EAJ, semaforoak eta Aberri Eguna

EAJ, semaforoak eta Aberri Eguna

EAJ, semaforoak eta Aberri EgunaSemaforoaren berde koloreak dir-dir egiten duenean jendearen sena ikusten da. Kontserbadoreak espaloian geratzen dira hurrengo semaforo berdearen zain. Ausartenak, ordea, errepidea ederto batean gurutzatzen dute, kolorea aldatu den erreparatu gabe. Badira tartean geratzen direnak ere: semaforo berdearen kliskari so geratzen dira, errepidea zeharkatu ala ez zalantzan, eta hausnarketa burutu orduko espaloian geratzen dira semaforo gorria jarri delako.

EAJri Estatutu Berriarekin gauza bera gertatzen zaio: Sabin Etxeko espaloian hamaika buelta eman arren, semaforoa gorri jarri zaie, autoak ikusi ditu eta espaloian geratu da, proiektuarekin batera. Normala da, alde batetik, EAJk ez ditu semaforoak kontrolatzen eta Urkulluk esan zuenez Espainiako Gobernuak berde jarri arte ez du errepidea gurutzatuko eta, bestetik, Ibarretxeren garaian autoek harrapatzeko zorian egon zen alderdia eta, denok dakigunez, halako sustoek arrastoa uzten dute, batez ere legearekin arduratsu jokatzen dutenengan.

Aberri Egunean ez da autorik egoten Bilbon eta EAJk egun horretan errepidea gorriz gurutzatzen du. Epikarako uneak dira: alderdi jeltzaleak ausart joka dezakeela gogorarazten du militanteek ikurrinak mugitzen dituztela. Jendeak ‘independentzia, independentzia’ berba oihuka darabil eta ‘nik ere gorriz pasa dezaket’ pentsatzen dute. Azkenean, euren burua gaztetzeaz gain, jakin badakite egun hartan ez dutela arriskurik hartzen eta Aberri Eguneko simulakroak lagunduko diela egun arruntetan semaforoa gorriz pasatuko dutela irudikatzen, semaforoak berde jartzea itxaroten duten bitartean.

PD: Ohi lez argazkia Wikipediatik atera dut.

EAJ, semaforoak eta Aberri Eguna

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.