Dorpezia politikoaren aurka

Euskal Herria Bai-k zabaldu duen azken oharrak harridura sortarazten dio militante argi edo kritiko xamarra denari. Horra nola  bestetan bezala dei egiten duten abertzale guztiok bat egin dezagun hurrengo hauteskundeari begira. Bainan oraingoan, gainera, deia ez da bakarrik heldu den kontsultarako, baizik eta elkartasun iraunkorra aldarrikatzen du gerorako, deia zabalduz abertzale eta ezkerreko den orori ere.

IPARRETARRAK

Horraino ulergarria egiten da eta bat etor daiteke Iparraldeko militantzia. Baina, erran bezala, deia zabaltzen zaie inongo elkarte edo taldetan ez dauden norbanakoei bi baldintzak betetzekotan: abertzale eta ezkerreko.

Indefinizio honek, ordea, ateak zabaltzen dizkio edozein interpretazio edo galderari, hasteko, edozoin infiltrazio motari erreztasuna emanez, izan ala ez abertzale eta ezkerreko. Izan ere, nork egin behar du bereizte lan hori? Zein bulegok emango du ezkertiar eta abertzalearen diploma?

Proposamen honek beste garai batzuk oroitarazten ditu eta beste militar bulego haiek. Zein ezker? Non dago ezker hori? Ba al dago manifestu edo antzekorik? Abertzaletasuna ere kodifikatu al dute  polit bureauren bateko funtzionariek? Non sinatu behar da zer?

Nik dakidanez ezker abertzalea EAJ (PNV) ren aurka defintzen da gehienetan. XIX. mendeko iraultza industrialaren ondorioz sortu zen ezkerra Hegoaldean, hain juxtu Bilbo inguruetako Ezkerraldean. Adibide moduan, esaterako, 70eko hamarkadan abertzaleek mezprezatu egin zuten Gabriel Aresti olerkaria, espainolista zela eta.  Beranduago gauza berdintsua gertatu zitzaion Imanol kantariari ere… Gaur, ordea, geure kuluraren ezaugarri dira biak ala biak.

Aitzitik, Iparraldean ez da inoiz izan ezkerrik edo ia fitsik. Hemengo ezkerra beti izan da frantziarra, ainitzetan jakobinoa eta euskaldunon aurkakoa. PSUk lortu zuen bere garaian abertzale bretoien artean sartu eta ezkerreko antolakuntza ematen. Gurekin harremanak izan baziren bere hartan gelditu ziren.

Orduan, Bokale bere burdingintzarekin, Maule bere industriarekin eta Hendaia  Espaniako gerlatik etorritako iheslariekin eta  mugako trafikoaren inguruan mugitzen ziren funtzionariekin, izan ziren ezkerreko hiru herri bakarrak Iparraldean. 60. hamarkadan Enbataren sorrerak eragin zuen Lapurdiko politikagintzan, baina eskuinekoak eta ezkerrekoak, denak aterpetzen ginen han.

Iheslarien etorrerarekin, 1968ko gatazkarekin eta barne aldetik kostaratutako ikasle jendearekin hasi zen ezkerreko biztanle politiko berri bat sortzen. Belaunaldi hura guztia Frantzian ezker muturreko erakundeetan sartu zen bezala, Iparraldean abertzaletasunarekin lotu zen.

Enbataren zartatzea ekarriko zuen eta hainbat mugimendu berriren sorrera ere bai: HASI, EHAS, Herri Taldeak, EMA, Iparretarrak… Garrantzi handia ukan zuten, baina Hegoaldean ziren zatiketa guztiak errepikatzen ziren hemen ere.

ETAren inguruko iheslarien eraginez Hegoaldeko giroak handitzera egin zuen Iparraldean, mimetismo handia sortuz. Handiegia ene irudikotz. Eta mimetismo horrek hango zatiketan eragiten zituen hemen, esan bezala.

Baina, nik dakidanez, Eskual Herrian ez da izan ezkerreko doktrina berezirik edo propio geurea denik. Abertzaletasunaren formulazioa ere ez da asko aldatu Sabino Aranak aldarrikatu zuenetik. Beraz, gure borroka kokatzen da Euskal Estatu baten lorpenean, baina, hori bai, lortu aitzinetik, zatiketa da nagusi gure artean, gure zapaltzaile diren estatu bien pozerako.

Askorentzako hau guztia kontu zaharkitua izanen da, baina Oscar Fortin pentsalari quebekiarraen pentsamendua neure egiten dut: “Nire ustez historiatik ikasi behar dugu gizartean sustraitu gabeko proiektuek nora eramaten gaituzten. Ez da aski ezkerraz eta eskuinaz mintzatzea, baizik eta benetako estatu demokratiko eta independente baten funtzioez. Asmo on guztiek, izan ezkerreko ala eskuineko, euren proiektua Konstituzio batean txertatzeko modua aurkitu behar lukete, herriaren hautazkoa eta herriak bozkatua. Gizarte demokratiko bat bere burua onartzen duen huraxe da, zer den eta zer nahi duen argi eta garbi dioena”.

Nik uste honek guztiak gogoetara eraman behar gaituela. Gure borroka ezin daiteke oinarritu demokrazia eta demagogia nahasten dituzten hau bezalako dorpezietan.

 

Euskal-frantsesa?, galdetzen didate. Euskal-espainola?, galdetzen didate. Normala, mugakoa bainaiz, Hendaiakoa, gure guraso iheslarien semeetako bat. Horregatik erantzuten diet denei: euskal-alemana naizela, izatekotan. Ni jaio nintzenean, alemaniarrek agintzen baitzuten hemen.

2 pentsamendu “Dorpezia politikoaren aurka”-ri buruz

  • Ez dut fitsik konprenitzen. Orduan zein da kontua, ezkerreko abertzale sentitzen direnen bilera eskatu beharrean, euskal estatu baten alde daudenena eskatzea?

  • Interesgarria bainan ez dut ulertzen zergaitik IK-ren sinboloak irudiztatzen duen gaia.Gaia ez da ez IK ez borroka armatua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude