EHBilduk “osasun arloan eragile aktibo” egin nahi ditu herritarrak

osakidetza

Horrela da, Osakidetzak berak sortutako titular bat geure eginez, saiatuko gara honako lerroetan argi azaltzen zelan jokatu beharko genukeen Osakidetzako bezero euskaldunok gure hizkuntzan ganoraz artatu gaitzaten, eta bide batez, Osakidetzaren balizko pribatizazioari aurre egiten. Izan ere, zenbat eta euskaldunagoa izan osasun zerbitzu publikoa,orduan eta zailago pribatizaziorako aukera.

Osakidetzak dituen 30 urteetan, euskara plan bakarra onartu eta garatu da. Bere emaitzen balorazioa iazko udaberrian egin zen eta guretzat porrot baten kronika disimulatua izan zen. Izan ere, ezin da bestela hartu 30 urteren ondoren, langileen laurdenak baino ez izatea egiaztaturik dagokion hizkuntz eskakizuna, ezin da bestela hartu. Eta hori, Osakidetzak gaurkoa baino sei edo zazpi aldiz txikiagoa zen erakundea hartu zuela “herentzian”. Baina jakina, ordutik aurrera erdaldun elebakarrak (edo euskaldunak ez behintzat) barra-barra kontratatu ditu eta gaur da eguna bere euskara arloko urteroko 3 milioi eurotik bi heren (edo gehiago) kontratatutako erdaldunak euskalduntzeko ematen dituena. Eta gu doako euskalduntzearen aldeko gara, jakina, baina ez gaixo euskaldunon kontura!

Aurrekoa baino ez balitz, oker ibiliko ginateke, baina EAEko osasun etxeetan argi ikus lezake euskaldunak norainoko utzikeria (mesprezua, zehatzago) ematen den, orokorrean, euskaldunekiko: euskaraz egitea baino ez dauka. Gaixorik iritsi eta ezin azaldu izatea euskaraz, ezin jaso izatea, duenaren eta egokitzen zaion sendabidearen azalpena euskaraz. Osasun publikoan euskal hiztunoi dagokigun euskarazko artapena ezin jaso izana. Osasun publikoan zerbitzu hizkuntza ia bakarra gaztelerazkoa izatea. Eta berehala konturatuko da harrerako langile bakarra sarritan erdaldun petoa dela, kafetegirako azpikontratuetan euskararik ez dela eskatu, paper triste bat gaztelania hutsez agertzean eta euskarazkoa eskatzean: “itzultzen ari direla”, agiri beraz aurreko urteetako erantzun tentel bera ematen digutela, …

Iaz, euskararen egunean (zein polita!) Osakidetzak bere bigarren euskara plana onartu zuen.

Esan dezagun (bakoitzari berea), gure aldarrikapen nagusietako batzuk jaso egin dituela: gune euskaldunak kontuan izatea, zirkuitu euskaldunak sortzea, pediatriari eta lehen arretari lehentasuna ematea, … Baina esan ditzagun gauzak diren bezala: paperak dena jaso dezake, eta gune euskaldunetan ere ez da bermatzen artapenaren %100 euskarazkoa izatea. Osasun zerbitzuaren kalitatea bermatzeko irizpide nagusietakoa baita, emango den artapena, euskaraz ere eman ahal izatea. Berezko aurrekonturik, arduradun zehatzik eta epe finkorik ez duten egitasmoak nekez beteko dira, berez-berez, gauza gutxi baitator administrazioan.

Hori dela eta, paperak dena jaso bai, baina guk, paziente euskaldunok, denetarik jasaten jarrai ez dezagun, EH Bilduk osasun arloan eragile aktibo bihurtu nahi ditu herritarrak euskara arloan. Gure eskubideak geuk, gutako bakoitzak, defendatu ezean nekez defendatuko dituelako inork. Gure lekua geuk hartu ezean, ez digulako inork emango. Eta argi dugulako herritarren presioak eman lezakeena baino emaitza hobeak izaten dituela.

Hortaz, irakurle horrek, mediku erdalduna baduzu, eska ezazu mediku euskalduna, euskalduna baduzu, eska diezaiozu zure historial klinikoa euskaraz idazteko; paziente euskaldun gisa erregistratu zaitzala berak kudeatzen duen “Osabide” programan; gure ume euskaldunentzako pediatra euskalduna exijitu; bolanteak euskaraz egiteko eskatu, odol eta gernu analisien emaitzak berdin, … Zer falta, huraxe eskatu. Herritar guztiok zerbitzu publikoetara jotzen dugunean, geure hizkuntzan artatuak izateko eskubidea gauzatzeko, eskubide hori betea izan dadila eskatu behar dugu, zer gutxiago osasun zerbitzura jotzen dugunean! Eta ez ahaztu, edozein kexa Behatokira eta Elebidera ere helaraztea, azken honen auditoria egitera behartuta daude eta. EAEz ari gara, argi dago, baina Osasunbidea ez dago hobeto, inondik ere, eta hor ere presioa egiteko deia egiten dizuegu nafar euskaldunoi, euskalgintzako hainbat eragilek Baztanen abiatu berri duten dinamikaren bidetik.

Bihur gaitezen gutako bakoitza eragile aktibo Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuetan, geuk eskatu eta hartu ezean, inork ez digu berez dagokigun tokia emango eta. Hala bedi!

EH Bilduko euskara lan taldearen izenean:

– Pili Robles Barainka.

– Josu Larrea Elorriaga.

– Garbiñe Zurutuza Fernandez.

– Mireia Arginzoniz Garitaonaindia.