EAEko hauteskundeetan euskarak behar duen lekua izan dezan eskatu die Kontseiluak alderdiei

Data zehatza egon ez arren, Kontseiluak jakin izan du alderdi politikoak EAEko hauteskunde-kanpainari begira programak prestatzen ari direla, eta arrazoi horrengatik Kontseiluak hurrengo urteotan EAEn aplikatu beharreko hizkuntza politika iraultzeko proposamena luzatu die. “Egunotan ohartzen ari gara hauteskunde-kanpainan beste esparru batzuek hartuko dutela lehentasuna, eta horrexegatik euskarak dagokion lekua izan dezan galdegin diegu Kontseilutik” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Ohituraz, Kontseiluak hauteskunde-egitarauak aztertu izan ditu, eta ondoren, alderdiek aurkeztutako programen balorazioa egin izan du. “Oraingoan aurrea hartu eta egitarauak prestatzen ari diren unean luzatu nahi izan diegu proposamena alderdiei, eta, beraz, badute aukera herritarrei hauteskunde-kanpainan aurkeztuko dieten programak egokiagoak izateko” gaineratu du Bilbaok.

Aurrerapausoak eman diren arren, euskararen normalizaziotik urrun gaudela adierazi du Paul Bilbaok, eta ondorioz normalizazio-prozesua bizkortu beharra agertu du. “Horretarako gutxienekoak zein diren definituak ditu Kontseiluak: kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea eta gure hizkuntzak beharko lukeen status egokia (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa” gaineratu du.

Lehenik eta behin, Kontseiluak alderdiei helarazitako proposamenak orain arte aplikatutako hizkuntza-politikaren hutsunerik handienak aztertzen ditu. “Finean etorkizunean eraginkorki jardun behar badugu, nahitaezkoa dugu orain arte egindakoa aztertzea eta hutsuneak zein diren zehaztea” azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Ondoren, hizkuntza-politikak izan beharreko helburu nagusiak zein izan beharko liratekeen azaltzen du dokumentuak; hain zuzen ere,. ezagutzaren unibertsalizazioa, euskararentzako espazio sozialak, euskararen aldeko motibazioa, zabalkunde soziala eta hizkuntza-eskubideak.

Horrekin batera hurrengo urteotan arlorik arlo egoerari buruzko irakurketa laburra eta egin beharrekoak zehazten ditu Kontseiluak helarazitako proposamenak. “Esparru gehienetan hartu beharreko neurrien proposamen-zerrenda osatu nahi izan dugu, besteak beste, helduen euskalduntze-alfabetatzean, administrazioaren euskalduntzean, arnasguneetan, hezkuntzan. Kontseiluak oso argi du hizkuntza-politika zehaztasunez definitu behar dela” adierazi du Bilbaok.

Amaitzeko Paul Bilbaok deia egin die EAEko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdiei: “Azken egunotan argitaratutako datuek erakutsi digute nahitaezkoa dela hizkuntza-politika aldatzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Normalizazio-prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko. Horrexegatik, eskatu nahi dugu Kontseiluak luzatutako proposamenari erreparatzeko eta haien programetan hizkuntza-politika eragingarria hartuko duten konpromisoa agertzeko”.

 

 

EAE, euskara, hauteskundeak, kontseilua

Zer duzu buruan “EAEko hauteskundeetan euskarak behar duen lekua izan dezan eskatu die Kontseiluak alderdiei”-ri buruz

  • PNVren erantzuna badakigu zein izango den: «Lo diré en castellano, para que todo el mundo me entienda». Eneko Goiak lehengokoan Donostiako udaletxean esana. Hori de PNVren benetako jarrera euskararekiko. Beste guztia, kaka jarduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude