Egungo egoera politikoa

Egungo egoera politikoa –

Kataluniako preso politikoen sententzia ezagutu ondotik, Espainiako presidenteak egindako adierazpenen eta Torra presidenteari egindako muzinen argitan, garbi ikusten da Podemos-ekin konpondu ezinaren atzean zer zegoen batez ere: Espainiaren batasuna zorrotz bermatzea. Eskuak libre nahi zituen presidenteak irmo adierazteko sententzia politiko injustua errespetatzen dutela, eta moderazio gehixeagoren itxurarekin bada ere, estatuaren batasunaren bermatzaile gisa ez dietela ezer zor ez PPri eta ez Ciudadanos-i ere. PSOEren inguruko enpresaburu eta ukandunek ere presio egingo zioten Sanchez-i Podemos-ekin ez elkartzeko, eta Europar Batzordeak ere, zeharka beharbada, baina lehen esan duguna: eskuak eta mihia libre nahi zituen Sanchezek Kataluniaren “eraso” nazionalaren aurrean, beste alderdi nazionalistak bezain irmo agertzeko iritzi publikoaren aurrean, eta praktikan errepresiora jotzeko benetako negoziazio eta elkarrizketa politikoari muzin eginez.

Egungo egoera politikoaEz zen egia Sanchez-Iglesiasen arteko pertsonalismoak zirela talka sorrarazleak, ez, hori hedabideentzat bazka eta hedabideen euren engainabide bat zen; benetako arrazoia gorago esandakoa. Espainiar nazionalistak gogor ari dira euren estatuaren batasuna bermatzen, eta estatuaren indarrez maite duten nazio espainola gero eta hegemonikoagoa izateko lehian, eta katalan, galego eta euskal nazioak kulturalki eta linguistikoki gero eta ahulago bihurtzeko lantegian. Guk, aldiz, ba al dakigu?

Abertzale guztiok autokritika egin beharko genuke, alderdikide eta norbanako, eta mezu garbi bat helarazi jendarteari, eta horrekin ahalik eta kontsekuenteenak izan bakoitza bere arloan.

Hasteko, azken berrogei urtean EAEko erakunde autonomikoetan nagusi izan den EAJ/PNVko abertzaleek autokritika egin beharko lukete, eta aitortu, hasiera batean, frankismotik irten berri, zilegi bazen ere pentsatzea autonomiak independentziara edo behintzat autodeterminazio erreferendumera hurbil gintezkeela -neuk ere pentsatu nuen hasiera batean-, itsutua ez dagoenarentzat eta abertzaletasuna bost axola ez zaionarentzat, eta autokritikari leihoa irekitzeko prest dagoenarentzat oso garbi dagoela autonomi estatutuak autonomi estatutura baino ez garamatzala, Espainiako gobernuarekiko menpekotasun harreman asimetriko batera, non beti nagusi Madril den, eta Gasteiz mendeko, eta horrekin batean aitortu beharko lukete ezker abertzalearen eta ETAren aurka bortitz aritu direnean espainol nazionalistekin bat, zenbaterainoko legitimitatea eta indarra eman dioten Espainiako estatuari, hemengo unionistei, Espainiako justizian, espainiarrek baino askoz gehiago sinetsiz edo, berdin da azkenean, sinesten zutelakoarena eginez. Gauden egoera larriaren bermatzaile eta zurkaizle izan dira, autonomi estatutu mugatu baten amorez, eta okerrena da bizikidetzaren aitzakian jarraitzen dutela disidentzia independentista gaitzesten eta menpekotasuna ereiten.

Badute garaia sasi-moral eta sasi-etika alde batera uzteko, eta politikan argudio politikoekin aritzeko, eta besterik ezin badute egin, edo ez badute egin nahi, aitortzeko behingoz, alderdi espainol autonomista bat direla, eta ildo horretan boto-biltzen eta estatutua baliatzen jarraituko dutela per sekula sekulorum.

Ezker abertzaleari dagokionez, asko sufritu du -sufriarazi ere-, espetxe-urte ugari bizkarreratu ditu, eta oraindik ere badu zertaz kexa preso eta iheslariak tarteko, baina onartu beharko luke autokritikaren bidetik, ideia ezkertiarren uberan, ez dituela euskal nazioa eta hizkuntza behar bezala aurrerarazi, eta transatlantiko biraketa beranduegi etorri dela. Ardatz soziala garrantzitsua izanagatik, Madrilen marra gorriak markatzen dituena ardatz nazionala bada, non hizkuntza axola handienekoa den, ikas dezagun arerio politikoarengandik. Euskal hizkuntza eta euskaldun kontzientzia eta naziogintza oso makalduak ditugu, eta azken urteetako migrazio ugariak arazoa areagotu egin du, eta horrenbestez, bada garaia muin-muineko arazo giltzarriari lehentasunez eta irmotasunez heltzeko.

Espainiako armadak, guardia zibilek eta polizia nazionalek -ETAren inposizio armatua gaitzesgarri, eta horiena zurigarri?!- eta politikari espainol nazionalistek eta (in)justizia sistemak eta hedabide espainol nazionalistek inposatzen duten estatu antidemokratiko estatuko gainerako nazioen suntsitzailearen aurrean, amore eman behar ote dugu? Egunotan Katalunian ikusten ari garenez, -Frantziako estatua eta Alemaniakoa ere ematen du aldeko dituela Espainiak, funtsean-, jokaera irmoa eta gogorra eskatzen du. Larrialdi egoeran gaude gure nazio eta hizkuntzari dagokionez, eta abertzale guztiok zintzo eta irmo jokatzeko garaian, asko baino lehen desagertu nahi ez badugu edo erreserba gero eta mugatuagoetan bizitzera etsi, gero eta arrotzago geure buru eta nahiekiko.

Egungo egoera politikoa

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

10 pentsamendu “Egungo egoera politikoa”-ri buruz

  • Euskal egoera politikoaren analisi zorrotza bezain bikaina. Bai, larrialdi egoeran gaude Nazio bezala, gainbeheran, hizkuntzarekin batera kontzientzia nazionala ere galduz. Eta gure alderdi abertzaleen jokaerak ez digu laguntzen krisi horretatik ateratzen…. Batzuk, espainiar autonomismoan eroso, besteak arazo sozialetan murgilduta, naziogintza eta estatugintza ahaztuz….Jai dugu!

  • Ez da abertzaletasun kontua. Espainiaren sasiko batasun perbertso biolentoa suntsitzeko xedea lehentasunezkoa izan behar litzateke demokrazian den gutxiena sinesten duen edonorentzat.

    EHko indarkeria politikoa ahotan erabiltzen den guztietan, garbi utzi behar litzateke, beste ezer baino lehen, Espainiaren eta Frantziaren batasun zatiezinak eta hauen defentsa ideologikoa direla biolentzia guztien iturria.

  • Benat Castorene 2019-11-01 16:51

    Argigarria eta ezin preziatuzkoagoa da Patxi zure autokritika hegoaldeko alderdi diferenteen eraginen ( eta laguntzen) artean luzaz nahasia egon den iparraldeko batentzat.
    Ba ni ere zu bezala bezalaxe optimistegi eta baikorregi izanen nintzan hain segur, odolean dugu eta.
    Alta, ez duela ez hain aspaldi ikasi dutanez, bakar batzuk EAJren barrutik beretik argi ikusi zuten « trahizio »a eta salatu. ( jakinzazu EAJan ditudan ezagun eta adiskideen gatik gogor zaitala hitz hori erabiltzea).
    Hain segur ezagutuko dukezu « Munich »en gerkari klabearen ondotik egin zen zatiketa politikoa ? Ez ote ?

  • Oker ez banago, Beñat, Munichen 1962ko ekainean egin ziren konferentziaz ari zara Europako Mugimendu Demokratikoaren barruan. Orduan ELAkoa zen Kepa Anabitarte-eta haserre itzuli bide ziren, “autonomiarena” ez zelako garbi gelditzen.
    Ildo beretik, Txillardegik 1964ko urte hasieran Miarritzeko jatetxe batean egitekoak ziren afaria aipatzen du. Sei lagun: Telesforo eta Isidro Monzon anaiak eta Julio Jauregi EAJtik eta Txillardegi, Benito del Valle eta Madariaga ETAtik. Jauregiri Beyrisekoek deitu zioten afari hartara ez joateko.
    Geroago, badakizu, Xiberta 1977an.
    Igarkizuna asmatu ote dut, Beñat?

  • Municheko konferentziez.

  • Benat Castorene 2019-11-01 18:40

    Bai horretaz ari nintzan, bainan hein batetaraino asmatu duzu bakarrik. Hobeto egin dezakezu.
    Izan ere, beti ulertu dutanez, han ezbaitnintzan, Munichen exilioko Euskal gobernu legitimoa “bere kabuz” sabordatu egin zen Franco hil eta geroko Espainiak esleitu beharreko Autonomia estatutu baten esperoan.
    Makur niza?

  • Gaur optimista altxatu naiz . Eta irudikatzen dut irtenbide desiragarri eta posible bat gaur egungo egoerari.

    Hemendik eta hamar bat urtera( ziklo denbora borobil bat ikuskatzearren), aterako da azken preso independentista, berriki zigortuak izandirenak ,alegia, presondegitik. Eta hamar urte hauetan zehar bai jendarte katalanak baita nazioarteko eragileak ere lortuko dutela nolabaiteko egoera hain berezia non espainiako estatuak onartuko duen autodeterminazioaren ariketa estatuko nazioei.

    Nolabaiteko kataluniaren “herriaren” garaipen bat , alegia. Horretarako hemendik eta hamar urtera kataluiniatik eta nazioartetik aktibatuko dira ekimen anitz eta eraginkor asko azkenean aldaketa bat sortuaz bai kataluinian eta baita estatuan ere . Hau da PSOEk egikarituko du , nolabait “behartuta” eta “aldatuta” autodeterminazioa espainian.

    Askok pentsatuko dute . Zelako inozo galanta . Hori ez da inoiz gertatuko . Tira eta nik diot . Ba irtenbide desiratutazko aukera bakarra horrelako egoera batean ikuskatzen det. Dena doa aldatzen . Eta hamar urtetan ( izan daiteke 15 edo 20 ere…)
    nola egongo da munduko “teokrazia finatziero ” hau bizi duguna? Kaos eta autosuntsiketarako bidean zehar egoera esplosibo berriak sortzen? edo eta humanismo berri batean fundatutako gobernantza sitemiko berri baten bidetik ? ( hau da mundu mailako ezker baten nolabaiteko esnatze eta eraginaren dantzan).

    Eta Euskalherrian ? beno, ba prospektiba ariketa horren baitan hemendik eta 10 urtera , orain baino askoz ere preso gutxiago egongo dira eta estatu espainiarrak autodeterminazioaren onarpenarekin batera , ba mekanismo ezberdinak bideratuko ditu motibazio politikoko preso euskaldiunik kartzeletan ez egoteko prozesu batean .

    Gero , gerokoak . Aldagai askoren baitan , sortuko dira batera Kataluinia eta euskal errepublikak , auskalo ze europa eta munduan . 2030 ean gutxi gora behera .

    Beno lagunak , abixatu dizuet , gaur optimista altxatu nai eta aurrean idatzi dudan guztia edo ia guztia ez da gertatu ahal

  • Aurreko prospektiba ariketaren haritik euskararen gaia ez det aipatu.

    2030an sortu daiteken euskal errepublika dela ta , euskararekin zer ? Ba ni ,Txillardegik zionarekin bat egiten det . ” Estatu batekin agian euskara ez da salbatuko baino estaturik gabe ziur ezetz”.

    Alegia , irlandarrak bezala bukatu ahalko garela, eta erromantikoen institutu bat gutxienez , bai mantenduko ahal dugula jendartearen ehuneko apal baten multzoan gotortuak eta saretuak baina “dekadentzian” ( ni institutu erromantiko horren bazkidea izango naiz , ziurrenik )

  • Zuzen zaudela esango nuke Beñat, erbesteko eusko jaurlaritzari dagokionez. EAJ ere funtsean bai, nahiz, esaterako, 1971n Monzonek eta Txillardegik bultzaturiko elkarrizketetan parte hartu zuen Fronte Abertzalea sortzeko xedez, baina, mahaitik altxatu ere bai, Xibertatik 1977an bezala.

  • Beñat Castorene 2019-11-02 10:33

    Adats, lasaituko nindukezu erraiten bazenit gaur jeiki zirela atzo baino piskabat pesimistagoa.