Egin gara

Egin gara –

Josu Lezametak Baga Biga Blogan.

Egin gara

Harro zegoen aita egin egunkaria jaiotzen lagundu zuelako eta Dyane 6 zaharraren atzeko kristalean zeraman pegatina bakarra zen egin-ena. Geroago jarri nion nik nuklearren aurkakoa (esango nuke hau zela). Susmatuko duzuenez, garai hartan, 80ak, autoa -eta, jakina, haren jabeak- ondo identifikatuta geratzen ziren pegata bi haien bitartez. [Aitona Kipuleta mode ON] Behin, garaje batean sartu nuen autoa eta, neure despistearen despisteaz, kasualitateak nahi izan zuen aparkalekuz nahastea eta Bilboko polizia buru ezagun baten anaiaren lekuan utzi nuen autoa, “Nuklearrik ez” eta “egin” oihukatzen zuten pegatinak kristaletan. Gizona garajera joan eta auto hura ikusi zuenean, ulertuko duzuenez, ez zuen gauza onik pentsatu. Are txarrago esan ziotenean jabea -ni neu, ordurako- Iparraldera joana nintzela. Egia esan, Baionara joan nintzen haginlariarengana, baina, tira. Kontua da guardazibileko artifizieroek zabaldu zidatela autoa… Eta ez zuten, ebidentemente, lehergailurik aurkitu. [Aitona Kipuleta mode OFF]

Geroztik, nahiz eta egin-en lerro editorialarekin beti bat ez etorri, urteetan erosi izan nituen ‘Egin eta Egunkaria’ (horrela eskatzen nizkien egunero Isasitarrei). Geroago, ‘Gara eta Berria’ eskatzen ikasi behar izan nuen. Aspaldion ez ditut erosten, nahiz eta Berrialaguna banaizen. Baina egin eta gara nire eta gure historiaren zatia dira. Eurekin hazi ginen eta horrela egin gara garen bezalakoak.

Egin gara

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.