Egiazko euskaldünak

Egiazko euskaldünak –

Amets Aranguren Arrietak Nafarroako Hitzan.


Hiru urte pasatxo dira Foruzaingoak Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxea bortizki hustu eta behin betiko itxi zuela. Egia esan, begiratu behar izan dut desalojo data eta salto txiki bat eman dit bihotzak hiru urte pasatu direla irakurri dudanean. Anaiari galdetu behar izan diot, konfirma ziezadan. Nola arrarotu digun (edo didan) denboraren pertzepzioa “bukatutzat” ematen duten pandemia honek.

Egiazko euskaldünak

Koronabirusa gora eta behera, geldiarazi ez duena moteldu du egoerak, baina ez pentsa Alde Zaharreko gazteria etxean geratu denik. Azken hilabete luzeetan inurri lanean ibili dira bai Maravillasen gazte eta orain ez hain gazte direnak, nerabe izan eta orain gazte direnak eta baita duela hiru urteko haurrak, nerabe orain. Lekukoaren transmisioa ezin hobeto egina. Auzolana izan dute motore nagusi, eta asteroko zitari ez dio huts egin askok. Lehenagotik eta modu xumean bazen ere, martxan izan da txokoa, baina orain hasi dira erabilera ematen bertan eginen diren ekimen guztien berri emateko erabiliko dituzten sare sozialei, eta gu, adi-adi. Konspirazio eta kontrabotere espazio gisa definitu duten lekuan parte hartzeko aukera anitz eta eskaintza ugari izanen dela ematen du, gazte aisialdirako bestelako eredu bat. Gainera, berriki Nafarroako Gobernuak jakinarazi dituen neurrien deuseztatzeak lagunduko die inurri lan horren emaitza bere osotasunean ezagutarazten. Agian zutik dantza eta dena egin ahal izanen da!

Duela egun gutxi batzuk partekatu duten irakurketak dioen bezala, gaur arte deus gutxi irabazi izanak ez du biharkoa irabazterik ez denik esan nahi. Maravillasez gain Kalekalde, Konpainia eta Kaparroso aipatzen dituzte, sei urtean auzoko gazteriak antolatzeko atondu duen bosgarren espazioa delako hau. “Haziak garela ahaztu zuten…” gogorarazten dute.

Artikuluaren izenburua ironikoa da bai, argi dago, baina ziur nago batek baino gehiagok egiazko eskualdün horien bila irakurriko zuela zutabea. Egiazko eskualdünez baino, egiazko langileez mintzo dira hauek, egun batez tirano burgesak kanporatzeko jaikiko direnez. Afera da gazte talde honek txukundu eta edertu duen txokoak XVII. mendeko xiberotar apaizaren ezizena daramala, Matalaz, bere borrokari omenaldia egin asmoz. “Desjabetuen historiaren ildotik jarraituz”, Maravillasen Larragatik Bernarden Mitikilera.

Ea oraingo honetan ez dagoen berriz justu txoko horretan egitekoa den proiektu bat martxan udalaren edo gobernuaren aldetik, aurrekoan horregatik hustu baitzuten Maravillas; izan ere, momentu hartan prestatzen ari ziren memoriaren museoa dago orain erai… Oh, wait.

Hori, beraz, adi sareei eta Iruñetik pasatzeko asmorik duenarendako: Jarauta 69 txaranga mitikoari izena ematen dion entsegu gelatik hurbil topatuko duzue lokala, kale bereko 75. zenbakian, hain zuzen ere.

Aunitz urtez, Matalaz!

Egiazko euskaldünak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.