Egia jakiteko eskubidea

Egia jakiteko eskubidea –

“Gutun hau idazten dugunok koronabirusaren pandemiaren eragin zuzena pairatu dugu, haren ondorioz senitartekoak galdu ditugulako”, irakurri dugu Arabako Alea agerkarian.

Egia jakiteko eskubidea
Argazkia: AFA

Gure senitartekoen heriotzaren inguruko egoerak bereziak izan direlako, ezin izan dugu dolua behar bezala egin, eta, kasu batzuetan, ezta agur esan ere maite ditugunei. Egoera ulertzen badugu ere, mingarria izaten jarraitzen du.

Gardentasun faltagatik eta epidemiaren ondorioz Gasteizen hildako pertsona-kopuruaren inguruan sortutako zalantzengatik bereziki minduta sentitzen gara. Pertsona horiek ez dira zenbakiak soilik, izen-abizenak dituzte eta horietako batzuk gure zuzeneko ahaideak dira.

Ez diogu inori errurik leporatzen haien heriotzagatik, baina dolua behar bezala egin ahal izateko haien heriotzaren ingurukoak ahalik eta gardenena izatea nahi dugu.

Orain arte ez dugu ezer esan, gure esperientzia pertsonala apartekoa zela pentsa genezakeelako. Baina gure guraso, aitagin-amaginarreba, aitona-amona edo beste senide batzuk, medikuek esanda, pandemiaren sintoma guztiak zituztenak, berariazko segurtasun-protokoloarekin lurperatzen zirenak, zalantzarik gabe koronabirusak hildako pertsonak izan dira, eta, hala ere, estatistika ofizialetan ez zituzten kontuan hartu, ez baizitzaien dagokion proba egin.

Hori egoitzetan gertatzen zen, baina baita etxe partikularretan ere.

Hala ere, Gasteizen hildakoen kopuru osoa jakin dugu (Justizia ministerioak datuak eskatu ondoren) eta martxoan 384 pertsona hil dira, hau da, azken urteetako batezbestekoa baino 220 gehiago. Hilabete horretan pandemiari 110 hildako baino ez zaizkiola esleitu irakurtzen dugunean, konturatzen gara zenbaki ofizialek ez dutela errealitatea islatzen, baizik eta, zoritxarrez, askoz ugariagoa dela koronabirusaren ondoriozko biktimen kopurua.

“Pertsona horiek ez dira zenbakiak soilik, izen-abizenak dituzte eta gure ahaideak dira”

Beraz, gure kasua uste genuena baino askoz zabalduago dagoela ondorioztatu dugu, eta horregatik erabaki dugu kalera ateratzea argitasun falta hori salatzeko; izan ere, bai guk, bai senideek, bai Gasteizko herritar guztiek dugu egia jakiteko eskubidea.

Era berean, bozeramaile jakin batzuen apaltasun eta autokritika faltak ere deseroso sentiarazten gaitu, irudi politiko eta korporatibo eraginkorra emateaz arduratuago daudela dirudielako, zintzoak izan eta egindako akatsak onartu baino.

Ez dugu hemen baloratuko akats horien tamaina: aurreikuspen falta, inprobisazioa (adjektibo larriagoak ez erabiltzeagatik), eta uste dugu hau ez dela erraza izaten inorentzat, nahiz eta, jakina, denok ez ditugun erantzukizun berak.

Legitimatuta eta haserre sentitzen garenez, makillaje estatistikorik gabe, hildakoen kopuruari dagokionez pandemiaren gordintasuna onar dadin exijitzen dugu. Hildako horietako asko egoitzetan gertatu dira eta egoitzak pandemiaren zero eremu bihurtu badira ere, ezin dugu onartu hauek gainera gune ilunak izatea; bai eskakizun etikoagatik, bai etorkizuneko pandemiei aurrea hartzeko datu fidagarriak izateko beharragatik.

Ziur gaude gardentasuna eta egia direla krisi hau kudeatzeko modurik onena.

Amaitzeko, besarkada bero bat bidali nahi diegu azken egunetan gure senitartekoak zaindu dituzten gizarte- eta osasun-langileei.

.

*Sinatzaileak: Juan Ibarrondo, Monica Ibarrondo, Joxepa Ibarrondo, Imanol Pradells, Esther Retegi, IƱaki Lauzurika, Danell Pradells, Mikel Lauzurika, Edurne Portilla eta Gabriel Valenzuela.

Egia jakiteko eskubidea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.