EAJk ezin du

djvEAEko Gobernuak Jaurlaritzako kargu publikoentzat onartutako Kode Etiko ditxosozkoak, honakoak ezartzen ditu, besteak beste: “ez dute adierazi behar Gobernuaren jarrera politikoekiko desadostasunik, eta jarrera horiek ez dituzte argi eta garbi kritikatu behar (….) Internet bidez. (…) Desadostasun horri eusten badio, askatasun ideologikorako eta adierazpen-askatasunerako oinarrizko eskubidean babestuta, dimisioa aurkeztu beharko du”. Ni ez naiz kargu publikoa, eta ez nau lotzen obligazio horrek. Horregatik esan dezaket:

Euskarak aurrera egingo badu, derrigorrezkoa da ezker abertzalea erakundeetan egotea, baita Eusko Jaurlaritzan ere. EAJk ez du izan, ez du eta aurrerantzean ere ez diot ikusten indarrik behar-beharrezko aurrerapausua emateko.

Aitortzen dut: beste lankide batzuekin batera duela zenbait urte sortutako Tiraka taldeakartikulu bat atera berri du euskarak Administrazioak egoerari buruz. Irakurri eta, egia esan, bat nentorren edukiarekin. Haiekin bat egiteko izan naiz, baina ELA eta LABekin sinatu izanik atzera bota nau. Badakit Administrazioko sindikatuen hizkuntza praktika -euskararen erabilera- Adminiistrazioko politikoen aurretik doala, askoz aurretik. Hala ere, gehiegi iruditzen zait eurekin batera sinatzea. Nik, hortaz, neure hausnarketa, beste mila aldiz egin dudana, ia termino berberetan.

EAJko alderdikidea naizen aldetik ez dut askatasun ideologikorik goiko hori idazteko. Gustora onartuko nuke zigorren bat Alderdiko norbaitek frogatuko balit gezurra dela goian esandakoa. Frogatuko balit Eusko Jaurlaritzan euskararen arloan 30 urtetan egindakoa ez dela porrota, ez dela frakasoa. Berdin Bizkaiko Foru Aldundian egindako, Bilboko Udalean, Arabako Foru Aldundian, (….). Behar bada Gipuzkoako FA libratu da.

Ni ez naiz, ordea, kargu publikoa. Ez didate sekula eskaini kargurik, eta ikusi ditut milaka nire musturren aurrean. Batzuk onak, beste batzuk txarrak. Hogeita hamar urtek askotarako ematen dute. Urte guzti horietan itzulpengintzan jardun izan dut, eta euskararen gaia oso hurbiletik jarraitu dut.

Hogeita hamar urte daramatzat Eusko Jaurlaritzan, alde batera eta bestera begira. Urte guzti horiek egin ditut itzulpengintzari lotuta. 2013an 1984an bezala gaude: Gobernuak euskaraz ateratzen duen ia guztia itzulpena da; ez da apenas sortzen. 30 urte eta gero ez dugu aurrera egin!!

Urte guzti horietan –bi balaunaldiko epe horretan- tristuraz, asperduraz eta etsipenez ikusi dut euskarak administrazio honetan izan duen bilakaera. Urte guzte horiean –hiru kenduta- nire Alderdia –EAJ- egon da agintean.

30 urte horietan ezer gutxi egin dugu aurrera. Milioika euro -zenbat benetan?- gastatu/xahutu ditugu, eta oraindik ez dugu atal bakar bat elebidun bihurtu. 30 urte eta gero ez gara gai dekretu bakar bat euskaraz sortzeko, ez eta HPSkoak ere. Etsigarria eta gogaikarria!!

Orain arte ni/gu bezalako potro zorriok kritikatu dugu –behin eta berriro- egoera. Orain Administrazioko funtzionarioek eurek ere –hitza eman baitzaie- aitortzen dute egoera okerra dela, txarra. Urteak eta urteak agintean daramatzaten karguek eurek ere ikusten dute egoeraren latza.

Gobernu honek berriro ekarri ditu karguetara –HPSra- sozialisten aurretik egon ziren berberak: Baztarrika eta bere taldea. Duela lau urte, euren karguak utzi zituztenean, IV. Plangintzaldiarekin ziharduten. Ez zaio emaitzarik ezagutzen; ez onik, ez txarrik. Herri-diru pila eta kanpoko enpresak -beti kanpoko enpresak!!- erabiltzen dira plangintzaldiak tajutzeko, eta gero ez dago emaitzarik.

Orain V. Plangintzaldiarekin datoz. Ia inork ez du konfiantzarik. Plana indarrean jarri dutenek ere ez, seguruenik. IV. Plangintzaldiaren 150 orriko ebaluazio-txostena aurkeztu zuen atzo Loberak Lakuan. Zer jasotzen de orri guzti horietan, ez baita ezer egin?, ezer gauzatu?

Gero Baztarrikak V. Plangintzaldiaren ildoak jorratu zituen. Bere aurrean zituen euskara teknikarien eta gainerakoen aurpegietan betikoa somatzen zen: BERRIRO ERE BETIKOA. DÉJÀ VU, TRÈS VU. Irtenbiderik ez duen diskurtsoa. Kameren aurrean saltzeko hitza gozoak.

Azkenik Euskalduntzeko zerbitzu-buru Lozanok bota du IVAPek baduela baliabiderik plan horiek aurrera ateratzeko. Ni harrituta ze azken boladan entzun dudan bakarra izan da ez dagoela xoxik ezertarako. Honetarako bai, hurrean. Dirua berriro ere alferrik erabiltzeko, xahutzeko.

Gai honek ez du etorkizunik goitik beherako eraldaketa bat ez badu. EAJk ez du horretarako indarrik eta adorerik. Ez eta jenderik ere. Orain HPSn eta euskaraz arduratzen diren beste sail/atal/zerbitzu batzuetan daudenek ez dute ahalmenik euskara ataka honetatik ateratzeko. Alferrekoak dire ahalegin guztiak.

Neurri zehatzak hartu behar dira lehenbailehen. Agintean den alderdiak –EAJK- jarraibide ausartak eta praktikoak jarri beharko lituzke, ez itxurazkoak. Zenbaitzuengan mina ere eta egonezina sortuko dute neurriak batzuetan, herritarren txalo errazetik urrutikoak.

Ez dut nire Alderdia horretarako kapaz ikusten, eta are gutxiago horretarako aukeratu dituenak. Duela hilabete batzuk, Gobernu berriaren sailak osatzeari buruzko Dekretuan jasotzen zen sail bakoitzak Euskara Atala izango zuela. Gaur arte, eta dagoeneko zortzi hilabete igaro dira.

Aspaldi esan nuen, eta horretan dihardut: HPS harrak janda dago, gaitasunik gabe, ezin ikusiak eta errak gainezka eginda. Desagertuko balitz hobe. Eta horrekin batera hobe euskararen eremuan diharduten zerbitzu eta atal guztiek ere astinaldi bat izango balute, eraldatuko balira. Hausnarketa berri bat egin, sakona, aurreiritzirik gabea, eta, konklusioekin, sortu entitate berria.

Lehendik ere esan dut, eta berriz ere orain: ez dira kaleko zerbitzuak kontratu behar, garestiak baitira eta bizi dugun egoeran saihestu egin behar da hori. Erabili dakien jendea, galdetu urteak ofizian daramatzanari: euskara teknikariei, itzultzaileei, trebatzaileei, euskaraz jardun gura duten teknikariei. Ez ezkutatu karraju elitistetan!! Atera kalera.

Artikulua amaitzen dudan honetan, epilogo modura, hitzaurrean esandakoa errepikatuko dut, penaz:

Euskarak aurrera egingo badu, derrigorrezkoa da ezker abertzalea erakundeetan egotea, baita Eusko Jaurlaritzan ere. EAJk ez du izan, ez du eta aurrerantzean ere ez diot ikusten indarrik behar-beharrezko aurrerapausua emateko.

(Jatorrizkoa: Munean blogean, Bituriek)

artikulu interesgarriak ...

5 pentsamendu “EAJk ezin du”-ri buruz

  • Berrian, larunbatean, Aitor Montes familia medikuak argitaratutako iritzi artikulua: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-07-20/006/001/proposamena_bilduri.htm
    *
    Nire ustez aurrera egiteko giltzarria elebitasun estrategia erlatibizatu eta euskara hutsezko funtzioei leku handiagoa egitean datza. Orain arteko “dena elebitan” estrategiak ez du hizkuntza minorizatua indarberritzeko balio.

  • Giltzarria euskaraz bizi nahi dugun euskaldunok botere maila handiagoak eskuratzean datza. Egungo agintariek ez dute euskarari bultzadarik emateko adorerik, edo okerragoa, asmorik. Egungo agintarientzat euskara gai bat da, eta ez euren herriaren hizkuntza.
    Baina ezker abertzaleak ere, ez dirudi proiektu landurik daukanik euskararentzat. Izan ere, desegiten utzi zien Patxilopeztarrei, eta ez egiten uzten ari zaie Urkullurenei.
    Ezker abertzaleak gaiari behingoz heltzea ezinbestekoa dugu euskaltzaleok.
    Ez baitago beste inor euskarari helduko liokeenik.

    • Hori da, hain zuzen ere, Aitor Montesek Bilduri eskatzen diona. ” Hauxe da, beraz, nire eskaera; eska diezaiola Bilduk Eusko Jaurlaritzari Osakidetzako zerbitzu-unitate guztietako zuzendaritzetan zuzendarien gutxieneko portzentaje bat euskalduna ezar dezan, derrigorrez.”
      /
      Gauza da euskaldun perfilean ere kolore gama anitza dagoela, eta estrategia ausartak behar ditugula. Euskaldun salbatzaileak* jarriz gero, akabo.
      /
      *Erdaldunen defentsan aterako dena, erdalduna bera kexatu baino lehen. Erdaldunari euskaraz egitea edukazio txarrekoa da, errespetu falta, inposizioa. Euskaldunari erdaraz egitea naturala.

  • Urkok ekarritako loturari helduta, argi dago inork euskararentzat egitasmo seriorik izatekotan, Bilduk (Gipuzkoakoak) daukala: jendaurrean eta prentsaurreko agerraldietan, euskaraz egingo dute, zerbitzuetako arduradunei euskaraz jakitea eskatuko diete, eta euskara lan hizkuntza izango da Aldundiaren zerbitzu batzuetan, kontratazio publikoen oinarrietan hizkuntza eskakizunak sartu dituzte,…
    Zenbait udaletan ere hasiak dira urratsak ematen, Bejondeiela! Hurrengo urratsa, hizkuntz politika ganorazko hori Bilduk alkatetza duen herri guztietara zabaltzea behar luke. Nafarroan irrikitan gaude.

  • Con la erchancha hemos topado 2013-07-23 09:58

    Zuzeuk eskaini digu lotura Mikel P. Ansaren blogera, eta bertan, egileak Ertzantzarekin (erchancharequin) bizi izandako pasadizo tristearen kontakizuna.
    Ez dezagun ahaztu, Ertzantza ere Administrazioa dela.
    Argi dago: EAJk ezin du, edo ez daki.

    Horra Mikelen pasartea:

    «Gabon». Ertzain bat, gaztea, ari zaigu hizketan. Gauerdia pasea da, Gipuzkoako herri batean gaude, errotonda baten erdian geldi, alkohola neurtzeko kontrol batean; ni noa gidari.

    «¿De dónde vienen?». Ez dakigu zergatik pasatu den erdarara, baina erantzun diogu. Arazorik ez.

    Argi ziriarekin autoa miatzen ari da kanpoaldetik, eta, errotondaren erdian gaudenez, galdetu diot, euskaraz, ea gelditu edo baztertu behar ote dugun. Itxoiteko erantzun digu, gaztelaniaz, begiratzen ari dela.

    “«¿Tienen en regla la ITV?». Pegatina hortxe dauka, aurreko kristalean. «Bai», esan diot euskaraz, buruarekin pegatinara keinu eginez.

    Ikustera doa.

    Itzuli da.

    «La próxima vez, caballero, me habla en castellano, por respeto. Y ahora, pueden continuar».

    «Eskerrik asko» esanda agurtu nintzen, hain nengoen jota…