Eguzkik Ibarrako herriari. 5. edukiontziari buruz.

5º edukiontzia Donosti1

Eguzkikook Hitzaren bidez izan dugu Tolosa Txukuneko eledun Patxi Amantegik Ibarrako hitzaldi batean botatakoaren berri. Zur eta lur geratu gara. Izan ere, Amantegik hauxe esan omen zuen: “Eguzkik bere web orrian 5. edukiontziaren bidez atez atekoaren emaitza berdinak lor daitezkeela onartzen du”. Hasierako harridura berehala haserre bihurtu da, Amantegik gure blogetik esaldi bat hartu eta komeni izan zaion bezala moztu baitu, gure pentsaeraren antipodetan dagoen jarrera defendatzeko, gainera. Txukundadearen alde ari omen den baten aldetik, ezin genuen joko zikinagorik espero.

Esaldi hori, 5. edukiontziaren bidez lortutako emaitzei buruz egin genuen balorazio batean agertzen da (interesa duenak ikus dezake, bideoa eta guzti, honako helbide honetan: http://eguzkidonostia.blogspot.com. Esaldiak, osorik, honela dio: “5. edukiontzia erabiltzea derrigorrezkoa balitz, ia atez atekoa bezain eragingarria izan liteke”.

Hain justu, DERRIGORREZKOA da hitz erabakigarria, PNVk eta PSEk bezala errauskailua inposatu nahi dutenek saihestu nahi dutena. Izan ere, haiei ez zaie komeni birziklatzea derrigorrezkoa izatea; birziklatzea derrigorrezkoa balitz, errauskailuak ez lukeelako inolako etorkizunik. Horren adibide garbiak dira gobernatzen dituen udalerriak… Elgoibar, Hondarribia, Aia edota Zegama. Udalerriotan 5. edukiontzia ezarrita dago; alabaina, ez derrigorrezkoa, borondatezkoa baizik. Horrela, biltzen duten zabor organiko kopurua hutsaren hurrengoa da. Hau da, itxurak egiten dituzte, birziklatu nahi balute bezala, baina ez dute pausorik egiten bilketa benetan eragingarria izan dadin. Horixe bera egiten dute errauskailuaren aldeko plataformek. Hau da, birziklatzearen alde daudela esan bai, baina birziklatzearen aldeko sistema benetan eragingarriak proposatzen direnean, haien kontra jo. Logikoa, errauskailua bazka gabe geratuko da, bestela.

Amantegik horregatik kendu du derrigorrezkoa hitza gure esalditik. Ez da kendu duen bakarra, ordea. Izan ere, IA atez atekoa BEZAIN eragingarria izan litekeela esan genuen, inoiz ez baita atez atekoa BEZAIN eragingarria izango. Ñabardura garrantzitsua, guk uste.

Amantegik ingurugiroaren alde egiten 20 urte daramatzagula esaten duenean ere ez dabil zuzen. Baina ez bakarrik 20 urte baino gehiago direlako, baizik eta saihesten duelako urte horietatik guztietatik 19etan errauskailuaren kontra aritu garela. Izan ere, beterano batek baino gehiagok gogoan izango du nola Amantegiren eta Peonen bidaideak, PNVk, alegia, 1994an Usabalen errauskailu bat eraiki nahi izan zuen. Zorionez, herri ekimenari esker, proiektu hura bertan behera geratu zen. Dioxina fabrika hura eraiki izan balute, txukun geratuko litzateke ikastola eta kiroldegiaren ondoan!

Entzun nahi duenak entzun beza, baita PNVren itzalean sortutako plataformek ere: Eguzkiren iritziz, 5. edukiontzia, borondatezkoa, hau da, gure artean ezagutzen dugun 5. edukiontziko eredu bakarra, birziklatzeari aurre egiteko barrikada gisa erabiltzen ari dira; batzuek errauskailua dutelako helburu eta beste batzuek, berriz, birziklatu gabe eroso daudelako eta horrela jarraitzen nahi dutelako.

4 pentsamendu “Eguzkik Ibarrako herriari. 5. edukiontziari buruz.”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2013-04-29 13:48

    Etengabeko joko zikinean dabiltza “txukunzale” “garbizale” batzuk…

  • Oso argazki ona.

  • Ibarran ez ezik, beste herri batzuetan ere “erabili” dute zuen esaldia, Ormaiztegin adibidez.
    Albiste hori jasotzen zuen DVko albistea fotokopiatu eta herriko hormetan itsatsi dute, ondoan “Donostian bai eta Ormaiztegin ez?” leloa itsatsita.