Donostian bandera errepublikarra jarrita PPko zinegotzia biluztu dute

Donostian bandera errepublikarra jarrita PPko zinegotzia biluztu duteHaizeak Espainiako bandera errepublikarra jo du egun osoan Donostiako udaletxeko balkoian. Bigarren Errepublika izendatu zutenetik 81 urte bete direnean, “herriekiko elkartasun keinu” hori egin nahi izan du Udal Gobernuak, Tibeti egin bezala.

PPko zinegotziak, Ramon Gomez Ugaldek, erabakia salatu du twitterren, argazki eta guzti: “Negargarria da Bilduk udaletxea Herriko Taberna balitz bezala erabiltzea”.

Hankasartzeaz jakinarazi dio @txemapatino twitlariak: “Ez duzu uste tristea dela lehen demokrazia espainiarra defendatzen duena Bildu izatea eta ez PP?”

Gomez Ugaldek Herriko Taberna eta Espainiako Errepublikarekin lotu  izanaren absurduaz ohartu diote batzuk.  Okerrari izkin eginez, “Barregarria da Bilduk espainiar banderak jartzea, oso errepublikarra izan arren”, erantzun du Gomezek.

ABCn argitaratutakoaren arabera, bandera hori jartzea “tamalgarria” dela dio Donostiako PPk, eta hiriari “prestigioa kendu” egiten diola.

Kontu eske idatzi diote hainbat errepublikazalek twiterren: “Ez haserretu gizona, zuek ministro frankista ohia baten aldeko 4 memoria ekitaldi ospatu berri dituzue orain hilabete gutxi”, Fragaren heriotzaren ondorengo omenaldiak gogoan hartuz.

Aurretik ere Donostiako PPk kezkatuta agertu zen Espainiako bandera monarkikoa behar bezala mugi zedin. Oraingoan ere Ramon Gomez Ugalderen hitzekin, PP muturreko jarrerara mugitu da, iragan frankistaren ordenarekiko duen errespetua agerian utziz, biluz biluzik erakutsiz zer den haiena, “Demokraziaren ilaran” lehenak direla esatea eta Errepublika iraintzea.  Horrez gain, Bilduk eztula egin orduko polemika artifiziala sortu nahi horren gehiegikeria baten erakuslea. (Kazetarien lupa ere gainean du Izagirrek).

Altxor politikoak (1)

Ezkertiar independentistek 1931an ezarri zen Errepublika Espainiarra goratu dute haren bandera hori gorri eta morea egun batez balkoian jarriz. Alderdi kontserbadore espainiarrak, aldiz, salatu egin du abertzaleek bandera espainiar hori (bi bandera espainiar guztira balkoian!) jarri izana.

Gehigarria:

ABC, sinbolo errepublikarra ere gutxiestu nahian: “Bandera errepublikarraren jatorri daltonikoa”

Donostian bandera errepublikarra

bandera, Donostia, Errepublika, Espainia, gomez ugalde, Ikurrina

46 pentsamendu “Donostian bandera errepublikarra jarrita PPko zinegotzia biluztu dute”-ri buruz

  • Hauek espainiar errepublikarrak:
    “Ni ez naiz sekula espainolista edo xobinista deiturikoa izan. Baina gauza hauen aurrean sutan jartzen naiz. Eta jende horrek Espainia zatikatu nahi baldin badu, aukeran nahiago dut Franco. Felipe V.aren sistema bidegabea eta zorrotza zen, baina egonkorra eta erosoa. Bi mendetarako baliagarria izan da. Espainiaren historian, konstante bat izan da berrogeita hamar urtetik behin Bartzelona bonbardatzeko beharra. Kataluniaren autonomia ezeztatzeko Francok egindako dekretuak jarraitzaile sutsuak zituen errepublikanoen artean. Ez naiz Francoren aurkako gerran ari, Bartzelonan separatismo ergel eta “abarkadun” bat erne dadin. Euskal frontearen erorketarekin, etorkizunean izan genezakeen arazo bat konpondu dugu. Francori eskertu behar diogu euskal gatazka konpondu izana, iraganaren parte bilakatu den kontua. Nazio bakarra da: Espainia! Inolaz ere ontzat hartzen ez ditudan zatiketetara eramango gaituzten kanpaina nazionalistak onartu aurretik, Francori bidea libre utziko nioke baldintza bakarrarekin: alemaniarrak eta italiarrak alde batera uztea. Erregionalismo kontuetan, separatistekin baino falangistekin hobe ulertzen dugu elkar”.

  • Bildu barrutik kritika sortuko al da espainiar banderari horrelako lekua emateagatik ?

  • Amonamantangorri 2012-04-15 17:01

    “Herrien arteko elkartasun keinu” bezala ongi iruditzen zait. Abertzaleak ez diren ezkerreko sektoreetatik botuak eta atxikimenduak erakartzeko propaganda operazioa ere izan liteke.

    Banderena, anekdota txoro bat izan arren, adibide garbía iruditzen zait, nola ezker abertzaleak ez duen bere burua behartua ikusten besteei betidanik exijitu izan dizkion gauzak egitera. Jakina, Bilduk ez du abertzaletasun frogarik eman beharrik horrelako keinu sinbolikoekin.

  • Aupa!
    Nik ere elkartasun keinu gisa ulertzen dut… kontuan izanda historiak hor erakutsi diguna. Faxismoaren aurkako sinboloa da bandera hori, gerra euskaldunen ondoan (nahiz eta jakina izan orduko bando berekoen arteko gorabeherak handiak izan zirela) egin zutenei keinua. Eta Bildu eta Ezker Abertzalea kontzienteki eta asmo txarrez nahasten jarraitzen duzuenoi: Bildu ez da Ezker Abertzalea. Bilduren baitan, adibidez, Alternatiba dago. Mesedez, bereiz ditzagun behingoz gauzak.

    Osasun!

  • Halere, Tibet ez da estatu inperialista bat eta Espainia aldiz bai. Monarkikoa ala errepublikarra izanik ere, bandera hori gure herrian nazio zapalkuntzaren sinboloa da. Herrien arteko elkartasuna deitzea zapaltzailearen bandera jartzeari ez zait oso txukuna iruditzen eta horregatik iruditzen zait keinu “sinboliko” hau lekuz kanpo dagoela.Baina arrazoia botoak badira…

  • Ion Ansa, Euskal herriaren etsai ez da frankismoa, nazionalismo espainiarra baizik, bedi ezkerrekoa, eskuinekoa edo zentro komertzialekoa.

  • Kaixo Alazne,

    Ideologia bat, une historiko oso bat, gizarte mota bat, ideal bat, sistema politiko bat, eskakizun bat… Islatzeko erabili duzun goiko zita hori norena da? Anacleto Ortuetaren esanekin batera gorde nahi nuke, baina izen abizenak falta zaizkit. Milesker!

  • Ados erabat Alaznerekin.

    (Zentro Komertzialeko Nazionalismoa! Aspaldi ez nuen UPyD-ren deifinizio hain argigarririk irakurri XD)

    Segi hola!

  • “Yo no he sido nunca lo que llaman españolista ni patriotero. Pero ante estas cosas me indigno. Y si esas gentes van a descuartizar a España, prefiero a Franco. El sistema de Felipe V era injusto y duro, pero sólido y cómodo. Ha valido para dos siglos. Es una constante de la historia de España la necesidad de bombardear Barcelona cada cincuenta años. El decreto de Franco aboliendo la autonomía de Cataluña tenía apasionados suscriptores entre los republicanos. No estoy haciendo la guerra contra Franco para que nos retoñe en Barcelona un separatismo estúpido y pueblerino. Con el derrumbamiento del frente vasco, nos hemos sacado de encima un problema para mañana. Tenemos que agradecer a Franco que nos haya resuelto el problema vasco, que ya es cosa del pasado. No hay más que una nación: ¡España! Antes de consentir campañas nacionalistas que nos lleven a desmembraciones que de ningún modo admito, cedería el paso a Franco sin otra condición que la de que se desprendiese de alemanes e italianos. En cuestión de regionalismo, nos entendemos antes y mejor con los falangistas que con los separatistas.”

    Juan Negrin Lopez, Presidente del gobierno de la República desde 1937 hasta 1939

  • Euskal independentista naizenez, bost axola espainian monarkia, errepublika edo despotismo ilustratua dagoen. Hor konpon espainiarrak. Hasi behar al dugu Norvegiaren errepublikatasuna defendatzen?

    “adibide garbía iruditzen zait, nola ezker abertzaleak ez duen bere burua behartua ikusten besteei betidanik exijitu izan dizkion gauzak egitera”

    ez nukeen neronek hobeto esango.

  • Alazne, ez dut Juan Negrin defendatuko, baina hor jarri duzun testu hori ez da Juan Negrinena soilik. Gutxienez bi autore ditu eta testu ezberdinen elkarketa bat da. Zintzotasun minimo bat beharrezkoa da eztabaidarako. Diodan bezala Juan Negrinekin ados ez egoteak ez du esan nahi testuan azaltzen den haserrea ein batean ulertzen ez dudanik (horretarako testuaren testuinguruaz hitz egin beharko genuke). Baina noski, zuri horrek bost axola, errepublika inperialismoaren aurpegi bat besterik ez bait da…

  • Alaznerekin ados nago ni ere. Gure nazio nahia espainiar eta frantiar nazionalismoen jopuntuan egon da beti, kontrajarria baita nahi hori izatez Espainia eta Frantzia egitasmoekin. Frantziar eta espainiar estatu ereduen eta aginte gobernuen (historia garaikideko guztien) helburua euskaldunek, nahiz beste estaturik gabeko herriek, beren izate berezi eta bereiziaren kontzientzia ez hartzea izan da. II. Errepublika espainiarra ez zen salbuespena izan, noski. Bandera horrekiko gurean dagoen sinpatia gehiegizkoa eta ikuspegi okerrekoa dela iruditzen zait.

  • Amonamantangorri 2012-04-16 18:31

    “Euskal independentista naizenez, bost axola espainian monarkia, errepublika edo despotismo ilustratua dagoen. Hor konpon espainiarrak. Hasi behar al dugu Norvegiaren errepublikatasuna defendatzen?”

    Alegia, nazien kontrako erresistentzia frantsesa, partisanoak, maquis-a, Orwell-en “Homage to Catalonia”, Lorcaren hilketa, fusilatutako maisu-maistra errepublikanoak… Orohar, Europaren memoria antifaxista OSOAN dauden elementu sinboliko eta sentimental horiek guk, independentistok, zakarretara bota behar ote ditugu gure mundutxoaren krokisean ongi sartzen ez direlako?

    Espainiako Bigarren Errepublika gaixoa, idealizatua bezain demonizatua, Euskal Herriko jende borrokalari askoren iruditerian dago. Agirreren jaurlaritza bezalaxe, esaterako.

    Arestikoa azpimarratu nahi nuke. Europaren memoria antifaxistan, Espainiako Gerra Zibilak sekulako itzala du. Faxismoaren kontrako gerran lehen etapatzat ulertzen da. Parisen beterano errepublikanoei dominak ematen dizkiete; Madrilen, aldiz, indigentzian eta erabat ahaztuta dituzte.

    Arestikoa kontuan hartuta, igual ausartuko naiz esatera: Bigarren Errepublika hura ohoratzeak Europara hurbiltzen gaitu, eta Espainiako kultura politiko usteletik urrundu…

    Independentista naizenez, akaso ezinen ditut Pariseko Komunan bizitza eman zutenak omendu?

    • Independentzia eta Espainiar errepublika antagonikoak dira.
      Hortik aurrera,… altxatu nahi duzuen bandera.

  • Amonamantangorri, zuk ikusiko duzu Parisko Komunan bizitza eman zutenak omendu nahi dituzun edo ez. Nire ustez (eta agian horietako batzuk borondate ona izango zuten arren) Frantziar Iraultza euskaldun ikuspegitik ezin da goraipatu, izan ere gure izaeraren kontrakoa izan da, Espainiar errepublika zein monarkia bezala. Frantses eta Espainolak, aurretik esan duzuen bezala, Euskal Herriarekiko ez dute zalantzarik: zapaldu eta desagertarazi nahi gaituzte “ezkerreko” zein “eskuineko” deiturikoek. Eta haien borroka propioetan, baten batek borondate ona duen edo ez aztertzea ez da gure lana. Mugimendu horiek oro har gure aurkakoak dira, eta beraz, goraipatzeak ez du inolako zentzurik. Gainera, Pariseko errepublikanoez hitzegiten duzunean, harrituta utzi nauzu. Noiztik dira Pariseko errepublikarrak aurrerakoiak, “Europa modernoaren” eta “politika ez ustel baten”adierazle? Baina, ez al duzu Iparraldea ezagutzen? Gure herria horrela zapaltzeko gai diren “errepublikar” horiek noiztik dira txalotzekoak?
    Eta hau ez da “gure mundutxoaren krokisean ongi sartzen ez den” detaile txiki bat, bizitzea ukatzen digutenen aurkako jarrera duin bat besterik ez da. Zuk domina jarriko al zenioke kalean jatortasunaren disfrazarekin eta irriparre hipokritekin jokatzen duen eta aldi berean bere emazteari tratu txarrak eman eta heriotzera eramateko gai den bati? Agian berak ere egingo ditu gauza onak, baina ez al da arrazoi nahikoa duintasuna berreskuratu nahi duen emakume horrentzat berarekiko duen tratua kontutan hartzea? edota kontutan izan behar du gizon hori bere lagunekin jatorra dela eta horregatik goraipatu?
    Berreskura dezagun herri bezela autoestimua, bestela gureak egin du.

  • Batzuk kontrakoa uste izan arren, independentziaranzko bidean ez du denak balio. Gezurrek eta manipulazioak ez dute lekurik. Negrin-i egotzitako testu zati horrek “Iparla” izeneko sasi aldizkari batean dauka jatorria, “El pueblo vasco bajo el imperialismo” artikuluan hain zuzen ere. Negrinena omen den testu faltsuaren aurretik beste honako hau esaten da artikulu horretan:

    “De hecho, liberales, republicanos, socialistas, comunistas y anarquistas españoles nunca se quedaron atrás en radicalismo nacionalista. Se manifestaron cada vez más abiertamente como nacionalistas a secas y, de hecho, no son otra cosa”.

    Manipulazio honen aurrean gogora ekarri nahi nituzke Jesus Larrañagaren hitzak (Euskadiko Partidu Komunistako buruzagia, Españako Partidu Komunistaren barnean zegoena): “Una España roja será una España rota. Y Cataluña será libre. Y Galicia será libre. Y Euzkadi será libre”. Edota Losada komandantearen hitzak (CNT-ko militantea) Santoñan fusilatu aurretik: “Gora Euzkadi Azkatuta”.

    Independentistok ez genuke ahaztu behar aberriaren askatasunaren izenean denak ez duela balio: Gogora ditzagun Bretainiar, Flandiar, Kroaziar, Serbiar… abertzaleak. Espainian II Errepublika amaitu zenetik urtebetera abertzale hauek nazien kolaboratzaile bilakatu eta historiako genozidiorik handiena burutzen lagundu bait zuten.

  • Espainia izan da Europa Mendebaldean iraultza egin duen lehen herria, eta orain arteko bakarra (salbuespena orain gutxi urtemuga bete duen Pariseko 1870eko komuna izan da). Iraultza horretan borroka egitera mundu osotik joan ziren Espainiara. Eta ezin dugu sinplifikatu “antifaxista” izan zela esanda. Hori baino askoz ere gehiago izan zen: benetako iraultza leku askotan. Gerra galdu zuten, ordea.
    Euskal Herritik iraultzaile haiei eta faxismoaren aurkakoei gorazarre egitea egoki iruditzen zait, are gehiago Bilduren barenan Alternatiba bezalako alderdia izanda.
    Horrek ez du esan nahi nazionalismo espainiarraren alde egiten denik, uste dut rekorrido itzela dagoela batetik bestera.
    Beraz, denen ikuspegiak elkarrekiko erabat kontrajarri gabe ikus ditzakegu.

    Osasun!

  • “Independentzia eta Espainiar errepublika antagonikoak dira.
    Hortik aurrera,… altxatu nahi duzuen bandera.”

    Eskerrik asko Iñaki korapillatzen hasia zen eztabaida.

  • Amonamantangorri 2012-04-16 21:54

    Jon Ansarekin ados.

    Ezin diot Eguzkiri erantzun. Oraintxe bertan ez zait behar bezalako iruzkin sarkastikorik bururatzen. Aho bete hortz. Igual bihar…

  • Xebaxtiani: Felipe Gonzalez-ek ere esaten zuen “gora Euskadi askatuta”. Youtuben ikusgai duzu. Jarri bihar GAL-eko ikurra ere udaletxean.

    • Mikel, Losada komandantea Felipe Gonzalezekin alderatzeak lotsa eman beharko lizuke. Ezagutzen al duzu Eusko Abertzale Ekintzako komandante izan zen Kepa Ordoki? Guda Zibilean EAE-ANV-ren San Andres batailoiko buru izan zen lehenengo eta Gernika batailoiko buru II Mundu Gudan. Hil zen egunean (1993-an) beti bezain independentista izaten jarraitzen zuen (uste dut HB-kidea ez bazen ere HB-ren inguruan zebilela). Ordokik esana Losadari buruz: “Murió como un coloso”.

      Eta Felipe Gonzalezen esanak gogoratzeko ez daukat Youtuben inongo bideorik ikusi beharrik, bestela ere ondotxo dakit zer, noiz eta non esan zituen.

      Espainiako Errepublika euskaldunotzat ez zen urrezko aroa izan, baina zuetako askok ez zenukete hain erraz gutxietsi behar.

  • Xebastian, puntualizazio bat: genozidioa kroaziarrek egin zuten serbiarren aurka nazien kolaborazioz. Bestela ekarpen interesgarria zurea!

    Bestalde, Mikel, Eguzki… Ez diot neure buruari eztabaidatzaile serio eta zorrotz kategoriarik aitortu nahi, inondik ere, baina zuena manipulazio merkeenetik gertuegi dago. Jolasteko gogoa duena baino ez daiteke horrelakoetan katea.

    Bestela, gazteak: nik uste kontua ez dela hain konplikatua. Keinu bat egin zaio ez espainiar nazionalismoari, borrokalari antifaxista eta iraultzaile batzuri baizik. Eta bai, espainiarrak ziren, eta haietako batzuk katalanak, euskaldunak, galiziarrak, eta esan bezala, ingelesak, alemanak, italiarrak… Ez dago independentziarekin antagonikoa den banderarik, bandera hori ez badugu “gure” kontsideratzen.

    Hasiko gara ikurrinak sinbolizatzen duenaz eztabaidan? Mundu ikuskera sabiniano-erretrogrado eta katoliko apostolikoa ala hainbat gudariren askatasun nahiaren ikurra?

  • Xebax, Espainiako errepublika horixe izan zen euskaldunontzat, ESPAÑA! Nahi dituzun lore guztiekin apaindu ezazu orain errepublika hura defendatu zuten zenbaiten lana!
    Alderdi ustez independentista batek (koalizioan edo ez) zapaltzaileen 2 trapu zintzilikatzeak udaletxean, ez du izenik. Baten faltan bi! Mundu mailan ez dakit gurea adinako herri akonplejaturik dagoen…

  • Josemari Navascués 2012-04-17 07:39

    Bat nator Xebaxtianekin.
    Gainera, abertzaleek, abertzale gisa eta euren herriaren alde (II. MGko kontuak bestelakoak dira) gerra batean baino ez dute parte hartu, eta gerra horretan bandera hori zeramaten ikurriñaren aldamenean.
    Eta ideologiari dagokionez, abertzalea edo antifrankista (antifaxista) izatearen lehentasunari buruz, hara: bihar bertan Gobi basamortura betiko bizitzera joanez gero, nekez izango nintzateke abertzalea, baina antifaxista han eta edonon.

    http://ahaztuak1936-1977.blogspot.com.es/

    • “gerra horretan bandera hori zeramaten ikurriñaren aldamenean”

      Hori ba, aldamenean, bi kausa desberdin ziren, nahiz eta une horretan etsai berberaren kontra aritu. Eta bi kausa horiek, goian esaten den bezala, antagonikoak ziren, abertzaletasunaren ikuspegitik.

      Orain beste altxamendu bat gertatzen bada, bandera urdina duena Espainiar banderatzat, eta zer… hemendik 30 urtera bandera rojigualda jarriko dugu “omenaldi gisa”?

      Ba bale…

  • Josemari Navascués 2012-04-17 10:10

    Kaixo, Karkamo:
    Kausa berbera zen. Arrazoiak eta helburuak agian desberdinak izango ziren, baina kausa faxisten aurka borrokatzea zen, antagonikoa ez, behintzat, inondik ere. Hala ere, egun horretan (IV-14) bandera errepublikarra ateratzea, gure herrialdean faxisten estatu-kolpearen aurka hil zirenei (herritarrak haiek ere) omenaldia eskaintzea da eta ez dut uste omenaldia Espainiari egiten zaionik.
    Bigarren esaldian diozunari buruz, bihar altxamendua egonez gero, abertzaleek erabakiko dute noren ondoan joan elkar hiltzera. Baina gaur abertzaleon artean dagoen zisma ikusita, deskuiduan, abertzale batzuek urdina eta beste batzuek rojigualda erabakiko dute. Eta 30 urte barru, espero dezagun inolako omenaldirik egin beharrik ez izatea.

  • Niri II. Errepublikako banderarekin II. Errepublikako konstituzioa datorkit gogora: ordura arte espainiar estatuan ezagutu gabeko ideia aurrerakoiak barnebiltzen zituena, nolabaiteko nekazal erreforma ahalbidetu zuena, emakumeen bozka eskubidea aitortu zuena, eliz monopoliotik ahaldendutako hezkuntza sistema finkatu zuena… Aldaketa handia izan zen espainiar historian, baina “Espainia izan da Europa Mendebaldean iraultza egin duen lehen herria” esatea ez zait zuzena iruditzen Ion. Gero “benetako iraultza leku askotan” izan zela diozu, eta horrekin adostasun handiagoa izan dezaket.
    Bandera horrek baina, ez zituen, nire ustez, iraultza esperientzia horiek errepresentatzen. Errepublikaren aldekoen bandoan egokitu zirenen artean errepubliken aurkako sutsuak zeuden (anarkismoak Espainian inon ezagutu ez zuen indarra zuen); estatu eredu berriaren ondotik sozialismoruntz eta komunismoruntz joan zitekeela amesten zutenak zeuden; baita, beste muturrean, II. Errepublikaren oinarri zen sistema liberal parlamentarioa bere horretan mantentzea nahi zutenak ere.
    Beren ideien alde eta altxatuen aurka modu miresgarrian borrokan eta lanean aritu zirenak omentzen ditut nik ere, euren ereduak interesgarriak eta aztertu beharrekoak direla iruditzen zait.
    Dena den, bandera II. Errepublikaren ikurra zen, eta II. Errepublika bere konstituziotik hasita ordura arteko aldaketarik garrantzitsuena izateaz gain, espainiar nazionalismoaren beste egitate bat ere bazen, eta ondorioz Euskal Herria ideiaren aurkakoa guztiz.
    Nik beste modu batera omenduko nituzke orduko iraultzaile eta borrokalariak.

  • Bandera jartzearekin biluztu den bakarra bildu da, aginte politiko OSOA espainiarengandik badatorkie ere harro daudenak. Ez dira espainiar faxismoari erresistentzia, espainiar faxismoaren erresistentzia baizik. “El pueblo vasco bajo el imperialismo” sasi artikulutzat hartzea eta espainiar errepublikarrak goraipatzea esandakoaren beste adibide soil bat baino ez da, españolismo hutsa. Euskal Herriaren askatasunik gabe ez da demokraziarik espainiarrentzat.

    Gora Nafarroako Berehalako Gobernu Probisionala!
    Behera espainiako gobernu unitario faxista!

  • Espainiako Errepublika eta askapen nazionaleko gaia ondo kokatzeko egokiak izan daitezke datu historiko batzuk.
    .
    Espainiako Errepublikek (eta beren burua ezkerreko errepublikanotzat agertzen ziren gehienak), monarkia eta diktadurak ia bezain inperialista izan dira zapaldutako herriekin, 1936an hasi zen kolpe faxistaren garaia kenduta (eta agerian dauden arrazoi “praktikoengatik”).
    Badakit batzuei baieztapen hau bidegabea eta ulertezina egingo zaiela, baina datu historikoek hori adierazten dute.
    .
    Denboran urrunago ez joatearren aztertu dezagun Espainiako II Errepublikak Marocco-rekin eduki zuen jokaera.
    .
    Espainian II Errepublikaren aitorpena itxaropentsua hartu zuen Marocco-ko mugimendu abertzaleak. Hala ere, espainiar errepublikanoek berehala utzi zituzten haien asmoak garbi, eta honako hau esan zuen haien lehendakaria Alcalá Zamorak: “nunca dejaríamos de civilizar a los marroquíes”.
    .
    Ilegalizatu zituzten alderdi eta erakunde abertzaleak: “que tengan por objeto cometer alguno de los delitos que dificulten la acción protectora de España en Marruecos”. Egunkariak itxi (antza denez ez da ohitura berria).
    500 abertzale atxilotu zituzten eta 1934an armez inbaditu zuten Ifni eta Smara.
    Muludeko jaietan (Tetuan) 1000 atxiloketa egin zuten, eta 1935ean bi abertzale marokoar fusilatu zuten.
    .
    Eta bitartean zer egiten zuten ezkerreko erakunde errepublikazaleek? Salatzea Italiako inperialismoa Abisian!!! Baina mutu, edota justifikatzen, Marocco-en gauzatzen ziren sarraskiak.
    .
    Eta, historiaren paradoxak; Errepublikak bultzatutako Marocco-ren zapalketa nazionala faxismoak erabili zuen bere aurka: kolpe faxistaren lehenengo hilabetetan Francok gidatzen zuen aginteak alderdi , sindikatu eta prentsa abertzale maroccoarrak legalizatu zituen, eta gutxi balitz, Frente Popularrak heriotzara zigortutako abertzale bat indultatu zuten. Horrekin lortu zuten kolpe faxistarekiko atxikimendua handitzea eta tropa gehiago lortu haien alde borrokatzeko, ondo ezagutzen dugunez.
    Soilik Ebroko gatazka eta gero, eta haien beharra desagertzen hasi zenean, hasi ziren faxistek Maroccon ezartzen Penintsulan gauzatzen zuten politika errepresibo bera.
    .
    Logikoa iruditzen zait Oroimen Historikoaren alde egiten diren omenaldietan Espainiako Errepublikaren bandera erabiltzea; kolore horien pean eta faxismoaren aurkako borrokan hil baitzuten milaka eta milaka errepublikazale eta iraultzaile. Baina beste kontu bat da beste abagunetan erabiltzea eta gorestea, batez ere, zure burua ezkerreko independentistatzat baldin badaukazu.
    .
    Baina utzi dezagun albo batera iraganeko historia eta aztertu dezagun zer esaten duten egungo Espainiako III. Errepublika aldarrikatzen dutenek…… baina hori hurrengo iruzkin batean, hau luze samar geratzen ari baitzait, kar, kar.

  • 2007an PCE eta IUko Andaluziako Udaletxe batzuk III. Errepublikaren aldeko prozesu osagilea hastea proposatu zuten, eta idatzitako proposamenean egitasmo horren oinarrizko euskarriak aipatzen zituzten. Zer esaten zuten askapen nazionala edota Autodeterminazioari buruz? Ba, honako hau:
    .
    “6º.- La situación política prueba la necesidad de construir un Estado federal republicano y solidario que supere la denominada “España de las autonomías”. Los territorios federados, para la construcción del nuevo Estado, aceptarán como patrimonio común de todos los siete ejes que desarrollan la propuesta republicana. El desarrollo legislativo corresponderá a las Cortes Generales de la República y el desarrollo ejecutivo al Gobierno Federal. El Estado tendrá tres administraciones: la General, la de cada federación y la municipal, avanzaremos hacia la comarcalización de cada federación. En la atribución y ejecución de las competencias se tendrá en consideración el principio de subsidiariedad.”
    .
    http://www.larepublica.es/municipios/mocion-rediii.pdf
    .
    Laburbiltzen: autonomia apur bat gehiago baina burujabetzari buruz erabakitzeko gunea Madrilen dago. Ez autodeterminaziorik ez independentziarik. Gaurko monarkian bezala.
    .
    Zorritzarrez, eta okertzeko tarte handirik gabe, esan dezakegu ikuspen hori nagusia dela Espainiako Errepublikaren alde daudenen artean, salbuespenak salbu (Red Roja eta hori bezalako talde txikiak).

  • Xebastian, zuretzat sasi aldizkari bat den IPARLAk herri honen benetako historia adierazten du. Eta independentzia lortzeko zeintzuk diren estrategia okerrak eta zuzenak aipatzen ditu. Zuk Negrinenak ez direla esaten dituzun testuak, bereak edo Azaña berarenak dira, gehienak behintzat.
    Bestalde, testuinguruak testuinguru, espainiar errepublika bai da inperialismoaren aurpegi bat, eta frantziarra ere bai. Ez dit axola zertarako borrokatu zuten. Irabazle (Frantzia) edo galtzaile (Espainia), inperialistak dira: Euskal Herria ez da Espainia/Frantzia bezalakoa izateko eskubidea duen herri bat.

  • Josemari Navascués, abertzalea edo antifaxista alderatzen dituzu zure erantzunean; hor dago gakoa. Ni abertzalea naizenez, antiespainiarra edo antifrantziarra nahiz, bi estatu horietan nire herria ukatzen dutelako, dagoen erregimena dagoelarik. Nazionalismo espainiarra ez da frankismoaren emaitza, frankismoa nazionalismo espainiarraren emaitza baizik. Beraz, nire abertzaletasuna ez da frankismoaren edo faxismoaren aurkako zerbait; Euskal Herria zapaltzen duen edozein erregimenaren aurkakoa baizik.

    • Josemari Navascués 2012-04-18 05:24

      “…hor dago gakoa. Ni abertzalea naizenez, antiespainiarra edo antifrantziarra nahiz, bi estatu horietan nire herria ukatzen dutelako, dagoen erregimena dagoelarik.”
      Horixe da gakoa, bai. Ni abertzalea naiz eta ez nago inoren aurka, Euskal Herriaren alde baizik. Sei hilabete daramatzagu EHaren alde borrokatzen, hau da, inoren kontra jardun gabe, eta joan diren berrogeita hamar urtean baino gehiago lortu dugu.

      “…Euskal Herria zapaltzen duen edozein erregimenaren aurkakoa baizik.”
      Bandera errepublikarra defendatzen bizitza eman zutenak bezala orduan. Beraz, omenaldia ez dago gaizki. Eta,gainera, nik dakidala, orain arte eldarnio faxistaren aldekoak baino ez dute EHa zapaldu (kanpokoek zein barrukoek).

  • Panfleto horretan orokerkeria eta manipulazio gehiegi esaten dira. Nik aukeran nahiago Kepa Ordoki. Ez dut dendora gehiagorik galdu nahi zuekin. Ongi izan!

  • Beno Ane, zerorrek aitortu duzu arrazoi dudala arrazoi ez dudala esan eta hurrengo esaldian. Kontra egitea bada kontua, egin lasai, halare.

    Beren esistentziaren zutabe ezker abertzalea eta bildu ahalik eta gaiztoen eta traidoreen direla frogatzea duzuenoi ez dizuet argumentuekin erantzungo, zuen lehenaren zain bainago oraindik. Hori bai, abertzaletasun lezioak zuentzat gorde, mesedez. De repente munduko abertzalerik sutsuen eta puruenak zarete eta. Badakit hau ez dela argumentu bat, baina beretzat hartu behar duenak har dezala. Eta bide batez hartzen dituenak izen abizenekin hitz egiten badu, askoz hobe…

    Interesgarria datu historikoen ekarpena, eta beharrezkoa ere bai. Errealitatea axalagotik ezagutzen dugunontzat, batez ere. Beraz, milesker alde horretatik!

    Banderak sinboloak dira, eta unean-unean balio desberdina ematen zaie. Igitaia eta mailua erabiltzen dutenak ez daude Afganistanen inbasioaren alde; Ikurriña erabiltzen dutenak ez daude Jaungoikoa eta Lege Zarraren alde; Bandera Errepublikarra elkartasun internazionalistagatik (eta horregatik jarri dute) jarri dutenak ez daude Espainiaren alde, Euskal Herriaren kontra eta II. Errepublikako monarkiazaleen alde.

    Baina bale, gure arteko iskanbila sortzeko baino balio izan ez badu, ez da ideia ona Bandera Errepublikarra jartzea. Egunen batean, igual, ikasiko dugu besteen borroka bidezkoen alde egiteak gure borrokari mesede baino ez diola egiten. Bitartean, segi dezagun purutasun reboluzionario ultra-abertzale lezioak ematen.

    Osasun!

  • Purua Kubarra mesedez. Eskerrik asko.

  • Joder Ion, flipatu egin dut. Nire asmoa ez da izan abertzaletasun lezioak ematea, nire iritzia baino ez dut eman nahi izan.

  • Bestalde Ion, azalduko dizut zergatik ez nagoen ados azpimarratzen nizun esanarekin:
    Espainiar herriak ez zuen iraultzarik egin. Hau da, espainiar herritarrek, estatu osoa kontutan hartuta, ez zuten ekonomia eta gizarte mailaketa antolatzeko modu ezberdin bat ezarri 1931n. Primo de Riveraren garaian Espainia ekonomia kapitalistakoa zen, goi mailako eta behe mailako klaseetako herritarrak zituen. II. Errepublikan ekonomia kapitalista izaten jarraitu zuen: diktadura eta monarkia bati amaiera eman zitzaion, eta sistema parlamentarioa ezarri, baina hori iraultza bat denik ez nuke esango gizarte antolaketak berdina izaten jarraitu baitzuen. Gainera, Espainiako historian sistema parlamentarioa ez zen berria, nahiz eta inoiz baino irekiagoa eta garbiagoa izango zen II. Errepublikakoa.
    II. Errepublikak ezker ikuspuntu batetik begiratuta ekarpen interesgarri askoak ekarri zituen, dudarik gabe, baina nire ustez bere ezarpenari ezin zaio iraultza deitu.
    Eta zergatik iruditzen zaidan bigarren esanarekin adostasun handiagoan egon gaitezkeela? Ba, zuzenagoa iruditzen baitzait esatea Espainiako leku askotan ia benetako iraultza egin zela Gerra Zibilaren kontestuan; hots, nolabaiteko aginte hutsunea egon zen garaian, Aragoin eta Bartzelonan gutxienez, uste dut.
    Hori zen ñabardura: Espainian, bere osotasuna kontuan hartuta, ez zen iraultza egin, Espainiako leku askotan ia egin zen. Errepublikako bandera Espainia osoari dagokio eta horregatik ez da bandera iraultzailea.
    Eta bestalde, banderen esanahia garai bakoitzaren arabera aldatzen bada ere, ikuspegi abertzaletik begiratuta Errepublikarena erabili behar genukeen ez dut oso argi.

  • Ane, ez dut zuregatik esan. Beste troll horiengatik baizik. Horregatik nioen hartu behar duenak har dezala.

    Eta iraultzarena 1936tik 39koaz ari nintzen. Errepublika garaiaz dakidan apurrak ez narama bestelako inongo ondorioetara. Garbi dago historiaz nik baino askoz gehiago dakizula eta oso eskertzeko ekarpena da egiten dizuna; hori bai, zutaz esan dut. Beraz, zure ekarpena nirea baino osoagoa eta argumentatuagoa da, zalantzarik gabe. Iritzi bera izaten jarraitzen dut, baina orain ñabardura gehiagorekin. Azkenean, hori da eztabaida ezta?

    Azkenik, gauza bat ikuspegi desberdinak izatea da, errespetagarri bezain aberasgarria. Bestea trolleatzea, eztabaidak rebentatzea, eta beti berdinei kalte egin nahi izatea. (Baina errua horretan erortzen garenona ere bada, berotu eta erantzuten hasten garenona…)

    Gauzak garbiago geratu direlakoan.

    Segi ongi eta gaizki esanak ez barkatu!!

  • Xebastian, herri hau askatasunera eraman ez duten bide desberdinetatik ibili garenok, bide berriak frogatzen ari gara. Hori bai, ez dugu hori aitortzeko inolako erreparorik; ez gara denbora galtzen ari. Ongi izan zu ere.

  • Ion, gaur arte, besteen bidezko borroketan parte hartzeak ez digu inongo mesederik eskaini. Frankismoa garaitzeak merezi zuen, ondoren askatasuna lortu izan bagenu. Franko hil zen eta gure herriak Espainiaren menpe jarraitzen du. Bidezko borroketan ari direnek (espainolak izanik) gure herriaren askatasuna oztopatzen badute, bila dezatela laguntza beste leku batean. Inozoa da gure laguntza eta hildakoak eskaintzea soilik besteen mesedetan, guk lehen bezala jarraitzeko.
    Ez gara ari purutasun reboluzionario ultra abertzale lezioak ematen. Independentzia bila ari gara. Hori da egunen batean ikasi beharko genukeena. Bide horretan bat egingo dugulakoan…
    Ondo segi.

  • Tira nik zalantzak ditut keinu hori egitearen helburuez, baina norbaitek ba al daki testuan azaltzen den PPren erantzunak gehiagorako eman ote duen? Zalantzarik gabe keinu “zirikatzaile” bezala ez dago gaizki baina ezkertiar independentista bezala zalantzak sortzen dizkit. Baina baita ikurrinak duen esanahia ere (dagoeneko hemen aipatua) edota duela gutxi “ospatu” dugun aberri eguna pazko igandean izatea ere… Nik uste aberasgarritzat hartu beharko genukeela eztabaida eta gure iritziak argitzeko balio beharko liguke eta gure kontradikzioen jabe egiteko ere.
    Ziur naiz errepublikazale espainiar asko gure independentzia onartuko lukeela (bai atzo eta baita gaur ere) baina beste askok ez. Keinu honek lehenak areagotzeko balioko ote duen?

  • Ni ezker abertzaleko militantea naiz eta hautetsia ere izandakoa eta benetan barrenak sutan dauzkat Donostian bandera espainiarrak (errepublikarra eta bestea ez ahaztu) jarrita daudelako. Ez dut ulertzen eta Bilduri goran egindako kritikekin erabat bat nator, guk besteei hainbestetan eskatutakoa ez dugu orain betetzen, lehen hori eta askoz ere gauza konprometituagoak egitera behartuak izan garenean. Ez dut ulertzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude