Durangoko Judo Taldeak Estatuan aitzindaria den tatamia estreinatu du

Judo taldeko kideek interneten aurkitu zuten tatami berezi honen berri. Denverreko judo irakasle batek sortu zuen, Ameriketako Estatu Batuetako beste ingeniari eta aditu batzuekin elkarlanean. Ethafoam izeneko material batez hornitua, tatamiak hobeto eusten die kolpeei eta erorketak leuntzen ditu. “Kolpeak eragindako bibrazioak tatami osoan zehar birbanatzen ditu”, azaldu zuen Txema Carreto judo taldeko kideak. Tatamiak 160 metro karratu ditu. Azaldu dutenez, Getxoko Judo Taldeak ere sistema bereko tatamia jarri du, Durangoko taldeak informazioa eman ostean.

Txema Carreto Durangoko Judo Taldeko irakaslea tatami berria erakusten
Txema Carreto Durangoko Judo Taldeko irakaslea tatami berria erakusten

Tatamiaz gainera,  koltxoneta eta altzari berriak ipini dituzte. Bide pribatutik jasotako 20.000 euro inbertitu dituzte lan horietan. Aldaketa hauekin guztiekin judo taldeak aro berri bati ekin nahi dio: “Orain sei urte desagertzeko zorian egon zen eta arduradun berriek emandako bultzadari esker errekuperatzea lortu genuen”, gogoratu du Carretok. Gaur egun, 4 ta 14 urteko 75 gaztetxo daude taldean.

Nazioarteko txapelketa

Aurreratu dutenez, judoa ezagutara eman nahian abenduaren 20an Nazioarteko Judo Txapeketa antolatuko dute Landakon. 9 eta 14 urte arteko 300 bat gaztetxok parte hartuko dute. Oraingoz, Bizkaiko, Gipuzkoako, Kantabriako eta Iparraldeko 12 taldek baieztatu dute euren parte hartzea.

Joseba Derteano

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude