Egigurenek ez omen daki ezer

Egiguren“Egigurenek ez daki zertaz hitz egiten duen”, aurpegiratu zion Jose Blanco Espainiako Gobernuko bozeramaileak. Euskal Herrian inor izan bada gatazkaren konponketarako prozesuen jakitun, hori Jesus Egiguren izan da.

EAEko sozialisten diskurtso trinkoaren enbata izan da Egiguren azken hilabete luzeetan. Hamaika aldiz damutu da hitz egiteaz, baina beste hainbestetan egin dio uko isilik egoteari. Xabier Lete gogoan hartuz “handitzen zeranean ikusiko dezu, isilik egoteak zenbat balio dun”  aldarrikatu zuen orain gutxi kazetariei izkin egiteko. Baina, abertzaleen lasaitasunerako eta konstituzionalisten gaitzerako, elkarrizketa polemikoek plaza erdian jartzen segitzen dute Aizarnako Egiguren, aste batean bai eta hurrengoan ere bai.

Espainiar izateaz “harro” dagoela dio Egigurenek, baina Euskal Herrian zer den badaki. Urteek ematen duten perspektiba duela igartzen zaio Egigureni, Andoni Egañak idatzi bezala. Ikuspegi global horrek erraztuko dio agian libre hitz egitea. Bi eguneko polemikak sortzen ditu Egigurenek, baina (entzun nahi dioten) herritarrengan prozesuaren nondik norakoaren aztarnak metatzen joaten da.

PSEren astindua

Inozo plantak egiten dituen itxura du Aizarnakoak. Esaterako, “inork jakin gabe” Otegi bisitatuko duela esan zuen… irratian!

Egigurenek kalkulu alderdikoaren arabera hitz egiten duela pentsatzen duenik ere izango da. Hala ere, pentsa daiteke, bere parrokiari harriak jaurtitzeko (eta itzuliko erasoei eusteko) gai denari zintzotasuna dariola. Horregatik, esparru abertzaletik ikusita badu “jite sinpatikoa”, PSEko Aresek eta Lopezek ez dutena. Ez da gutxiagorako, Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren, biak izan ziren 2006ko prozesuari gurpilak jarri zizkiotenak. Hori egin bazuten elkar-ulertze eta enpatia ariketa burutu zutelako izan zen. Dena beltz edo zuri irudikatzen duten PP-PSOEko politikoen aldean, Egigurenek arnasa ematen du, egiantza dario.

Konfidantza eskuratu duelakoan nago. Izan ere, analista bezala jokatu du azken urteetan politikari konbentzionala baino. Ez zuen zalantzarik izan ezker abertzalearen aldaketa estrategikoari sinesgarritasuna eskaintzeko besteek “betikoa” zela ziotenean. Ondoren, behin eta berriz eskatu zion publikoki lehendakariari urratsak emateko. Ez zuten alderdian aintzat hartu eta Lopezi bere ekimen eza leporatu zion El Periodicon.

Joan zen astean Euskadi Irratian egindako elkarrizketan zabaldu zituen prozesuaren bilakaeraren azken gakoak: ETA eta Gobernua aspalditik daudela kontaktuan eta Aieteko Konferentzia Gobernuarekin hitzartuta egin zela. Prozesua “azkarregi” zihoala ere esan zuen: “Ezin zaio orain eskatu ezker abertzaleari barkamenik eskatzeko, benetako gauzek denbora gehiago behar dute”.

Egigurenen kontakizuna zentzuzkoa da, zentzuzkoa den bezala Blancok hori gezurtatzea. Nork dakiena esaten duen da gakoa.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra