Eguneroko menua Ezkabako gotorlekuan

Eguneroko menua Ezkabako gotorlekuan –

Ezkabako ihesaldiaren 80. urteurrena da gaur, maiatzak 22

  • Gosaria: belar ezezagun batzuen egoski bat.
  • Bazkaria: kazo bat ur zikin, eta txitxirioekin baldin bazen, txitxirio gutxi batzuekin, eskuko hatzekin zenbatu zitezkeenak; eta dilistekin bazen, dilista-azal hutsekin. Ur zikin horren azalean “titoak” egoten ziren, zerak, harrak… mastekatzean soinu berezi bat sortzen zutenak ahoaren barruan.  Preso batzuek iluntasunean jaten zuten, “titoz” betetako ur zikin hori irentsi ahal izateko, zer ari ziren irensten ikusi gabe.
  • Afaria: kazokada bat ur patatekin ala kalitate txarreko laranja bat, ia-ia beti jelaturik; ala tableta bat txokolate… Txokolatearenak merezi du aipatzea. Txokolate tableta hori xafla fin bat zen, zuloak zituena eta osagarri ezezagunez egina. Txokolate horren kontura abesti bat ere sortu zen, ironiaz betea: “El que de hambre no se ha muerto se lo debe a Manterola” (Gosez hil ez denak, Manterolari eman behar eskerrak). Manterola hori Iruñeko Zapateria kaleko txokolate-egilea zen: egunero-egunero mezatara joaten zen gizona omen zen, baina presoen lepotik ateratzen zuen atarramendua.
Eguneroko menua Ezkabako gotorlekuan
Arg: Noticias de Navarra (IBAN AGUINAGAk egunkariari utzia)

Pasarte bat da, ez bertzerik, gotorteluko eguneroko menua zein zen azaltzen duena. Juan Mari Pallin-ek idatzitako San Cristobal gotorlekuko espetxe bizitzari buruzko testigantza argitaragabea liburutik aterea.  Juan Mari Pallin-ek idatzitako liburua, erdaraz dago, eta guztiz gomendagarria da. Eta kontatzen jarraitzen du:

Rojas zuzendari-administratzailea ez zen diziplinaz arduratzen, baina bai, ordea, presoen kontura aberasteaz; presoei espetxean ematen zitzaigun janari apurrekin, preso asko gosez hiltzen ziren, ez baitzen heltzen 1000 kaloria izatera preso bakoitzarentzat eguneko”

Eguneroko menua Ezkabako gotorlekuanEzkabako gotorlekutik egindako ihesaldiaren 80. urteurrena betetzen den maiatz honetan zorionak eman behar urte hauetan guztietan gure oroimen historikoaren esparru, harriz betea, ildoak egiten eta jorratzen aritu eta aritzen direnei, baita Juan Pallini ere bere testigantza argitaragabea argitara ateratzeagatik. Lortu du, besteak beste eta irakasle konprometitu batzuei esker, Ezkaba mendiaren magalean dauden Iruñerriko hainbat eskolatako umeek jakitea begien aurren duten gotorleku horretan eman zela Franko diktadorearen garaian espetxe batean izandako ihesaldirik handiena, baita bertako presoek egunerokoan ze jaten zuten jakitea ere.

Egunero ere ikusgai, zinismoaren eta sadismoaren adierazgarri, espetxearen horma txuri batean beltz, mezu hau: “Beste herrialdeetako espetxeak bisitatu eta gurearekin alderatuko balira, okertzeko beldurrik gabe ziurtatzen dizuet ez dagoela gurea bezain justu, katoliko eta gizatiarragorik den espetxe-sistemarik mugimendu nazionalak hemengo giltzapetuei ematen diena baino”.  Espainolez dago, oraindik irakurgai: “Si se visitasen los establecimientos de los distintos países (…) no se encontraría uno tan justo, católico y humano (…)”, eta gainetik desegin berri den ETA erakundearen sigla, letra handitan, esku ezezagun batek zizelkatuta.

Eskuartean daukadan Mario Benedettiren poema liburuak argi diosku: “Den-dena ahanzturaren lainoan hondoratzen da, baina lainoa joaten denean, ahanztura oroimenez beterik dago”. Izan ere, oroimen historikoaren alorrean oraindik asko dago jorratzeke.

Eguneroko menua Ezkabako gotorlekuan
Eguneroko menua Ezkabako gotorlekuan

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.