Donostiako hiri-bilgune berria sortzeko akordioa

Duela egun batzuk iragarri genuen moduan gure hiriaren etorkizunerako hain garrantzitsuak diren hiru proiektuak elkar kontuan hartuz egitea proposatu genuen. Tabakalerako proiektua, autobusen geltokia eta AHTren geltokia ingurune berean egongo dira etorkizunean, eta horregatik behar-beharrezkoa da gure ustez, hiru egitasmoak elkarri bizkarra emanda garatu ordez, koordinazioan eta elkarri begira egitea. Orain lortu dugun akordioari esker, hiru proiektuen aukerak elkarrekin uztartuko dira eta Donostiaren etorkizuneko ongizaterako oso garrantzitsua da hori.  

Pozik nago akordio hau lortu dugulako. Izan ere, egungo Udalak buelta gehiegi eman dizkio autobus geltokiari eta Tabakalerako proiektuari, eta elkar kontuan hartu gabe gainera. Denbora gehiegi alferrik galdu dugu eztabaidatzen eta bada garaia hiru proiektuak elkar kontuan hartuta garatu eta aukeraz betetako espazio integratu berria sortzeko.  Hiriaren erdigune berri bat izango dugu ibaiaren ondoko gune horretan eta seguruenik zaila da irudikatu ere egitea zenbat aukera eskainiko dizkigun etorkizunean gune horrek.   

Azken egunotan #tabakaos kontzeptua jira-biraka ibili da Donostiako twitterlarien artean. Eta normala da jendearen artean proiektu horren gainean horrelako nahasmen eta inmobilismo sentsazioa egotea. Baina atzoko akordioak ez du Tabakalerako proiektuaren bidea kuestionatzen; kontrakoa baizik, lagundu egiten dio Sorkuntzaren Fabrika izango den proiektu horri, eta ingurunearekin harreman hobean jartzen du.  

Donostiarrok pozteko arrazoiak baditugu, atzoko akordioa klabea izango baita gure hiriaren etorkizunerako.

Tabakaleraren ingurunean Donostiako erdigune berria sortuko da

Irudia | Tabakaleraren ingurunean Donostiako erdigune berria sortuko da | Mendizuri (Wikimedia Commons) | Creative Commons By SA

Eneko Goia Laso naiz, 39 urteko donostiarra eta hiru umeren aita. Donostiarentzat etorkizuneko proiektua gidatzeko asmoz, Donostiako alkategai izateko erronka politaren aurrean nago. 

2 pentsamendu “Donostiako hiri-bilgune berria sortzeko akordioa”-ri buruz

  • zakarias aiztierdi 2011-02-17 17:26

    Odonekin aski ez eta eajotak modernitatea ekarri nahi digu ziztu bizian, bazterrak gehixeago txikituz eta porlanduz. Zuenak ez du erremediorik!

  • Ez gara inondik ere bazterrak txikitzeaz ari, baizik eta gauzak tajuz egiteaz. Urte gehiegitan proiektu bakoitza bere aldetik landu da hemen, eta planteatzen ari garena proiektuak elkar kontuan hartuta aurrera ateratzea da. Donostiak aurrera egitea dugu helburu eta horretarako lanean dihardugu eta jarraituko dugu. Eta kritika horiekin batera planteamendu eraikitzaileak ere jasoko bagenitu, ba eskertuko genuke.