Durangoko Azoka 51, aurtengo edizioaren balorazioa

51. edizioa bizitzekoa izan DA

Bisitaria ikusle izatetik parte-hartzaile izatera igarotzen hasi da

 

Durangoko Azokak aurtengo edizioaren balorazio-prentsaurrekoa egin du gaur goizean, abenduak 6, Areto Nagusian. Egun oso baten falta izan arren, momentuz Azokak esku artean dituen zenbatekoak eta balorazioak aurkeztu nahi izan ditu. Prentsaurrekoaren partehartzaileak honakoak izan dira: Gerediagako presidente Nerea Mujika, Saguganbarako kudeatzaile Itsaso Gangoitia (Azokako zortzi guneen izenean), MIE Musika Industria Elkarteko Ruth Manzano eta EEE Euskal Editoreen Elkarteko kide Pello Elzaburu.

balorazioa-2016Nerea Mujikak aipatu duenez, Durangoko Azokak aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin du, zenbatekoei dagokionez eta batez ere nolakotasunei dagokionez ere. “Bizitzekoa DA” izan da aurtengo leloa, eta helburu hori bete egin dela azpimarratu du Gerediagako presidenteak: “Gero eta gehiago, bisitaria ikusle izatetik partehartzaile izatera igarotzen ari da. Azoka ez da erakusleiho hutsa, Azoka plaza bat da, euskal kulturaren plaza, eta gero eta gehiago gara plaza honetan parte hartzen dugunak: boluntariotza programaren, topaketa ezberdinen edota egitarauko hainbat jarduera parte-hartzaileren bitartez”. Horren adibide izan da azken lau egunetan Landako barruan eta Landakotik kanpo ere egon den giro ederra. Eguraldia lagun, jendez lepo egon dira Durangoko kaleak, eta hamaika jarduera egon dira bazter guztietan: kalejirak, dantza-plazak, aldarrikapenak eta abar.

Datuei erreparatuz gero ere, 51DA emankorra izan da. Egun baten faltan, aurreko urteetako bisitari-kopurua errepikatu du Azokak: zehatzago, iazko kopurutik apur bat beherago momentuz, baina gaurko egunarekin iazko kopuruetara heltzea espero da. Igandea, abenduak 4, izan zen egunik jendetsuena. Autobus-zerbitzuaren erabilerak ere igoera nabarmena izan du iazko datuekin alderatuz gero. Zerbitzu hau bigarren urtez antolatu da, bisitariei erraztasunak emateko eta auzokideei eragozpenak ekiditeko asmoz, eta hurrengo urteetan zerbitzua hobetzen jarraitzeko asmoa badago. Datuekin jarraituz, webguneak ere bisitari-kopuruan gorakada izan du; aipatzekoa da Azoka hasi baino aurreko asteetan izan dela nabarmenagoa gorakada hori, eta Azokak, beraz, interesa pizten duela kulturzaleen artean kulturaren plaza heldu baino lehenago.

Bisitarien profilari dagokionez, azpimarratzekoa da Ikasle Egunak izan duen indarra. Azoka apur bat aurreratzearen arrazoietako bat Ikasle Eguna mantentzeko erabakia izan zen, eta bueltan, Azokak Ikasle Egun bi jaso ditu. Izan ere, lehenengo eguneko ikasle-uholdearen ostean, abenduaren 5ean ere ikasle ugari gerturatu zen Azokara, horrek transmisioan duen garrantziarekin.

Helduen tailerrei dagokionez, aurten esperientzia-pilotu bezala antolatu dira lehenengo aldiz, helduei ere bestelako esperientziak eskaintzeko asmoz, eta euskara ikasten ari direnak ere erakartzeko helburuarekin. Erantzuna gora-beheratsua izan da; tailer batzuetan parte-hartze handia egon da, baina beste batzuetan ez horrenbeste. Hurrengo urteari begira, eskaintza findu eta hobetzeko asmoa izango du Azokak.

Azokako guneen balorazioa

Saguganbarako kudeatzaile Itsaso Gangoitiak Azokako gune guztien balorazioa egin du gaurko prentsaurrekoan. Etxetik hasi du balorazioa. Aipatu duenez, “Saguganbaran umeen sormena programazioaren erdigunean jarri dugu. Horren adibide argiena atzoko ‘Talentue Plazara’. Eszenatokira igo eta egiten zekiten erakusteko irrikan zeuden guztiak. Hiru orduko emanaldia egin zuten denen artean”. Azpimarratu duen legez, Saguganbarak erreferentzialtasuna irabazi du familia-plana dutenen artean. “Publiko fidela dugu eta asko dira Landakotik buelta egin eta Saguganbarara datozenak”.

Ahotsenean 123 proposamen aurkeztu dira eta publikoak, ohikoan bezala, erantzun du. Zuzenekoek kokagune aldaketa izan dute aurteneta formatua bera ere moldatu egin da espazio horretara. Baina hau ez da traba izan bertan jo duten sortzaileentzat. Izan ere, publikoarekiko gertuago sentitu dira. Solasaldien guneari dagokionez, gero eta ezagunagoa dela nabarmendu nahi izan dute. Sortzaileak gero eta aurkezpen ezberdinagoak eskatzen dituzte, performanceak, errezitaldiak… Hurrengo urtean ekimenak hamar urte beteko ditu.

Kabian nabarmentzekoa da komunitateek hartu duten garrantzia. Gaur egun, esan dezakegu, euskarazko eduki digitalen topagune esanguratsua bihurtu dela, ez bakarrik proiektua aurkeztu eta ezagutzera emateko. Horrez gain, proiektuetan lan egiteko ere lekua bada. Gaurko eguna dugu horren adibide. Librezale taldeak libreoffice.org gunea euskaratzeko maratoia antolatu du eta euskarazko mundu digitalari ekarpena egingo zaio horrela.

Areto Nagusia eskaintza aldetik oso anitza izan da, baina batez ere gai sozialak nabarmendu dira. Bozgorailu bat izaten jarraitzen du proiektuak aurkezteko, hausnarketa plazaratzeko, ikerketak gizarteratzeko eta zabalkunde lanen berri emateko. Bestetik, hirugarren urtez, Gogoetaren Plazak hausnarketa mamitsuak utzi dizkigu kulturgintzaz.

Irudienean igarri dute euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileek bertan egon nahi dutela. Urteko ekoizpen esanguratsuen lekua bihurtzen ari da. Publikoa ere iritzi berdinekoa da eta sortzaileak bertan izatea bereziki eskertzen du. Irudienea ez da ikus-entzunezko baten emanaldi hutsa, protagonistak ikuslearekin hartu-emana izateko lekua ere bada. Ikusle kopuruak goranzko joera erakutsi du aurten ere.

Azoka TBn 100 elkarrizketatik gora izan dira eta egunero 10 orduko emisioa izan du. Hau hedabide ezberdinetako elkarlanaren fruitua da. Streaming bidez ematen den edukia gero eta webgune gehiagok jasotzen dute. Horrek Azoka TBren irismena handitu egin du.

Platerueneko kontzertuetan, aforoa betetzear izan dute ia egunero. Plan ona bihurtu da azokak ateak ixten dituenerako.

Amaitzeko, Szenatokian antzezlanen eskaintzan apostua egin da eta bueltan kopuru positiboak uzten ari da. Maratoiak bere publiko fidela izaten jarraitzen du, programatutako obretan bi minutuko txalo zaparradak ere izan dira eta gaurko arratsaldeko emanaldirako sarrerak herenegun agortu ziren. Baina oraindik eszenatokiaz gozatu nahi duenak, badu aukeraz, gaur eguerdiko saioarekin.

www.durangokoazoka.eus

gerediaga-logoa

durango-01