Donostian aldaketa posible da

Donostia_La_concha_15 

Hamabost eguneko kanpainaren ondoren, balantzea egiteko eta hausnartzeko garaia da. Oraingo hau hauteskunde kanpaina ezberdina izan da. Ezberdina izan da, lehen aldiz ez delako desio ez dugun protagonistarik agertu eta aukera guztiek eduki dugulako gure iritzia emateko eta eztabaidatzeko aukera. Kazetariek behin eta berriro esan digute kanpaina lasaia izan dela, eta nire ustez halaxe izan da, eta seguruenik hemendik aurrera izan beharko lukeenaren isla ere bai. Izan ere, guztiok desio dugu gure artean, hemendik aurrera ere oraingo errealitate hau sendotzea. Baita ezker abertzalea hauteskundeetan egotearen kontra teorian erradikalenak zirenek ere.

 

Hauteskunde kanpaina honetan, baita ere, guztiok sentitu dugu igandean gauza berri askoren hasiera izan daitekeela. Donostiaren kasuan, ezer ez da segurua, eta guztia da posible. Egoera honen aurrean, ikusi ahal izan dugu oraingo alkatea nola joan den bere estrategia aldatzen. Hasieran aurpegiratu zigun PPrekin akordioa genuela bera Udaletik kanporatzeko, eta bitartean berak Bilduri egiten zion keinu. Eta azkenean, EAJrengana gerturatzen amaitu du, esanez Aralarrekin batera bere lehentasunezko aukera garela hauteskunde ondorengo balizko akordioetarako. Biharamunerako kalkulu elektoral hutsa da dena. Aitortu behar da horretarako gaitasunik ez zaiola falta, batez ere bermatzen saiatzeko aurkeztu duen aukerak ez diola kalerik egingo.

Baina Donostia ez dago luzapen eta prorrogetarako; argi ikusten da jendea nahiko nekatuta dagoela hainbeste jokaldi, dribling eta erregaterekin. Baliteke batzuei aldaketak beldurra eragitea, are gehiago krisi garaian, baina argi dago alkatea inondik ere ez dela ilusioa sortzeko gai.

Kanpainan zehar saiatu gara azalera ateratzen eta ikusarazten ez zaiela beldurrik eduki behar aldaketei, eta gainera desiragarri ez ezik, aldaketa posible ere badela Donostian. Azken erantzuna eta erabakia donostiarrek izango dute igandean. Aukeratzeko garaia da, eta ondo aukeratzeko garaia. Eta horretarako igandean botatzera joan behar da; hori da astelehenean, asteartean, asteazkenean… ez damutzeko modu bakarra. Hortxe egongo da gakoa. Gaur bertan, Donostian guztia baita posible.

 

aldaketa, Donostia, etorkizuna, hauteskundeak, udala

Eneko Goia Laso naiz, 39 urteko donostiarra eta hiru umeren aita. Donostiarentzat etorkizuneko proiektua gidatzeko asmoz, Donostiako alkategai izateko erronka politaren aurrean nago. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude