Egin dezagun maiatz GURE

Egin dezagun maiatz GURE

Joxean Sagastizabalen testu bat dakart oraingoaz Maiatzaren lehenaren harira:

Egin dezagun maiatz GURE

Maiatzaren lehena entzuten dudanean nire gaztaroa etortzen zait gogora; adin bat badaukat, eta aspaldi hartan egun debekatu gorriz markatua zen, manifestazio-ahaleginak (ahalegin hutsak, askotan, “ehiztariak” segituan agertzen ziren-eta), lasterka saioak eta ke-poteak. Egun hartan GU ihes, HAIEk pozik. Gerora…badakigu gauzak askotxo aldatu direla, eta onerako, bai. Ni eroso bizi naiz, ez dizuet gezurrik esango, funtzionarioa, lan segurua…baina banaiz gai, bai, amorrarazteko zenbait gauzaren aurrean.

Urteak pasa badira ere, bada GU bat, bada HAIEK bat, eta HAIEk esaten digute —orain dela oso-oso gutxi- “sindikatuak errealitatetik kanpo bizi dira” “enpresaren mundutik gertuago sentitzen naiz” eta antzeko zontzonkeriak, eta nire onetik ateratzen nau ikusteak zenbateraino daukaten bere presentzia dibinoa gure —ezjakinon- gidari beharrezkotzat ez dezagun gure erokeriez eraman euskal paradisua galbidera.

HAIEK esango digute Maiatzaren lehena arkaikosobietikozaharkituerradikala dela, beste aro geologiko batekoa, HAIEK arduratuko direla gure ongizateaz, ez duela merezi eztarriok nekatzerik, ez dagoela benetako arrazoirik HAIEK kritika ditzagun, gu bezalakoak direla eta hemen ez dagoela Panamako paperik, Euskal Arkadian bizi garela,  sagardo eta txalaparta; bai, guraizekin moztu behar izan dutela handik eta hemendik, baina gogoz kontra, badirela bene-benetako gaizto batzuk, kanpoko jendea, haien erruz jokatu dutela dakigun bezalaxe…

Hango eta hemengo HAIEk  ze ondo moldatzen diren, aizue; dena BERE.

Egin dezagun maiatz GURE.

Joxean Sagastizabal, Idazlea eta ELAkidea

2 pentsamendu “Egin dezagun maiatz GURE”-ri buruz