EAEren independentzia ala Hegoaldeko autonomia bateratua hobesten duzu?

EAEren independentzia ala Hegoaldeko autonomia bateratua hobesten duzu?“Aurrera begira, zer hobetsiko zenuke, balizko EAEren independentzia, edo EAE eta Nafarroaren autonomia bateratua?”. Funtsezko galdera zahar bezain gaurkotasunezko horrekin amaitu zuten Lander Arbelaitz eta Mikel Asurmendi kazetariek Arnaldo Otegiri idatziz eginiko elkarrizketa.

(Euskal politikoak Balutxistanera artikuluan ere eztabaida lurraldetasunaren auzira heldu da)

Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzea eta zazpi lurraldeen batasuna txanpon berberaren bi aldeak dira. Errealitate politikoa, ordea, aldakorra izanda ere, burugogorra da. Abertzale edo independentisten indarra ez da inondik inora geografikoki homogeneoa. Historiak Nafarroa kokatzen du euskal estatu baten muinean, gaur eguneko herri borondateak, ordea, Gipuzkoan du independentziaren aldeko hauspo indartsuena. Gai hau, lotsarik gabe onartu behar da, tabu politikoa da abertzaleen esparruan. Nahiak eta pragmatismoak tupust egiten dute eta ez dago ideia mugiezinik.

“Independentistak garenontzat galdera estrategiko bat da, beldurrik gabe planteatu beharrekoa”, dio Otegik EAEren independentziaz eta Hegoaldeko autonomiaz galdetu zaionean. Alderdi politikoetan eta gizartean erabat itxi gabeko auzia da lurraldetasunarena. Nola kudeatu herri biziki anitz baten batasuna?

Borondate demokratikoan oinarritutako independentzia, gaur gaurkoz, epe luzerako helburua da. Pertsuasio ariketa itzelak eginda ere, 2012. urtean Nafarroa eta Iparraldea espainiar eta frantziar sentimenduak nagusi diren lurraldeak dira. Hori (atrebentzia ez bada) ez da hamarkada batean iraultzen.

Gauzak horrela, lurraldez lurralde independentziaren aldeko hautua lortzea urrunegi ikusten den helburua da abertzale askorentzat. Ez ote dago beste aukerarik? Gaia patxadaz eta luzera begira lantzea zuzena da, baina indenpendentzia gertuko errealitate baino urruneko utopia bezala bizitzeak etsipena eta noraeza dakar. Are gehiago, erabakiak hartzea ere ukatzen zaigunean. Errealitate horren aurrean galdera asko egin ohi dira. Eta zazpien batasuna lortzeko bidezidor egokiena EAEren independentzia bada? Eta lurralde historikoetan galdetu ordez eskualdeka egiten bada? Galdera deserosoak dira, baina heldu beharrekoak. Galdera botatzeak ez du esan nahi erantzuna lortuko denik, baina badakar bederen ate batzuk ixtea eta besteak irekitzea. Eztabaida kamustu nahi gabe, abiapuntu interesgarria izan daiteke hau: “EAEren independentzia ala EAE eta Nafarroaren autonomia bateratua hobesten duzu?”.

Historia hurbilera joz gero, Loiolako mahaian Hegoaldeko esparru bateratuaren proiektua onartzear egon zela gogoratu behar da. Edo, 2003ra atzera eginez, EAEko estatutu proposamenak  “Espainiako Estatuarekin askatasunez elkartutako euskal Erkidegoan” sartzeko aukera ematen zion Nafarroari, beti ere haiek ala erabakita. Orain, aldaketarako irrika bor-bor dabilenean, ez al da ideiak gutxinaka bat etortzeko ordua?

Interesgarria litzateke, halaber, sarean mugitzen diren politikariek ere haien iritzia ematea:

Markel Olano, Iñigo Urkullu, Karmelo Landa, Floren Aoiz, Jon Abril, Dani Maeztu, Pernando Barrena, Maribi Ugarteburu, Josu Erkoreka, Uxue BarkosLaura Mintegi, Joseba Alvarez, Maiorga Ramirez, Onintza Enbeita, Xabier Mikel Errekondo, Eneko Goia, Patxi Zabaleta, Gorka Urtaran, Luis Zarrabeitia, Antxon Belakortu, Oskar Matute, Rafa Larreina

Arnaldo Otegik erantzun du, kartzelatik:

“Hau da besteak beste independentistak garenontzat galdera estrategiko bat, beldurrik gabe planteatu beharrekoa. Nik neure iritzia emanen dizuet: ez naiz ados Nafarroarik gabeko independentziarekin. Eta bigarrenik ene ustez “autonomia”ren fasea guztiz gainditutzat eman behar dugu independentziaren bidean (Hegoaldeaz ari naiz). Egun neuretzat “autonomia”n ezin dugu oinarritu Estatuarekin hipotekikoki lortu dezakegun gatazka politikoaren irtenbidea. Eta hor gelditzen naiz. Besteak beste, autonomia ez bada, zer estatus proposatzen dugunaren galderaren inguruan ere eztabaida estrategikoa burutu behar dugulako”.

(aurrerantzean ZuZeuko inkestetako galderak proposatu nahi izanez gero, idatzi beldurrik gabe erredakzioa@zuzeu.com helbide elektronikora)

EAEren independentzia ala Hegoaldeko autonomia bateratua hobesten duzu?
autonomia, EAE, Euskal Herria, independentzia, inkesta, nafarroa
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

25 pentsamendu “EAEren independentzia ala Hegoaldeko autonomia bateratua hobesten duzu?”-ri buruz

  • Kaixo
    Zatikako independentzien alde nago, hori lekukoek nahi izanez gero; beti ere gutxiengo eremuekin, hots, bideragarritasuna eta gomendio edo legedi internazionalak jarraituz. Adibidez: Herri multzo gutxiengo bat, komarka bat, isla bezala ez gelditzea, beste herrialdeak nahi hori izatea eta lurraldeen jarraipena izatea…
    Baina nola lortu zatikako independentziari aukera ematea? Aukera desberdinak ditut:
    – Blokean bozkatu lekuko parlamentuarekin edo edozein herri errepresentazio ganberatik. Izan daitezke lurraldeetako parlamentua (Bizkaia, Gipuzkoa…), EAE parlamentua, Udal multzoen akordioa… beti ere pertsonei hitza emanez azken finean. Adibidez: EAE deitzen badu erreferenduma EAE guztiari eragingo dio eta Lurralde batek ere erreferenduma deitzen badu, bere lurraldeari blokean eragingo dio eta horrela posible den mailaraino, udal multzoak edo komarkak adibidez.
    EAE-ren independentzia nahi duzu? BAI/EZ
    Baietz edo Ezetz irteten duela ba aukera izango dute nahi dutenak: lurralde historiko batek esaterako, beste erreferendum bat deitzeko eta gainerako guztietatik banatzeko, bai Espainiar lurralde izaten jarraitzeko bai banatzeko. Baina ez dut uste inork nahiko duenik, ez alde batera ez bestera; horren aurretik ziurtatu daitekeela ere uste dut.
    Zein portzentajetan jarri behar den erabakitzeko? Uste dut berez erdia gehi bat nahiko izan beharko litzatekeela baina ez gomendagarriegi.

  • 1- EAEren independentzia: EAEk independentziarako erreferenduma deitu dezala 2016rako (adibidez). Nahiz eta espainiar gobernuak galerazi, aurrera jarraitu beharko genuke behar izanez gero desobedientzia praktikatuz. Azken aukera bezala, eusko legebiltzarrak independentzia aldarrikatu dezala zuzenean.

    2- Nola ez, Nafarroari eta Iparraldeko probintziei euskal estatu horretan parte hartzeko gonbitea luzatu. Agian orain ez dute nahiko (edo ez diete utziko gaia ateratzen), baina hemendik urte batzuetara, nork daki…

    3- EAEren independentziak arrakasta izanez gero, ziur nafartarren artean ere bere eragina izango lukeela euskal estatuaren batuketa horren alde. Jadanik ez litzateke kimera edo utopia, ondoko herrian dagoen errealitatea baizik.

    Batzuk esango dute “gutxirekin konformatzen garela” edo “nafartarrak traizionatu ditugula” etab. Ba niri estrategia ausarta iruditzen zait. Are gehiago, nik uste oraintxe bertan daukagun aukera ezin dugula pasatzen utzi. EAEn independentziaren aldarria oso sendoa da, eta ez genuke itxaron behar ea sua itzaltzen den…

  • Bea Salaberri
    Iparraldekoa 2012-07-11 18:08

    Otoi!! Ez ditzagun helburuak begi bistatik gal.
    EH da den hori EH osoan iparraldea eta nafarroa barne. Iparraldekoek ez dutela nahi? Nork erran du hori? Ala iparraldekoei ez zaie kasu puñetarik ere egiten? Norbaitek galdetu ote digu? Norbaitek EAE-munduko zentrotik kasurik egiten ote du? Jakin nahi ote du nor garen, nola bizi, zer pentsatzen dugun? …
    Agian guk dugun sentimendua da hegoaldeak ez duela gurekin nahi, berdin zaiola, guregana etortzen dela gure beharra duenean itxurarengatik edo quotak betetzeko, ongi ematen duelako. Inpresio hori ez garela aski…
    Otoi.
    Probokazio piska bat gutxiago.

    • Iñaki Larrañaga
      Iñaki Larrañaga 2012-07-11 18:30

      Arrazoi duzu, Iparraldekoa, diozunean zuekiko dugun jarrera sarri mingarria izan daitekeela. Horretan, autokritika galanta egin behar dugu alde honetakook. Baina, bestalde eta zoritxarrez, politikoki, gaur gaurkoz Frantziak du hartuta iparraldeko makila. Hori da behintzat nik dudan inpresioa. Honi buruz hegoaldekoontzako irakurgai/ikusgai interesgarriak: Iparraldearen atarramenduaz, Aberri Txiki Aberri Handi. Oso gustura irakurriko nituzke zu bezalako euskaldunen gogoeta landuak, benetan.

    • Iparraldean abertzaleak bozken %10a edukita ez dakit nola mintzen zaren hainbeste…

      • Nik ez dut bozkarik ematen. Ez al naiz abertzalea?
        A ze obsesioa okupatzaileen “demokraziarekin”.

  • Bea Salaberri

    Eni egitan planteatzen denak gauza frango argitzen dizkit…
    Baina non kokatzen da proiektu abertzalea istorio hortan? EAEren independentzia? Hegoaldeko autonomia? Iparralde frantximenta? Nundik ateratzen dira horiek? Atrebitzea? Bai hori! Eta ez gutxi.
    Eni ere nehork ez daut fitsik galdegin gaur arte… Baina ikusita kokapena, paso.

  • Inkesta guztiek bezala, honek ere galderan bertan amarrua dauka: bata ala bestea? Aukera bakarrak ote dira, ba? Ez nau harritzen jendea minduta agertzeak. Frantziak iparraldeko makila hartuta omen du; Espainiak ez al dauka hegoaldeko aginte makila bere gain? Euskaldun guztiok daukagu estatu euskaldun independente bateko partaide izateko eskubidea. Ez dakit… beharbada, estatua lurraldetik bereizi behar genuke. Nik uste dut independentziarako Udalbiltzaren bidea garatu behar dugula.

    • Hiheu, ulertu detenez, galderan ez da bat edo beste aukeratzeko esaten; hobesteko baizik. Hau da, 7 lurraldeez osatutako EH independiente horren ametsa errealitate egiteko estrategian, zein pausu eman lehenago? bata edo bestea?

      Neri galdera logikoa iruditzen zait, primeran iruditu zait Iñaki Larrañagak gaia atera izana. Egia da agian euskaldun batzuen sentimenduak mintzeko

      Agian zuk esan nahi diguzuna da tarteko pausu horiek gabe zuzenean 7 lurraldeen independentzia lortu litekeela? Horrela bada zure ikuspuntuak are gehiago harrituko ninduke.

      Bestalde, ados Udalbiltzaren bidea jorratzea oso interesgarria dela eta hortik jarraitu behar dugula. Baina, azken finean, Rajoik BEZa igotzen duenean, zer egin dezake Udalbiltzak hau ekiditeko? Hollandek euskara iparraldean ezin dela ofiziala izan esaten badu, zer egin dezake Udalbiltzak hau aldatzeko?

      Hau da, independentzia gabe, Estatu propio bat gabe, gauza batzuk inoiz ezingo ditugu lortu. Bitarte horretan Udalbiltza bezalako ekimen bat ezinbestekoa da. Ados. Baina independentziarako estrategia bat adostea ere. Bestela berriz ere zatitan banatu eta ‘etsaiak’ menperatuko gaitu.

      • ***Egia da agian euskaldun batzuk mindu ahal izan dituela, esan duenean “Nafarroa eta Iparraldea espainiar eta frantziar sentimenduak nagusi diren lurraldeak dira”.

        Nahiz eta ulertu dudan zer esan nahi zuen, agian ez du asmatu esateko moduan… Bestela galdera eta hausnarketaren atrebentziagatik, txapo!

  • Gure herria, bi estatu inperialisten menpean dago. Herri guztien modura, euskal herriak ere aske izan nahi du.
    – Erreferenduma… moduko hitzek hori ukatzen dute. Hau da, españa/frantziaren menpe jarraitzea, indepentziaren pareko aukera bat izango balitz bezala. Hots, herriak aske EZ izateko nahia, posible izango balitz bezala.
    – Gehiengoa… moduko hitzek berriz, etsaiak eginiko erroldaren onarpena dakarte. Eta noski, etsaiak bapatean 200.000 boto berri asmatzen dituenean, jokoz kanpo harrapatzen gaitu. Gehiengo hoiek jolas bat direlako etsaiarentzat.

    Beste kontu bat da, nire ustez, zenbateko indarra behar dugun lurraldearen askatasuna lortzeko. Izan dezakegun indarra, ezberdina da lurraldearen zati bakoitzean. Beraz, artikuluaren gaiari dagokionez, nik uste dut errezena lurraldearen askapena zatika egitea dela. Mendebaldetik hasi eta ekialderantz gure lurrak askatzen joanaz.

    Otegi-ren elkarrizketari dagokionez, gustatuko litzaidake, esaldi hau:
    “ene ustez “autonomia”ren fasea guztiz gainditutzat eman behar dugu independentziaren bidean”
    eta datozen hauteskunde autonomistei begira, EhBildu-k sortu duen ilusioa, nola uztartzen diren norbaitek azaltzea.

  • Nik uste dut Baskongadeetako independentzia edo lau probintzietako autonomia estatutua, Euskal Herriaren independentzia bezain utopiko/edo ez utopiko direla.
    Iruditzen zait utopikoena dela pentsatzea, espainiarrek/frantsesek kontutan hartzen dutela edo inoiz hartuko dutela gure iritzia. Azkeneko 500 urteotan ez da gertatu. Zer dela eta, egunen batean esnatu eta esan behar digute: Zer nahi duzue euskaldunak, hitzegin, eta erabakitzen duzuenari ez diogu trabarik jarriko. Inoiz paraiso horretan bizitzea tokatzen bazaigu, zertarako behar dugu independentzia?
    Independentzia berreskuratzea ez da utopikoa: zaila da. Espainiaren/Frantziaren jarrera demokratiko baten bila abiatzea edo konfidantza izatea, ametsetako mundu batean bizitzea da.

  • Ba independentziaren aldeko mugimendua Araban, Bizkaiako mendebaldean eta Nafarroako lur eremu handi horretan ez da nagusi eta hemen euskararen papera da arazoa eta irtenbidea…
    Euskara eta euskal kultura dira independentistak biltzen dituen oinarri nagusietariko bat, soilik independentisten portzentai handiena non dagoen ikusi behar da.

    http://www.eh-hauteskunde-emaitzak.net/map_hautes.phtml
    http://www.muturzikin.com/EHmapa10.htm

    • Ba nik ez dut uste horrela denik, erdara nagusi den lekuetan euskararik gabe ere abertzaletasuna handitu daiteke eta uste dut gainera handitu egin dela. Abertzale mordo bat dago euskararik ez dakiena edo badakiena baina erabiltzen ez duena eta alderantziz ere bai.
      Iparraldean hasiera batean behintzat datuak zuzenak badira ez da hori betetzen eta hasiera batean diot, antza denez Iparraldean ez baitute bozkatzen abertzale ez abertzale ideiarekin (Hori entzuna daukat, ez dakit egi zuzena den baino.)
      Bestalde Espainiako hauteskunde datuak Espainiako parlamenturako dira eta horretan gauza batzuk kontutan hartu beha dira: Presidentea aukeratzeak duela protagonismoa, ez dela jende berdina bozkatzen joaten…) Nik ez dakit zein datu hartu beharko litzatekeen (erreferendum bat aparte).
      Datu ona iruditzen zait baita, abertzale ez fama duten lurraldeetako eremu batzuek alkate abertzaleak dituztela; baina independentziari beste gai bat da. Ez nieke garrantzi handiegirik emango hauteskundeei.

      • Euskarak bai batu diezaiokegu Euskaldunei gure artean hizkuntza komuna hori baita. Hegoaldeko gehienek ez dakite Frantsesez eta Iparraldekoak Gaztelaniaz horregatik Euskaldunak batzeko bai ikuste dut garrantzitsu.

        • Abertzaleak bai, badaude baina esan ditudan lurralde hoietan independentisten ehunekoa abertzaleen ehunekoa baino askoz txikiago da.

          Esaten dudadana da euskara erabiltzen dutenek (eremu euskaldunekoak) herri edo nazio kontzientzia handiago dutela ze erdaldun eskualdekoek beraien burua hurbilago ikusten dute, behintzat kulturalki, gaztelania hizkuntza nagusi bezala dauden lurraldeekin.

          Eskualde erdaldunena eta euskaldunena ez da giro berbera, eta horregatik zaila izango da EH osoa bilduko duen independentzia lortzea.

          • Askoz harreman gehiago dute XX. mendeko gerrek eta horien lerro eta ondorioek abertzaletasunaren (independentismoa orain abertzaletasunetik gauza aparte bat da?) hedapenean hizkuntzak baino.

  • Erandio, ba hori galde beharko zenioke zonalde hoietan EAJ edo Bildu bozkatu dutenei, PSE edo PP-koekin argi dago. Hemen abertzale bozkatzen duten gehiengoek ez dute independentismoan hainbeste pentsatzen, autogobernuan ordea bai.

    ¿Noiz ikusi duzu independentismoaren aldeko manifestazio edo ekitaldi propioren bat, hau da, hango herritarrez antolatutakoa, Oionen, Balmasedan edo Lizarran?

    Jendeak ez du sikiera planteatzen…

    • Aizu, ba, ni Balmasedan, Laudion, Aiara aldean… holako askotan egon naiz.
      Berrobin edo Gaztelun, berriz, inoiz ez

  • Eta ikusi ote duzu ba halako ekitaldirik Gizaburuagan, Errezilen edo (hego zein ipar) Lekunberrin?
    Laudion, Santurtzin zein Irunen aurkituko dituzu ekitaldiok.

  • Inaki Irazabalbeitia 2012-07-13 12:41

    Nire iritziz euskal herritarrok estatu independente bat lortzeko aukera oro probestu behar dugu, estatu horrek, hasiera batean, Euskal Herri osoa bere baitan biltzen ez badu ere

  • Baina zer ote liteke hegoaldeko autonomia bat, ez bada estatu baten hazia? non da arazoa? imajina zazue hego euskal herriaren balizko legebiltzar hartan zer erabaki lezakete…
    zati baten independentzia, berriz, irtenbide gabeko ataka izan liteke: nola batuko litzateke gerora Nafarroa Garaia, edo Nafarroa Garaiko edozein eremu, udal, eskualde…??

  • Zerbait EAE-ri buruz planteatu baino lehen, eskualde guztietan dauden errealitateak ezagutu behar dira. Ez da gauza bera goierriko norbait konbentzitzea edo arabako errioxako norbait konbentzitzea…

  • Bea Salaberri
    Mikel irringarria zira! 2012-07-15 07:56

    Iparraldean abertzaleek%10 a. Herritarral zenbat gira? Nork bozkatzen du?. Hegoaldeko pblmatika berak. Eta begira Mikel, hori ez dute hegoaldetik hor gaindi direnek aldatuko. Horrek ez du fitsik ikustekorik galdera hau mingarri izanarekin. Baina horren ikusteko gauza ez zira izanen seguraski.
    Baina aizu!! Aipatzen baituzu… Zure uztez Bilduko koalizioa baizik ez den horrek zenbat eginen du? Alderatuz hori anitz litzateke?
    Dena den, lasai. PNVk gobernatuko du. Beste guziek kredibilitate eta heldutasun gutxi baitute. Eta galdera hauen erantzunak/iruzkin guziak masturbazioaren mailakoak egonen dira.

  • Joseba Aurkenerena 2014-01-06 16:23

    Ene ustez, datorkiguna hartu behar dugu, helburua beti garbi izanda: zazpi euskal herriez osaturiko estatu independentea.
    Euskal boterea behar dugu horretarako, eta botere hori hasiera batean, hiru lurraldetan atzematen badugu, har dezagun, eta lagun dezagun beste lau herrialdeetan euskara eta euskal kultura azkartzen, eta lau herrialde horietan ere independentzia lor dezagun.
    Espainolen eta frantsesen menpe egonik, besteen zain, ez dugu deus eginen.
    Ni Lapurdin bizi naiz eta Mendebaldeko lurraldeen independentzia aldarrikatzean bertan bizitzen jarraituko dut, baina, zalantzarik gabe, indar gehiago edukiko dugu euskaldunon egun handia erdiesteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude