. Edozein kasutan, Nafarroarentzat egitasmo bakarra –espainola- duten horiek, bazterrera.

Zer dago, Madrilen, jokoan? Azken urteotan maiz errepikatu dugu: independentziarako bide demokratikorik ez dagoenez, goazen independentziaren bidez demokrazia lortzera. Galdera da: Podemos-PSOE gobernu honek ez al ditu aukerak ematen, agian lehenbiziko aldiz azken 40 urteotan, Espainiako panorama politikoa zertxobait aldatzeko? Bada, nik horrela interpretatzen dut EHBren estrategiaren egokitzea. Eta, ondorioz, taktika politikoa horretara lerratzen da: PP, VOX eta Ciudadanos estoldetara. Horrela egiteko kontraesan batzuk zamalkatu behar badira ere. Egoeraren berria zertan datza? Honatx puzzlea osatzeko pieza batzuk. PSOE-Podemos gobernuaren izaera. Are, gaurko PSOEren soslai berria (Adriana Lastraren definizioa, borobila eta gupidagabea: “Agur, Guerra eta enparauak, orain gure txanda da”). Eskuinaren jarrera erasokorraren aurrean PSOEk duen maniobra-tarte laburra. Eta eskuinari biderik ez emateko kontzientzia moduko zerbait. Dena zertxobait koiunturala, bai, baina koiunturak probesten jakitea da taktika politikoen gakoa. Eta agian aipaturikoak ez dira horren koiunturalak. Agian trantsizioko lehenengo hamarkadetan izan zen PSOE hura agortua dago eta belaunaldi berrikoak diren horiekin aldaketa batzuk saia daitezke.

Arriskuak hartzen ditu Ezker Abertzale Berriak, bai, esate baterako berez ahul dagoen estrategia independentistarako bitarteko berriak ez sortuz, baina Madrilen egiten ari den interbentzio berria ez da, inolaz ere, borrokarako markoaren aldaketaren sinonimo.

Eta, gero, bada kontu bat. Beti esan dugu ezberdindu behar dela zer den garrantzitsua eta zer premiazkoa. Maiz, ordea, premiazkoa dena garrantzitsua eskuratzeko oztopo edo galga izan daiteke. Kasu batzuetan, gainera, premiazkoa den hori konpontzeak benetan erakusten du mugimendu politiko baten sinesgarritasuna, maila.

Eta, alor horretan, badirudi Ezker Abertzalearen jarduera instituzionala ederki dagoela helburu horri fokatua. Eraginkor, bikain. Bikain.

EHB eta aurrekontuak
EHB eta aurrekontuak

8 pentsamendu “EHB eta aurrekontuak”-ri buruz

  • Astra Oxford 2020-11-25 10:37

    Noiz jarriko duzue aharrausiaren emojia honelako artikuluek eragiten diguten emozioa adierazi ahal izateko?

  • Beti azalpen bat dago, eta Txemak eman dizue. Oso ondo hasi da: ezjakinak zarete. Ezjakinak ez bazarete, ulertzeko gauzaezak. Eta gauzaezak ez bazarete, orduan fede txarrez ari zarete.

    Egia hor dago, argitsu eta borobila, plaza erdian. Ez dozue ikusten??

    Eskerrik asko Txema. Zu bezalakoak ezinbestekoak zarete!!

  • Zuhaitz Ordoki 2020-11-25 11:35

    Aupa Txema:
    Lehen aldia da ezker abertzaleak estatu espainiarreko aurrekontuak babesten dituela, eta alde horretatik sortu zaizkidan zalantzak izugarriak izan dira. Bertigo handia ematen du egoerak.
    Esaldi honetan gako bat dagoela iruditzen zait: “Dena zertxobait koiunturala, bai, baina koiunturak probesten jakitea da taktika politikoen gakoa. Eta agian aipaturikoak ez dira horren koiunturalak”. Ados nago. Momentua aprobetxatu behar da. Baina bere neurrian, une honetan ultraeskuina zokoratzeagatik ezin diogulako, epe luzera, besteei (PSOE, Ahal Dugu edo Geroa Bai) gehiegizko oinarri edo babesik eman. Agian orain hori da egokiena, eta agian hemendik bizpahiru urtera beste eszenatoki bat tokatuko zaigu.
    Zure idatziko zenbait puntu argigarriak suertatu zaizkit, mila esker.

  • Egilea nor den ikusi, Txema Matanzas, eta badakizu ondoren zer datorren: zaborra. Betikolez, handikeria, harroputza, paternalista… joku zikina egiten duten Sortuko burokraten mamporrero hutsa!

  • Txema, agian,apika , beharbada, EHBk aurrera daroan politika posibilista-pragmatiko honek atzetik ideologikoki oinarri sendo,gogor eta indartsu bat baleuko, ulertuko nukeen. Baina une honetan euskal gizartea erabat lokarturik aurkitzen da (abertzaletasun independentistari dagokionez) eta halako jokaldiek ez dot uste sentimendu hori berpizten laguntzen dabenik, asimilazioa fasean sakondu gaitezen baizik. Herria errotik egiteko unea da, teilatua egiteko astia egongo da, baina zutabe barik ez dago teilatutik.

  • Benat Castorene 2020-11-26 09:06

    Kuriosa da da ikustea nola herrialde guzietan, egoera eta modu erabat desberdinetan izan arren, bainan denak berdin nazioaren arrisku larriaren aurrean izanki, partidu guziak kolaborazioaren sukarrak hartuak diren.

  • Koiunturala, koiunturala… Baina Otegik euskal errepublika lortzeko ezinbesteko urratsa dela esan du. Niri berdin dit nola justifikatu nahi duten erabakia, izango dituzte arrazoiak… Baina mesedez, hori esatea adarra jotzea da.

  • Ezker Abertzale Berria? Estatuko aurrekontuetatik bizi dena. Koiuntura probestu zertarako? Abiadura Handiko Trena bertan behera uzteko, indar okupatzaileak alde egiteko, euskarari ateak zabaltzeko Nafarroan, pentsioen murrizketak gelditzeko, independentismoa indartzeko,…? Itsututa zaudete hauteskundeen emaitzekin, euskal herriaren eta langileon egoera galbidean dagoen bitartean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude