Don’t disturb erdaldunak, plis!

Don't disturb erdaldunak, plis!Euskararen inguruan antolatuta daukagun antzezkizunaren beste atal bat pairatzea egokitu zaigu gaur. Hamaikatxo bider bizi izandako pasartea irentsi behar izan dugu ikastolan, beste behin ere.
Alabaren gelako irakaslearekin bilera izan dugu gurasook.

Irakasle jatorra eta prestua, eta erdaldunekin oso sentibera, antza. Gure ikastolako irakasle prototipikoa (salbuespenak badiren arren).
Azken punttako teknologiak baliatuta, garai bateko gardenkien ordez, gardenki elektronikoez gozatzeko parada izan dugu, gardenkitik gardenkira ordeñagailua eten egiten bazen ere, hutsik egin gabe!

Gurasoak 20 bat ginen, gehien-gehienak amak, “betiko-besela”. Gehienak elebidunak, dozena erdi erdaldun elebakar gehienez ere.
Halakoetan gure ikastolak erdaldunen alde egiten du normalean, erdaldunen “integrazio” erosoaren mesedetan, ez bada irakasle euskaltzale “taliban konpleto” batekin egiten duzula topo. Gaur ez da gertatu.
Hasierako gardenkiak ele bietan eta hurrengoak euskara hutsez zeuden, baina ahozko jarduna erdara hutsez ia, hasiera-hasieratik. Egia osoa esate aldera, euskarazko hitz batzuk tartekatu ditu irakasleak (las azterketas, jarreras desegokias, las kontrakoas,…) eta esaldi oso bakar bat edo beste, erdarazko hitz aspertua graziaz apainduz
.
Gurasoon aldetik galdera bakarren bat edo beste, errespetuz egina beti ere, hots, espainieraz… Betiko taliban-nahi nabarmenduzaleak bere ohiko euskarazko galdera jaurti duen arte, ahí va-ahí va-ahí va!: “gurasoei zuzendutako ikastaroak erdaraz izango dira, ala euskaraz ere bai?” ez du ba bota zozoak, lehergailu baten antzera, bileraren ordurarteko martxa baketsua zartaraziz!
Guraso gehienak, talibanari ez, ama euskararierrefraktario amorratuari begira jarri dira, izuak jota.
Ama euskararierrefraktarioa, aldiz, talibanari begira, begiak puztuta, ezpainak oker, aulkian mugitzen hasi da, zerbait erantzun nahi eta ezin…
Eskerrak, bere ondokoak, egoeraren larriaz ohartuta, talibanak jaurtikitako galdera espainierara itzuli dion ama errefraktarioari, lasaitzea lortuz.
Beste gurasoek ere, sakon hartu dute arnas, gatazka antzurik piztu ez dela ikusi dutenean.
Bilera bere onera itzuli, eta hizkuntza normalean, komunekoan, egin du aurrera zorionez.

Taliban muturrekoek euren okurrentzia arriskutsuei estuago eutsi behar liekete, zeren bestela, euskaldunon eta erdaldunon arteko elkarbizitza armoniatsua arriskuan jar bailezakete, euskararen anormalizazioari mesederik batere egin gabe gainera.
Edukazioz eta errespetuz jokatuta baino ez dugu lortuko erdaldun elebakar tematiak erakartzea (beste bizitza batean, beharbada).

Ikastolan ere, don’t disturb erdaldunak, please!

Don’t disturb erdaldunak, plis!

23 pentsamendu “Don’t disturb erdaldunak, plis!”-ri buruz

  • Deskribatzen duzun guraso-batzar hori irudikatu nahian nago. Ez nintzen presente egon, eta batzutan hitzez deskribatu ezin daitezkeen sentsazio, energia eta tentsioak, testuan galdu egiten ditugu.
    Euskaraz galdera bota zuek gurasoak, hau galdetu zuen “gurasoei zuzendutako ikastaroak erdaraz izango dira, ala euskaraz ere bai?
    Nire zalantza; zuk planteatzen duzun elkarbizitza horretan, gadera hori erasokorra iruditzen zaizu? lekuz kanpo dagoela?
    Ikastola bateko guraso batek, onar dezeke arazorik gabe bilera gidatzen duen irakasleak bere jarduna gazteleraz egitea. Baina seme-alabak ikastolara bidali dituenez geroztik, ez genuke txarto hartu behar, ikastaroak euskaraz egiteko desioa, euskaraz manifestatzea.

  • hau da, “gurasoei zuzendutako ikastaroak erdaraz izango dira, ala euskaraz ere bai?” galdetu duenari aplikatzen diozu “Taliban muturrekoek euren okurrentzia arriskutsuei estuago eutsi behar liekete”?

  • nabari da ez duzula askotan irakurri Itzain-enik! ironiaz ari da, berak bere burua talibantzat du-eta, nik neurea bezala. Taliban gutxiegi gara, zoritxarrez.

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Itzain, hurrena mugikorra hartuta bideoklipa egin. Hamaika aldiz denok bizi izan dugun egoera izan arren ez zagok horren ikus-entzunezko lekukotzarik. Hasi behar genikek zorrotzago izaten, eta horietarako aurrez prestaturik joaten, guztia erregistratuko duen lagun batekin.

  • bale ba! lehen aldiz irakurri dut itzain, eta ez nekien ironia ala akusazioa zen….Tamalez, itzainek ironiaz esandakoa serio esaten duenik badago…eta

  • eskerrik asko erantzunagatik!

  • Oraintxe irakurri dut erantzuna.
    Ironiaz ari nintzen noski. Egoera horiek umore pixka batez hartu ezean gaixotu egingo ginateke asko. Niretzat behinik behin, teraupetikoa-edo da gertakari hauek hemen idaztea. Askatu ezean lehertu egingo nintzateke, hain da patetikoa gure egoera!
    Pasarteko “muturreko talibana” ni neu nintzen, Aiala…

  • bikain! =) eta zalantza argituta, zurekin bat nator! aurreko iruzkin batean esaten nuen, zalantza sartu baldin bazait, euskaldun elebidunak euskaraz jarduten dugunean, “talibantzat! hartzen gaituzten pertsonak daudelako izan da. #GaizkiPentsatua (ni) eta #UmoreaFaltaZait, kar kar kar

  • Animo ba Itzain, espero guraso denen artean aterabide bat aurkitzea zuen egoerari.
    Gure kasuan, iaz 2 guraso genituen euskara ulertzen ez zutenak, eta bilera euskaraz izan zedin nik egiten nien “aldi bereko itzulpena”. Noski, lehendabizi beraiei planteatu nien eta ondo iruditu zitzaien. Ondoren irakasleei eskatu nien “aldi bereko itzulpena” txukun xamarra egin ahal izateko, pare bat egun lehenago bileraren laburpentxo bat idatziz pasatzerik izango luketen. Gustora hartu zuten proposamena. Eta dena ongi atera da.

    Aurten, euskara ulertzen ez duen beste guraso bat etorri zen bilerara, baina inoren proposamenik gabe (nik dakidala), bere seme zaharrena ekarri zuen bilerara, ondoren, etxean edo, bileran esandakoak azal ziezaizkion. Bilera euskaraz egin dugu.

    Espero dut bi ideia hauek baliagarriak suertatzea zuen bileretan eragiteko. Segi gogor, eta umoretsu!!!

  • Euskal Udalekuak

    Kaixo,

    Egia esan, Itzain, neuri ere kosta zait lehenengoan zure mezua ulertzea. Beste batek esan bezala, ez nekien serio ala ironiaz ari zinen. Azkenean behintzat, konturatu naiz ironiaz (sarkasmoz ere esan liteke) ari zinela. Motel samarra izan ni!

    Egia da, bai, askotan errepikatu ohi den egoera dela zuk deskribatu duzuna. Ni neu irakaslea naizen aldetik, ikasturte hasierako guraso-bilera batzuk behintzat egitea egokitu izan zait. Nik uste euskara ardatz duen eskola orok argi behar lukeela guraso-bileretarako hizkuntza-politika. Euskara ardatz duela aldarrikatzen duen eskola bada behintzat, argi dut, euskarak izan behar duela bilerako hizkuntza hegemonikoa. Horrek ez du esan nahi, bilera hasieran, euskara ulertu ere egiten ez duen inor dagoen galdetu behar ez zaienik gurasoei. Euskara ulertu ere egiten ez duen gurasoren bat balego, adieraziko nioke, diapositiba aurkezpena elebitan egongo dela eta, nahi/behar badu behintzat, bilera amaieran, galdera-erantzunen txandan, galdetzeko ulertu ez duen horri buruz eta laburpen bat egingo niokela. Horrez gain, guraso elebidun/eleanitz presturen bati ere laguntza eskatuko nioke eta itzultzaile lana egiteko eskatu.

    Kontuak kontu, argi dut, elkarbizitza osasuntsurako ezinbestekoa dela batak bestea ulertzea, alegia, euskaldun eta erdaldunak elkar ulertzea. Gu, euskal elebidunok garenok, gai gara erdaldun elebakarrak euren hizkuntzan ulertzeko. Eta erdaldun elebakarrek? Ulertzen al gaituzte gu geure hizkuntzan? Balintza hau bete artean, euskaldun talibanok gerra ematen segi beharrean gaudelakoan nago.

    Animo guraso eta irakasle talibanei ikasturte hasierako bileretan!!!

  • Horrelako bilerak elebitan egitaren guztiz kontra nago. Batetik, erabat jasangaitza egiten zait gauzak bi aldiz entzun beharra (normalean kontu aspergarri xamarrak direnean, gainera), gauzak euskaraz esan eta gero itzuli beharra. Bestetik, ez dut zertan talibanen modura euskaraz aritzeko eskubidea pelmadarekin mendigatzen ibili.

    Gure eskolan guraso euskaldunak bilera batera biltzen gaituzte, eta guraso erdaldunak beste batera. Hori iruditzen zait soluzio normalena.

  • Gure ikastolan bilera guztiak egiten dira bai euskaraz bai gaztelaniaz, ordu ezberdinetan. Lan pixkat gehiago hartu behar du irakasleak, baina ez da irtenbide okerrena. Denak eroso.

  • Eskertzen dira erantzunak.
    Eta bai. Nik ere uste dut egokiena hori litzatekeela, erdaldunekin txanda batean eta euskaldunekin bestean. Proposatu izan dugu hori, eta beste aukera batzuk, baina alferrik.
    Gure ikastolak behinik behin, arazo handi xamarra dauka hizkuntzen kudeaketarekin, eta gaztelaniari ematen dio gehien gehienetan lehentasuna.
    Esan behar da, gurasoen aldetik ez dala sekula gamazadarik edo sikiera protesta seriorik gertatu, baten edo besteren ahaleginez at.
    Gure haurren erabilera ere, halakoxea da…
    Banoa zakurrarengana, ea honek euskarari eusten dion oraindik.

  • Apa Itzain, egun on eta animo motel!!!

    Guraso batzorderik ez dezute zuen ikastolan? hor gaia landu eta ikastolari proposamen adostu bat helaraztea posible litzake?

    Nire ikastolan gehien kezkatzen nauena da gurasoen arteko hizkuntza ohiturak. Ikastolako euskara planean kontuan hartzen dira esparru desberdinak: ikasle-ikasle, ikasle-irakasle, ikasle-guraso, irakasle-guraso (bilerak hor sartzen dira), irakasle-irakasle, ikastola-hornitzaile. Eta horietan eragiteko ekintza sorta proposatzen da.

    Baina bada bat faltan bota duguna, guraso-guraso, hain zuzen. Ikastolako hizkuntza ohiturak aldatu nahi baditugu, gurasoon papelaren inguruan hausnarketa serioa egin behar dugu, besterik ez bada, patioan gurasoen arteko jardunaren inguruan. Baina baita ere, gure artean hitz egitea kurtsoko bileretan euskararen erabilera areagotzeko egin dezakegunari buruz, zeintzuk diren bakoitzaren espektatibak, zein eredu bultzatzen dugun orain arteko jardunarekin… Horrez gain, etxeko lanetarako eta bestelakoetarako euskararekin zailtasunak izan ditzaketen gurasoei nola lagundu gure artean.

    Abenduan kurtsoko gurasoekin bilerak antolatuko ditugu gai hauek lantzeko. Eta ea zer lortzen dugun.

  • zakarias aiztierdi 2014-10-09 09:31

    Itzain, earki adierazi duzu nik bizitzen dudana geure ikastolan. Gurean elebitan hasten dira, perfekto, euskaraz esandakoa españolez segidan. Baina halako batean, nekatzen hasten dira edo, eta españolaren proportzioa hazten hasten da, harik eta hurrengo edukia zuzenean españolez eman arte. Orduan, nire begiekin topo egiten dute, eta egoera berbideratzen dute. ikastola gora gure ikastola…

  • zakarias aiztierdi 2014-10-09 09:37

    portzierto, aurpegitxo hoiek ze adierazten dute? iakurri ostean nola zauden? edukia gustatu zaizun? izan daiteke haserre egotea edukiarekin bat etortzeagatik…

  • Aupa Urko, eskerrik asko animoengatik. Gaur goizean beste txute bat jaso diat gainera: haginlariarenean egon nauk, Gasteizen, haginlari (on) euskaldunarenean, behargin gehienak ere elebidunak dauzkana, eta webgunea euskaratzen ari dena. Hemendik dabiltzanentzako, BAIONA HORTZ KLINIKA, Lakua auzoan. Oso gomendagarria, bai arretan, bai jardunean ere.
    Gure negoziora itzulita, guraso batzordeko bidea urratu nuen, alferrik ere bai. Azken batean, gure ikastolan behintzat, zuzendaritzak agintzen du, eta bai lehengoak, bai oraingoak ere, hizkuntzaren kudeaketari heltzeko garaianbeldurrez bezala jarduten dute.
    Herri honetan euskararen ordezkapena erabatekoa izan zen. Oso herri erdaldundua da, eta erdaldunen nagusikeria agerikoa da, baita abertzaleen artean ere (pasadizo bilduma polita osatu daiteke). Euskararen erabilerari ez zaio arretarik jartzen ezta ezker abertzaletik ere (EAJren inguruko Geroa Bai, euskararekin gogoratzen da soilik UPNren aurrean itxurak egiteko oso noizbehinka). Euskara ez da lehentasuna abertzaleentzat ere. Eta hori da egoera guraso batzordean ere.
    Adibide xume bat: behinola, ikastolako guraso batzordeak kultur ekitaldiak antolatzen hastea erabaki zuen. Lehenengoa, eskaladari buruzko diaporama bat izan zen, eta eskalatzaile ospetsu bat ekartzea proposatu zuen aita batek. Euskaraz ba ote zekien galdetu nionean, begiak zabal-zabalik, harrituta, erantzun zidan; a!, ba ez dakit. Galdetuko diot… Galdetu zion eta baietz, euskalduna zela eta euskaraz eman zezakeela saioa. Hala ere, saio eman aurreko egunetan arazo bat iazn zuen, eta ordezkoa bilatu behar izan zuten. Erdalduna ekarri zuten (ez baitago apenas eskalatzaile euskaldunik), eta ikastolak erdarazko saio arrakastatsua eskaini zuen, natural-natural. Hemen, “baskotasuna”, ikurriñaren eta folklorearen bidez adierazten da. Horiek biak oso bizi daude herrian. Euskara koma egoeran oraindik. Pentsa, gure ikastolako haurrek barre egiten diete ondoko herri euskaldunekoei “azentoa” oso nabarmena daukatelako… Euren gurasoek eta aiton-amonek barre egiten zieten erdaraz gaizki egiten zutelako. Gureek azentoarengatik… Eskerrak udal abertzalez inguratuta bizi garen!

  • Aupa Itzain! Enpasteak merkeago jartzea bakarrik falta zaiek! jajaja.

    Ikastolako kontuez ordea, parrea uxatzen zaidak. Suposatzen dek ikastoletan Zuzendaritzak gurasoei kasu egin beharko liekeela, edo behintzat, Artezkaritza edo Kontseilu Errektoreari. Baina egia esan, nire kasuan ere Guraso Batzordetik ez diagu gauza asko lortu… aipatu diadan bilerako egoera hori nire kurtsoko bileran izan zuan, baina zoritxarrez ez dek orokorturiko dinamika bat. Gurean ere, guraso euskaldun eta irakasle ugarik zeukik oraindik konplexu pila eta “edukazio onegia”. Gainerako kurtsoetan euskara ulertzen ez duen baten bat baldin bazegok -> dena elebitan. Hau da, bilerak 2 ordutik gorakoak dituk. Infumableak, alegia.

    Irakasleen kasuan gainera, uste diat beste kontu bat ere sartzen dekela beraien kalkuluetan. Euskaraz ulertzen ez duten gurasoak ere bezero dituk, eta ahalik eta gustoren eduki behar dizkiagu. Bezero iheskorrak, antza. Euskaldunak ordea, bezero fidelak, hamaika zaplasteko jaso arren, ikastolan segiko diagunak jo ta ke lanean. Eta pentsatzen diate (zorionez, ez denek), bileraren bat euskaraz bakarrik eginez gero, aldibereko itzulpena erabiliz, hauek gaizki sentituko direla eta bihar bertan beste eskola batera joango direla korrikan.

    Pou anaiak, Ekaitz Maiz, Irati Anda, Josune Bereziartu… Eskerrak ironia erabili duaken, bestela Aiala bezala haserre ninduan iada. 😉

  • Ikastolaz egiten duan hausnarketarekin guztiz ados hirekin.
    Ikastoletako arduradunak ez dira konturatzen jokabide horrekin eragiten duten kalteaz. Euskaldunon sumisioa eta euskararen “alferrikotasuna” betikotzen dituzte, normalizazioaren bihotza behar lukeen gunetik bertatik. Honetan ez zagok umoreari nondik heldu…

  • Goizean auzoko supermerkatuko langile batekin izandako enegarren pasadizoaren ondoren (Lastima…, gertatu behar zena aurreikusten banuen ere, segapotoa grabatzen jartzea ahaztu!), idatzizko erreklamazio bat jarri dut supermerkatuan bertan, langile batzuek ez daukatelako arreta egiteko euskarazko ulermen maila minimorik. Elebiden ere jarri dut kexa, erreklamazioaren kopia bat atxikita.

  • Lan egiten dudan eskolan (publikoan) guraso bilerak euskaraz egiten dira. Gurasoei gidoia banatzen zaie: euskaraz dakitenei euskara hutsez, eta ez dakitenei bi hizkuntzatan, gaztelerazkoa zertxobait zabalagoa bilera jarraitzeko. Hala ere aurten, gidoitik kanpo zeuden kontu batzuk aipatu nituen eta guraso euskaradunei, euskara ez dutenen alboan esertzeko eskatu nien, belarrira itzulpena egin ziezaien, puntu konkretu horietan.
    Gure semea aldiz, ikastolara (pribatura) joaten da, eta bertan bilerak bi hizkuntzatan aguantatu behar izaten ditugu. Behin eta berriz eskatu dugu ikastolan, bilera hauetan gauzak bi aldiz entzutea aspergarria dela, haria galtzen dela… baina urte bat, bestearen ondoren eta ez dute inongo aldaketarik egiten.
    Kezkagarria iruditzen zait, euskara ez dakiten gurasoak ez molestatzeagatik, euskara dakigunoi behar bezalako arretarik ez jartzea ikastoletan, euskara bultzatzeko herriak sortu dituen eskoletan. Benetan kezkagarria dela deritzot.
    Irakasle bezala ez zait oso egokia iruditzen bi bilera egitea, bilera bakoitzean gurasoek azaldu ditzaketen kezkak, eta galderak ezberdinak izan daitezkelako eta bilera lehenengo egiten dutenek ez dutelako bigarren bileran aterako direnen berri izango.

  • Azken pasartean aipatzen duzun kezka horrek konponbide erraza dauka. Irakasleak jaso ditzake batean eta bestean jasotako aldeak, eta guraso guztiei helarazi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude