Eguzkia, lilura magnetikoa zeruan, Elhuyar aldizkariaren iraileko zenbakian

Eguzkia magnetikoa da, baita zientziaren ikuspuntutik ere. Magnetismoak agintzen du haren jardueran eta espazioratzen duen guztian. Magnetismoak Eguzkian duen eragina erabatekoa da. Halaber, Eguzkiak duen misteriorik handiena hau da: nola berotzen eta azeleratzen duen magnetismoak Lurrera iristen den eguzki-haizea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren iraileko zenbakian gai nagusia eskaini diogu Eguzkiaren eremu magnetikoari. Hori dela eta, dozena eta erdi orritan zeharreko bidaia proposatzen dizuegu. Ikusten den baina egon ez dagoen gainazala, 11 urteko zikloa, orbanak eta tornadoak, imajinatu ezineko tenperatura hartzen duten partikulak, eguzki-haizea eta espazioko eguraldia; Eguzkiaren eremu magnetikoaren mendeko fenomenoak dira denak, astronomoek neurri bateraino ulertzen dituztenak baina erantzuteke dauden galdera askotarako ematen dutenak oraindik.

Gai nagusia Eguzkiaren eremu magnetikoa izanagatik, erreportaje hauek ere aurkituko dituzu Elhuyar aldizkariaren iraileko zenbakian: Smart drugs, garunaren pizgarriak. Berez, merkatuan ez dago pertsona osasuntsuetan garunaren jarduera hobetzeko substantziarik. Hortaz, tratamenduetan erabiltzen diren botikak hartzen dituzte batzuek helburu horrekin. EguzkiaErabilera eztabaidagarria da zenbaitentzat, baina, bestalde, ikertzaileak halako substantzien bila dabiltza; Analisia: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana, 2015: herrialde batek etorkizunaren alde egindako apustua, Igor Campillo, EHUko Euskampus proiektuaren zuzendariaren eskutik; John Herschel, aitaren lekukoa hartuta. John Herschelek aitaren bideari jarraitzea erabaki zuen, eta aitak Ipar hemisferioko zerua aztertu zuen bezala, berak Hego hemisferioa aztertuko zuen, Hego Afrikatik. Argazkigintzaren garapenerako funtsezkoak izan ziren hainbat esperimentu eta aurkikuntza ere egin zituen; Adamen zein hezur erabili zuen Jainkoak Eva egiteko? Septuaginta izeneko Bibliaren ospe eta hedadura handiak betiko utzi zuen finkatuta saihets hitza Biblia kristauetan. Evaren sorrera Adamen gorputz-atalen batekin logikoki lotu behar izango bagenu, inori bururatuko ote zitzaion saihets-hezur batekin egitea lotura? Gai hori oinarri hartuta, EHUko irakasle Jesus Mari Txurrukak beste hipotesi bat garatu du, eta hari buruz arituko da gai librean; azkenik, Elhuyarren hizkuntza-teknologiak: bilaketa eleaniztunak. Elezkari bilatzaile eleaniztuna eta Dokusare dokumentu-erlazionatzaile eleaniztuna Elhuyar Fundazioko hizkuntza-teknologien I+G sailak garatutako teknologiak dira. Urteetan teknologia horietan ikertzen aritu ondoren, gaur egun Zientzia.net webgunean ezarrita daude.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.

Eguzkia

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.