Durangoko Maisuaren Bidaiazaletasuna (Edo, Iñigo Urkullu Ez Da Inoiz Erizaina Izan Finlandian)

Durangoko Maisuaren Bidaiazaletasuna (Edo, Iñigo Urkullu Ez Da Inoiz Erizaina Izan Finlandian)

Durangoko Maisuaren Bidaiazaletasuna (Edo, Iñigo Urkullu Ez Da Inoiz Erizaina Izan Finlandian)

ETBren webgunetik hartu nuen albistea, eskolan ikasleei paratzeko; Finlandiara joateko asmoz prestatzen ari ziren erizainak, edo, hobeki erranda, eraizaingaiak zituen mintzagai, baina niri tonuak deitu zidan atentzioa: zeinen abentura zirraragarria Finlandiara joatea, hango hizkuntza ikastea, jende berria eta haren ohitura arrotzak ezagutzea. Nire ikasle bat, ordea, ados zegoen, ona omen da gazteak atzerrian ibiltzea, arrunt komenigarria; eta, bai, abentura dela. Ikasleari galdegin nion orduan nola ez zen bera, gazte zelarik –emazteki edadetua baitzen–, Euskal Herritik kanpora joan; iraultza egiteko gelditu zela –gelditu zirela bere belaunaldikoak– izan zen arrapostua; arrapostu ederra, dudarik gabe, nire barneko itzultzaileak –holakoa badut-eta– honela ekarri zuena euskara batura: “zaharra naizenez, uste dut niretako nahi izan ez dudan hori lasai-lasai gomendatzen ahal dudala gazteendako”. Iraultza. Bidean zer gertatu zen ez nion galdegin.

Bidaiak eta, oro har, atzerriko egonaldiak, baita nahita eta ez lan bilatu beharrak bulkatuta egiten ditugularik ere, gainbaloratuak daude. Plater exotikoak probatzeko aukera ematen badigute ere, gure izaeraren alde ilunenak deskubritzera behartzen gaituzte maiz. Nik, adibidez, Erasmus bekari esker jakin nuen ez naizela latinoa –Alemanian, mutil kolonbiar goapo batek zera erran zidan: “hemen latinook arrakasta handia dugu neskekin”, eta, hara, pentsatu nuen, bistan da ni euskal arrazako ale puru-purua naizela–; eta, Pragan, bertze adibide bat emate aldera, ohartu nintzen maniatiko-obsesiboa naizela: taxilari bat saiatu zen neskalagunari eta bioi iruzurra egiten; autoa geldiarazi ondotik, eztabaida zen –erdipurdiko alemanez egindako eztabaida, taxilariak ez baitzekien ingelesez– ea ordura artiokoa ordaindu behar genion edo ez; gidariak baietz, eta guk ezetz, eta aleman kaskarrean ez dizut ordainduko erraten nion aldioro –gauerdia zen, Pragako karrika bakarti batean, eta txoferra gazte eta gihartsu samarra–, barnetik erretzen ninduen zalantza zera zen, baina alemanez ordaindu aditzak zer eskatzen du, datiboa edo akusatiboa?

Nolanahi ere, Pragako zalantza ez zen iduri duen bezain hutsala, komunikazioa zaindu behar baita beti, eta jakin behar baita zer erran, nori eta zein testuingurutan. Bertzenaz, erraten ditugun gauzek irri-emangarri edo lotsagarri uzten ahal gaituzte, edo ustekabeko ondorioak izaten ahal dituzte. Segur aski, guziok ezagutzen ditugu berez ez dagokiena erraten duten pertsonak.

Nire lankide bat –tira, orain Iruñeko Hizkuntza Eskolan egiten dut lan, baina lehenago bertze nonbait ibilia naiz, ez du inportarik non; lehenagoko lantoki hartaz ari naiz, argi gera bedi–, nire lankide izandako bat, beraz –izandakoa, denboraren ikuspuntutik, iraganeko lan hartakoa delako, baina baita harremanaren ikuspuntutik ere, une jakin batetik aitzinat utzi bainion kidetzat jotzeari–, nik lan hura utzi baino lehen lankidea izatetik gelditua zen nire lankide izandako bat, beraz, estilo horretakoa zen, lekuz kanpo mintzatzen direnetarik, edo, Pragako taxilariak bezala, okerreko bidetik eraman ondotik gainera kargu hartzen dizutenetarik.

Nire aspaldiko lan hartan, urtero kulturarekin zerikusia zuten jardunaldiak antolatzen genituen. Egia erran, nire lankide izandakoak hartua zuen bere gain jardunaldi horiek antolatzeko ardura. Urte batean, lana soberaxkoa zelakoan, laguntza eskatu zigun gainerako lankideei, baina fite ikusi genuen gure zeregina asto-lana egitea zela, ez jardunaldiak antolatzeko prozesuan parte hartzea. Alegia, lana banatu nahi zuen; ez, ordea, boterea.

Hurrengo urtean, morroi ibilitakook hasi ginen gure artean jardunaldiak antolatzeko ideiak proposatzen, betiere gure nagusiari lana aurrezteko asmoz. Harekin izan genuen lehendabiziko bileran, ordea, gure proposamenak aditutakoan erran zigun ez zela eroso sentitzen, ez baitzekien zer-nolako irizpideak erabiltzen ari ginen jardunaldien programa osatzeko. Gauza gehiago erran zituen, gauza ederrak naski, baina, futbolean jokoz kanpokoa zer den niri esplikatzen saiatzen direnean bezalaxe, deskonektatu egin nuen; nire barneko itzultzaile automatikoa, berriz, martxan zebilen, eta irizpideen gaineko diskurtso eder hartarik hau ulertu zuen: “zer ari zarete hau antolatzen? Hemen nik manatzen dut, jardunaldiak nireak dira eta zuek nire laguntzaileak bertzerik ez zarete”. Gure kolaborazioa, jakina, egun hartan akitu zen.

Nire ikasle hark bezala, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak erran du ona dela gazteak atzerrira joatea, kanpora ateratzera animatzen dituela, aukera gisa ikusi beharko luketela. Nire itzultzaile automatikoak zera ulertu du: “politikari gisa, bertzelako aterabiderik bururatzen ez zaidanez edo asmatzera ausartzen ez naizenez, uste dut nire diskurtsoa erabili behar dudala botere ekonomikoak ezarritako egoera goxatzeko; lan faltagatik sorterria uztea, beraz, aukera izanen da”.

Nire lankide izandakoaren solasak eta lehendakariarenak ez dira guziz berdinak, jakina. Bere diskurtsoarekin, nire lankide edo dena-delakoak ez zegokion boterea aitortu nahi zion bere buruari; Urkulluk, berriz, bere diskurtsoarekin uko egiten dio badagokion boterea hartzeari: planak martxan jarri beharrean, zer egin gazteak EAEn geldi daitezen pentsatu beharrean, bidaia ona opa die; politikaren helburua, nonbait, botere ekonomikoak uzten dizkion apurrak kudeatzea da.

Halere, antzekotasunak ere badira: nire ikasle haren iraultza bezala, biek hitz gozoak, hitz jasoak, hitz politak erabiltzen dituzte jarrera ez hain gozoa eta ez hain polita estaltzeko, eta guri ziria sartzeko –uste baitute naski txikikerietan galduko garela, gure buruan bueltaka ibiliko garela ea ordaindu hitzak zer eskatzen duen, datiboa edo akusatiboa–: batak bere botere gosea dotoretzeko, bertzeak egoera itsusi eta penagarri bat edertzeko. Baina, batez ere, emaitzan dira antzekoak bi diskurtsoak, biek erakusten baitute bi lagun horiek duten kargua desegokia dela, edo, bertzenaz adierazia, lankide txarra zela nire lankide hura, politikari txarra dela gure politikari hau. Lankidea, nolanahi ere, iraganeko kontua da. Urkullu, berriz…: tira, lehendakariak bidaiak bezala, nik hauteskundeak ikusten ditut aukera gisa, horrelako gauzak erraten dituen politikaria iraganeko kontua izan dadin.

Durangoko Maisuaren Bidaiazaletasuna (Edo, Iñigo Urkullu Ez Da Inoiz Erizaina Izan Finlandian)

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.