Durangon bazkaldu barik…

…ez dut egin Mañarian gora. Trikitixaren kalejirari kasu handirik egin gabe ibili naiz, beraz, sakrilejioan. Paguaren onduan ere ez dut ezer garrantzikorik egin, ene bizitza sexualarentzat. Damu naiz, zinez. Lehen orduetan baizik ez bainaiz ibili Azokan, hori halaxe da. Alabaina, interesgarria izaten da honekin eta harekin hitz egitea. Tartean editore beteranoenetako bat, saltokia muntatu, jendea lanean utzi, eta ospa ihes egin duena: “hau gehiegi da enetzat, zahartuta nago honela ibiltzeko”. Berak errotik ezagutzen ditu gure liburugintzaren ajeak, eta berari entzun diot konturik interesgarriena. Antza jendea penaturik da aurten hirurehun eta piku nobedade bakarrik argitaratu direlako Durangorako. Pozik zen, ordea, gure editorea: “Hori albiste oso ona da. Nobedade gutxiago bildu beharko litzateke hona. Izan ere Durangokoa trituradora bat izaten da zientoka libururentzat. Ez al zaik iruditzen?”. Baietz egin diot buruarekin, zer erantzun asmatu ezinda. Zenbaiten pena, liburuak eta idazleak maite dituzten beste batzuentzat, alegrantzia.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

5 pentsamendu “Durangon bazkaldu barik…”-ri buruz

  • Galdera honek ez du zerikusi zuzenik mezuaren mamiarekin, badakit. Baina galdera hau egin nahi dut: zer irizpide jarraituta egin da aurten Durangon hirurehun eta piku nobedade gutxiago daudela dioen kontaduria hori? Beste modu batez ere galdetuko dut: zer liburu dira, kontaduria horren arabera, Durangon “nobedade”?

  • Horrelako gauza bat heuk ez badakik, nork jakingo dik, Pipi? Komunikabideetatik jasotako zifra duk: “ia 400 nobedade Durangon”. Liburu bat “nobedade” izendatzeko zein irizpide erabili diren, nik ez zakiat. Hor ibiliko haiz oraindik, eta galdetu Gerediagakoen “eskaparatea” muntatzen dutenei. Nik uste argitaletxe batzuek, 2006ko liburu guztiak izendatzen dituztela “nobedade”. Beste batzuek, ostera, Durangora begira espreski ateratakoak… Pentsatu nahi diat, hik hori galdetzeko, torpedoren bota nahian habilela. Ez duk?

  • Bai, horixe duk ikusi dudana, hik dioan horixe bera. Argitaletxe batzuek udaz geroztiko liburuak sartzek ditiztek, besteek urte osokoak, eta inork ez dik galbaherik jartzen. Hortaz, datuak ez dituk oso “zientifikoak”, nik uste. Beraz, hortik ateratako ondorioak are gutxiago. Etxepare Institutuak euskal literatura zabaltzeko lana egingo dik, diotenez, baina… arduratuko al da inor inoiz euskal literatura benetan zer den aztertzeaz?

  • Amigo mio, hitz potoloak aitatu dituk, Etxepare Institutua eta… Hala ere, iruditzen zaidak, “nobedadeen” kontu hau ez dela ez hain garrantzizkoa eta ez hain zaila ere. Aski litzatekek, esaterako, Gerediaga Elkarteak arau bat jartzea:” Azaroaren 1etik aurrera argitaratutako liburuak bakarrik izango dira nobebabe eta egongo dira nobedadeen erakusleihoan”, esaterako. Eta kito.
    Normala duk argitaletxeak euren jugadak egitea, eta egia duk “Aurten argitaratutako guztiak”, edo “Udatik hona argitaratutako guztiak” bezalako irizpideak ere balekoak izan daitezkeela, ezen, zer ardura dio horrek guztiak? Zer ardura zaukak Irailean argitaratutako liburu bat, edo Ekainean, Durangoko nobedadeen artean agertzeak? Funtsean bat ere ez. Argitaletxeek euren ekoizpenaren erdia inguru saltzen baditek Durangon, normala duk horri begira ibiltzea. Kontua hondokoagoa eta zailagoa duk: zer egin zitekek Durangokoa hain “zentrala” ez dadin gerta eta liburu kontsumoa urte guztian uniformeki barreia dadin? Horretarako Etxepare Institutuak, eta bera bezalako beste hamaikak ere baditek zeregina… Gogoa eduki ezkero.

  • Bai, hori duk kontua. Niri Gerediagak eta argitaletxeek egiten dutena ondo iruditzen zaidak, horretan ez nauk sartuko. Kezkatzen nauen kontua duk Jaurlaritzan inor ez dela euskal literaturaren produkzioaz benetan arduratzen, eta, hori kontuan hartuta, Etxepare Institutuarenak ez didala niri behintzat esperantza handirik pizten. Zer daukagun jakin behar dela lehenik, alegia, daukagun hori sustatuko bada. Eta Jaurlaritzan inork ba al daki benetan zer daukagun? Ez. Zer egiten dute orduan? Kanpoan dauzkaten konfiantzako kontaktuen esku utzi guztia. Eta zein da ondorioa? Ikusiko.