EAEko hezkuntza lege berria: marko autonomikoa ala Euskal Eskola Nazionala?

EAEko hezkuntza lege berria: marko autonomikoa ala Euskal Eskola Nazionala? – 

EAEko hezkuntza lege berria udazkenean onartu nahi du Jaurlaritzak. Lehenik eta behin, Jaurlaritzak lege aurreproiektuaren zirriborroa onartuko du, eta, gero, aldeei bidaliko die: legebiltzarrari bidaliko dio, eta audientzia publikoa irekiko dute beste sailek eta eragileek ekarpenak egin diezazkioten. Izapide hori eginda, udazkenean prest izan nahi du lege egitasmoa, legebiltzarrak tramitazioari ekin diezaion.

Nahiz eta oraingoz legearen oinarriak onartuta egon, piztu diren zalantzen xehetasunak zehaztu beharko ditu Jaurlaritzak: euskara ardatz izango duen eredu eleaniztuna nolakoa izango den, nola eraldatuko den egungo ghettoak deuseztatzeko eskola mapa, edota segregazioari aurre egiteko neurri zehatzak zeintzuk izango diren. Hizkuntza ereduaren alorrean ikusteke dago ea EHBilduk aldarrikatzen duen eredua edo PSEren hirueleko eredua gailenduko ote den. Orain arteko adostasun zabala xehetasunak zehaztu ahala urratuko da, ziur.

Bien bitartean, gainerako eragile eta norbanakook presioa egiteko eta gaia gizarteratzeko aukera probestu behar dugu. Askok ez genuen Hezkuntza Legearen oinarrien akordioa begi onez ikusi, publifikazioari bidea ireki beharrean itunpekoaren aldeko apostua egiten delako, hauen kuotak oraindik nola desagerraraziko dituzten azaldu gabe. Doakotasuna helburua izanik, nekez uler daiteke titulartasun pribatua mantentzea. Gainera, ikastetxe itunduen artean, Kristau Eskolako eskola erlijiosoak %66 dira, eta Ikastolen Elkarteko ikastolak %33 besterik ez. Irabazi asmorik gabekoak direla eta izaera publikoa dutela aldarrikatzen dute ikastolek. Hauek publifikatzea izan beharko luke helburua. Horrez gain,  erlijioa hezkuntzan eskaini nahi duten eskolek ez lukete diru-laguntza publikorik jaso beharko benetan hezkuntza laikoaren aldeko apostua egin nahi bada. Hori horrela izanik,  Ikastolen Elkarteko ikastolak publifikatzeko benetako borondatea erakutsi beharko lukete EHBildu eta EAJk, zeintzuek gehiengo zabala duten legebiltzarrean (%60).

Aipatutako neurriak gauzatzeko bermea Euskal Eskola Nazionala da. EAEko hezkuntza lege berriak kontuan hartu beharko luke Euskal Herria dela gure marko propioa, nahiz eta gaur egun hiru administrazio ezberdinetan zatituta egon. Horrela islatu beharko litzateke ere curriculumaren eduki guztietan.

Bestalde, ikuspegi nazional horrek EAEtik kanpoko eskola euskaldunekin harremanak estutzea eta sakontzea ahalbidetuko luke.  Elkartasun sare bat sortu beharko litzateke EAEko eta Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko ikastetxeen artean, euskara ofiziala ez den eremuetako eskolak laguntzeko. Horrela, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko ikastolen bideragarritasuna bermatuko litzateke.  Gainera, euskal kulturaren transmisioa bermatu behar du Euskal Eskola Nazionalak, gure hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendua bermatuz. Frantzia eta Espainia erreferentzia gune izan beharrean, Euskal Herriko herri-kohesioa ikuspegi nazionaletik josi behar da. Gehiengo nahikoa dago aipatutako guztiari ekiteko. PSEri begira egon beharrean, Euskal Herria aintzat hartuko duen Hezkuntza sistema burujabea izan behar dugu helburu. Ez dago aitzakiarik. Izan ere, alderdiek marko autonomikoa bere horretan onartzeak, gure herri izaera eta hizkuntzari baino ez die kalte egiten.

Laburbilduz, eraiki dezagun euskara ardatz izango duen eskola euskalduna, segregazioaren aurkako egiturazko neurriak hartuko dituena eta euskal curriculuma eta nazio ikuspegia bermatuko dituena. Bestela, Frantziako eta Espainiako marko kultural eta politikoetan Euskal Hezkuntza Sistema urardotzen jarraituko dugu.  Beraz, hezkidetza oinarri izango duen hezkuntza sistema burujabe, euskaldun, anitz, laiko, inklusibo eta feministaren alde jarrai dezagun lanean.

EAEko hezkuntza lege berria: marko autonomikoa ala Euskal Eskola Nazionala?

Irakaslea eta gurasoa. Gasteiz

29 pentsamendu “EAEko hezkuntza lege berria: marko autonomikoa ala Euskal Eskola Nazionala?”-ri buruz

  • Frantziako eta Espainiako marko kultural eta politikoaren menpe dago parte handi batean, EAEn Euskal Hezkuntza Sistema deitzen dena.
    Nafarroan, EAJ-k eta EHBilduk babesten duten gobernu euskarafoboaren eraso bortitz sistematikoa gehitu behar zaio horri.
    Iparraldean egoera are larriagoa da…
    Testuinguru honetan Frantziako eta Espainiako marko kultural eta politikoaren oinarrietako bat den hezkuntza publikoaren sisteman txertatu nahi izatea ikastolak, ez zait oso apustu ona iruditzen.
    Ikastolak, beren aje eta hobetu beharreko guztiekin, herri honek berezko hezkuntza sistema batetik gertuen daukan sarea dira.

  • Euskal Eskola Nazionalaren arrastorik ez da ageri inon. Fikzio hutsa da, eta alderdi abertzaleak ere, EAJ eta EHBildu, oso bestelako norabidean abiatuak dira. Hezkuntza Legearen gaineko ituna norabide aldaketa horren adibide aratza da: itunean “inmertsio eredua” kontzeptua bera desagerrarazi zuten testutik PSEk eta Podemosek, eta EAJ-k nahiz EHBilduk onartu.
    Itunean hizki lodiz jasota dagoena eredu hirueleduna da, eta euskara gehiago, antza, baina ingelesa eta gaztelera ere irakats-hizkuntzak izango direla. Hots, D eredutik oso atzera egingo duen eredu bat orokortuko da. Horregatik egiten du Jose Antonio Pastor PSOEtarrak lo hain ondo. Euren marra gorriak irentsi dituztelako abertzaleek. Hauek ostera, Ikotz Arresek esana, “marra gorririk gabe” joan ziren negoziatzera. Emaitzak agerikoak dira.

  • Kaixo, JJ.
    Ulertzen dut diozuna, baina ikastolen bokazioa publikoa bada itunpeko sareak ez du zentzurik, eta irtenbidea bilatu behar zaio egoerari. Gainera, testuan aipatu dudan bezala itunpekoko bi heren eskola kristauak dira eta egoera horri ere amaiera eman beharko litzaioke. Euskal Eskola Nazionalaren planteamenduarekin berezko hezkuntza sistematik ere gertu geundeke, eta burujabetzan aurrerapausoak emango genituzke. Beti esan dut ikastolen publifikazioak berme batzuk behar dituela izan, eta hau bide egokia litzatekela uste dut.

  • Badakit alderdiek bestelako norabidea hartu dutela, horregatik egon dut idatzia, behar hau gizarteratzeko. Eredu euskaldunaren beharra ere oso agerikoa da, eta Celaren eredu hirueleduna porrot ikaragarria izan zela begibistakoa da

  • Euskal hezkuntza sistema nazionala esku artean izan arte, gure buruaz beste egitea iruditzen zait ikastolen sarea guztiz (partez badago eta) espainiar / frantses sistematan txertatu nahi izatea.
    Bestalde, uste dut garrantzitsua dela eztabaidak ematea dagoenaren inguruan eta ez nahi genukeenaren inguruan.
    Hezkuntza Legearen itunaren inguruan hiru txosten egin ziren publiko. Lehenaren gainean adostu zuten bigarrena EAJ-k eta EHBilduk. Astirik galdu gabe, PSOEk Sabin-etxeara deitu eta gauzak “bere bidera” eramanarazi zituen, Bildurekin adostutakoak ezabatuz edo urtuaraziz.
    EHBilduk orduan, nola edo hala sartu nahi izan zuen akordio “de país (de txitxinabo)” delako horretan, eta euskaltzale askok sekula pentsatuko ez genituenak irentsi zituen, akordioaren argazkia lehenetsiz edukien eta euskaldunon beharren oso gainetik. Bigarren txostenetik hirugarrenera dauden aldeak oso agerikoak eta erabakigarriak dira, euskara eta euskalduntasuna bazterrera utzi, eta “eleaniztasuna eta kulturaniztasuna” eufemisoekin bataiatu duten asimilaziorako eta akulturaziorako ateak irekiz parez pare.
    Hobe genuke EAJri eta EHBilduri zuzenean galdetu sinatu duten horren ondorioak zein diren ba ote dakiten.

  • Badakizu aurretik ere idatzi dudala hezkuntza itunaren inguruan, dagoenaren inguruan eztabaidatuz. Baina nahi dugun norabidearen inguruan hitz egitea ere beharrezkoa da.
    Sinatutako arren zehaztapenekin ikusiko dugu okerreko norabidea doala legea, jadanik badakigun arren

  • “nazio ikuspegia bermatuko dituena”

    “publifikazioari bidea ireki beharrean itunpekoaren aldeko apostua egiten delako, hauen kuotak oraindik nola desagerraraziko dituzten azaldu gabe.”

    Kontradikzio hutsa. Euskalduntzen ez duen hezkuntza eredu batek, haur euskaldunak ez banatze hutsarekin, euskaldunduko duela saltzea flipada izugarria da. Horretarako, hobe orain arte funtzionatu duena defendatu funtzionatu ez duena partxe huts batekin baliogarri izango dela saldu baino. Gaurkoz gaurko EAJrekin eta EHBildurekin euskalduntzen duen eredu bakarra Ikastolena da, ez gaituzue engainatuko.

    “Hauek publifikatzea izan beharko luke helburua.”

    “Bestela, Frantziako eta Espainiako marko kultural eta politikoetan Euskal Hezkuntza Sistema urardotzen jarraituko dugu.”

    Ostra! Nortzuk egiten dute hori! Nortzuk sinatu dute lege lotsagarri hau? Eta gainera legea kritikatzea Ikastolei ere diru laguntzak ematen dizkielako, mantentzen duen neurri apropos bakarra denean!

  • Oso okertuta zaude, euskalduntzen duen eredu bakarra ikastolena esatea gezur galanta da. Euskal eskola publikoak ere euskalduntzen du, eta ikastolek bezain beste nahiz eta atzerritar gehiago jaso.
    Euskara maila eskasaren arazoa globala da, eta ezin da sareka banatu. Arnasguneak bermatu eta ikasle eta irakasleen kultura eta hizkuntzarekiko atxikimendua bultzatzeko formazioa eta curriculuma garatu behar dira.

  • Irakurtzen dizuet eta ez dakit ilargiaren puntan bizi zareten edo tontotzat hartzen gaituzuen. Eskolak euskaldundu? Baina zertan demontre ari zarete? Eremu erdaldunduetan familiak euskalduntzen du, eta eskolak eta gizarteak erdalduntzen. Herri euskaldunetan, familiak eta/edo ingurune sozialak du euskalduntzen, eta eskolek hori mantentzen dute, onenean ere. Edo agian txarto ulertu dut eta euskalduntzearekin B2 titulua ematea esan nahi zenuten.

  • Eskola publikoak euskaldundu???? Adarra jotzen ala??? Behintzat ez gaitzazue lelotzat hartu.

  • Bai, hala da. Eskolak gero eta zailtasun handiagoak ditu ikasleak euskalduntzeko, baina hori aitortzeko zailtasun handiak dituzte sare ezberdinetako bozeramaleek eta defendatzaileek. Eta uste dut ezberdindu behar dela euskalduntzea eta euskara (ingelesa balitz bezala) irakastea. Euskalduntzeak erabateko inmertsioa eskatzen du euskaraz, oso ikastetxe gutxitan gertatzen dena, eta ikasleak heztea Euskal Herria ardatz hartuta, are ikastetxe gutxiagotan gertatzen dena.
    Joxe Manuel Odriozolari irakurtzea eta jaramon egitea komeni da, sareetako bozeramaleen, agintarien eta alderdien mezu bihurrituetatik urrunduta.

  • Eskolak gero eta gutxiago euskalduntzen du, baina aurretik aipatu dudan bezala arazoa globala da, ez da sare kontua. Datu objektiboekin oso agerikoa da egoera. Azken ebaluazio diagnostikoan DBHn, D ereduko sare publikoan, %50,4k euskara maila baxua lortu zuten; itunpeko sareko D ereduan, %42,2k. Bi datuak oso kaxkarrak dira. Bi sareek gutxiegi euskalduntzen dute.
    Horregatik da inoiz baino garrantzitsuagoa marko propioa, Euskal Eskola Nazionala.
    Arnasguneak bermatu eta ikasle eta irakasleen kultura eta hizkuntzarekiko atxikimendua bultzatzeko formazioa eta curriculuma garatu behar dira.

  • Bai, Mitxel, baina datuek agerian uzten dute sare publikoan datuak itunduan baino kaxkarragoak direla, biak ala biak txarrak izanagatik. Areago, sare itunduko datuak, ikastolak eta ikastetxe erlijiosoak, guztiak zaku berean sartuta emanak dira. Ez dago aditua izan beharrik ondorioztatzeko kualitatiboki gehien euskalduntzen duen sarea ikastolena dela. Hots, sareen artean aldeak badira. Eta alde horiek nabarmenagoak lirateke ahozko ekoizpena ebaluatuko balitz (ez da neurtzen!). Horretaz ere hitz egin behar litzateke eztabaida sano eta zintzo bat egiteko girorik balego, baina ez dago. Giroa gaiztotzen eta narrasten “lan handia” egin dute plataforma eta sindikatu batek edo bestek.
    Bi eztabaida ezberdin dira. Bat, egingo (menpeko) hezkuntza sistemarekin zer egin, eta bi, Euskal Eskola Nazionala nola eraiki. Bigarrenean ez daude alderdiak (BIlduk aipatu baino ez du egiten), ezta sindikatu gehienak ere.

  • Noski kaxkarragoak direla, baina sare publikoak jasotzen dituen atzerritsr guztiekin arraroa litzateke hala ez izatea. Jaurlaritzak dioena betetzen badu hori orekatu egingo da ikasturte honetatik aurrera, eta ikusteke dago zer nolako emaitzak utziko lituzkeen egoera berriak. Halere, ez da nire nahia sareen artean mokoka ibiltzea, alderantziz baizik. Helburu berarekin batu behar dira bi sareak, gure marko propioaren alde, eta gutxien euskalduntzen duten eskola horiek (KE), erlijioa diru laguntza publikoen bidez ematen dutenak, pribatu bilakatu daitezela.

  • Eta pare bat adibide ematera animatuko naiz, sareen artean aldeak izan badirelako. Nire etxetik oso gertu dauden bi ikastetxe publikotakoak dira. Batean, urte luzez oraintsu jubilatu den arte, irakasle euskarafobo amorratu bat (gutxienez) aritu da klaseak ematen, gurasoei seme-alabak A ereduan matrikulatzera animatuz (idatziz) eta abar.
    Bestean, herri oraindik euskaldun bateko D ereduko ikastetxe publikoan, guraso batzordeak eskolaz kanpoko jarduerak antolatu ditu españolez…
    Hori etxetik oso gertu, aipatu bezala, inon peskisan ibili beharrik gabe. Antzeko kasuak hamaika izango dira Euskal Herrian zehar, baina ezkutuan gordetzen dira, inon ez dira aipatzen, errelatoa eta errealitatea oso urrun izaten direlako sarri.
    (Gure seme-alabak bi ikastetxe publiko horietako ikasle izanak dira, bidenabar).

  • Eta bai, ikastetxe publikoetan datuak ikastoletan baino kaxkarragoak izatea oso normala da, askoz etorkin gehiago jasotzen dituztelako, haur horiek behar bezala artatzeko baliabide nahikorik ez zaielako esleitzen, irakasleen errotazio handia dagoelako urtero, gurasoen “euskaltzaletasuna” askoz urriagoa izaten delako (ikastola askotan ere gero eta nabariagoa dena), eta abar, eta abar. Baina orduan hitz egin dezagun horiek guztiak zuzentzeaz, norkbere egoera eta errealitatea onartuta, eta ez sindikatu eta plataforma jakinek zabaltzen duten kakatza oinarri hartuta.

  • Ez dut sindikatu ezta plataforma jakinen kakatza oinarri hartzen, ez dakit zergatik diozun hori…badakizu hasieratik irmoki salatu dudala hezkuntza itun hau.
    Baliabide eskasia salatzen jarraituko dut, noski. Eta baita murrizketak ere, eskolak itxi beharrean ratioak jaisteko aukera paregabea zegoen eta.

  • Ez nintzen zutaz ari kakatza aipatzean. Esan nahi nuena da sindikatu eta plataforma jakin horiek eztabaida lorrindu, muturretara eraman eta desitxurarazi dutela, eta horrek eragin zuzena daukala gizartean zabaldu den eztabaidaren ezaugarrietan. Eztabaida antzua, gaiztoa eta sarri oso injustua da, zauri asko ireki dituena eta konponbide zaila duena.

  • Ados, pozten naiz hori entzuteaz. Badakit giroa askotan gaiztotu dela, eta horregatik testu hau sareen zatiketa gainditzeko proposamen nazional gisa planteatu dot, badakit berde dagoela gaia, baina ondo dago gure jomuga zein den argi ikustea. Plazera beti errespetuz zurekin eztabaidatzea, Jonjo. Ezberdintasunak ezberdintasun, helburu beraren alde borrokan.
    Besarkada bat!

  • Beste bat bueltan. Zaindu!

  • Eskolak euskaldundu dezakeela uste izatea premisa ustel batetik abiatzea da. Ulergarria da guraso erdaldunek hori sinestea, baina euskaldunok, lau hamarkadako esperientziaren ostean, eskarmentatuta egon beharko genuke. Familiek eta gizarteak behar dute euskaldundu, eta eskolak euskalduntasun hori sendotu. Etxe eta gizarte erdaldunean bizi den haurra, jatorria jatorri, eta kasurik onenean, euskara gutxi-asko dakien erdaldun gisa irtengo da derrigorrezko hezkuntzatik. Urte batzuk igarota, gehienak ez dira gai izango euskarazko bi esaldi lotzeko.

    Oker ez banago Steilas sindikatua izan da ikastolei etengabe egurra eman diena publikotasun estatala dogmatzat eta segregazioaren kontrako borroka aitzakiatzat hartuta.

  • Hala da. Eskolak berak bakarrik ezin du inor euskaldundu. Baldintza egokiak beharko lituzke horretarako, soilik eta neurri batean bakarrik, herri oraindik euskaldunetan ematen direnak.
    Herri erdaldunduetan, hots, Euskal Herriko udalerri gehienetan, eskolak gero eta gutxiago euskalduntzen du, hasteko, benetako inmertsio eredurik ez delako herri euskaldunetatik kanpora, eta hauetan ere, gero eta zailtasun handiagoekin.
    Eredu publikoaren eta itunduaren gaineko eztabaida, aipatu sindikatu horrek, bere eraginpeko plataforma batek edo bestek, eta alderdi / sindikatu zeharo españolistek planteatu duten moduan, kalte egiten digu euskaldunoi eta mesede espainiarrei.
    Baina ezagun denez, hemen dena da “euskal”, aisuec, baita Espainia eta Frantziaren erabat menpe egon eta euskalduntzen ez duen eskola ere.

  • Beñat Castorene 2022-08-29 15:55

    Arratsalde on Jonjo eta lagunak
    “[…]Euskal Herriko udalerri gehienetan, eskolak gero eta gutxiago euskalduntzen du, hasteko, benetako inmertsio eredurik ez delako herri euskaldunetatik kanpora, eta hauetan ere, gero eta zailtasun handiagoekin.”
    Zer pentsa dezakegu gaur, bada, Iparraldeko lizeoa Baionan egiteko hautuaz ? Zer zen funtsezko arrazoia? Nork zuen erabaki?

  • Galdera ona, Beñat…

  • Babua izan behar da gero ezer nazionalaz mintzatzeko. Lankide batek esan zidan behin, batek baino gehiagok, noiz hasten dira umeak euskaraz?

  • Okertuta, okertuta esaten dena, Pisako dorrea dago. Ezin da testu bát euskaráz idatzi¿

  • Okertuta? Euskal eskola eta abar eskatzen duenak lehenik euskara ikasi beharko luke.

  • Aritz Larreta Bereziartua 2022-09-22 09:27

    Kaixo,
    Erabat ados Mitxelen mezuaren TONUAREKIN! Edukia garrantzitsua/ezinbestekoa da, bai, baina edukiak zehazteko/adosteko TONUAK, niri behintzat, asko laguntzen dit. Tonua hori bada, ni eztabaidatzeko prest!!!

  • Nire ustez Ikastolak publifikatu beharrean, eskolak “ikastolizat”, ikastolatu beharko lirateke.