Donostiako badia kakahuetez bete zen behin…

Behin batean, Donostiako badia kakahuetez bete zen

Kantauri itsasoko labarren bistatik galdu zen ‘Indian’ * (eguneraketa. 2017/06) zamaontzi frantsesa, 1918ko uztailaren 16ko iluntzean. 96 urte beranduago, 120 metro sakoneko gau amaigabean, arrezife bihurtuko ziren haren arrastoak. Inork ez du aurrez aurre ikusteko aukerarik izan, zundek ‘Indian-‘en bi zatiak antzeman badituzte ere. “Everest gailurrera igotzearen tankerakoa da ‘Indian’ dagoen sakonerara jaistea”, azaldu dio ZuZeuri Ignacio San Miguel urpekari profesionalak.

Mutrikutik Zumaiara

Getariako “Ksub” urpekaritza eskolako arduraduna da Ignacio San Miguel, Kantauriko itsas hondoaren miatzailea. Asturiasen eta Kantabrian hainbat itsasontziren eskeletoak ukitu ditu, oxigeno bonbonen laguntzaz. Baina, Gipuzkoako kostatik oso hurbil dagoen burdin herdoilduzko “ikuskizuna” ezin izan du oraindik disfrutatu. ‘Indian’-en berri izan eta gero, San Miguel eta adiskide batzuek ontzia ikusteko proiektua martxan jarri zuten. Gaur arte, ‘Indian’ zamaontzia helburu lorrezina izan da.

Arrastoen koordenada zehatzak gordeta dauzkate urpekari gutxi batzuek. Zehatz meatz ezagutzen dute itsasontziaren hilobiaren kokagunea. Ikerketa lan batek eraman zuen Ignacio San Miguel urpekaria koordenada preziatuak gordetzen zituen erregistroraino. Hasi Getariako arrantzale zaharrenen istorioetatik, eta Mutrikuko marinel baten ondorengoengana egin zuen. Handik, egun berean, Lekeitioko portura. Bingo. “Sarea ez botatzeko lekua” markatuta zeukaten itsasgizon lekeitiarrek, hain zuzen ere, ‘Indian’-en burdinak eta zamak atseden hartu zuten puntua.

Jakina denez, Deba eta Zumaia arteko kostaldean desagertu zen ‘Indian’, barruan zituen 2.500 tona elikagaiekin batera. Lehorretik zazpi millatara dago, lurretik begira jarriz gero ortzemugaren ertzean. “Etxe aurrean” dela dio San Miguelek, baina ur sakoneko esplorazioak —120 metro sakon— logistika lan handia eskatzen du: ” ‘Indian’-en alboan 20 minutu besterik ezin gara egon. Bost ordu behar ditugu ur azalera igotzeko, eta bost oxigeno botila”. Stand by egoeran dago misioa. 96 urte bi hankakoen begirik ikusi gabe egon da ‘Indian’, ez zaio askorik gertatuko behin honezkero. Guztiz itxuraldatuta egongo da. “Arrainentzako primerako haztegia izango da seguru aski”, azaldu du San Miguelen lagun zumaiar batek, hain zuzen ere, ‘Indian’-en historiaren atzetik ikerteta abiatu duen Javier Carballo Berazadik.

“Mutriku eta Debako arrantzaleek kontatzen zuten aspaldi ‘El Avellanero’ deituriko ontzia hondoratu zela kostatik gertu”. Javier Carballo hari muturren bila hasi zen, San Miguel lagunak kontatutakoagatik jakinmina ezin baretuta. Galdera asko zeuzkan une hartan. Noiz gertatu zen? Zergatik deitzen ote zioten ‘El Avellanero’? Hur zakuak ote ziren ‘Indian’ zamaontziaren altxorra? Tamalez, ‘Indian’-en zorigaitzaren oroitzapenak ontzia bezain herdoilduta zueden.

“Bigarren mundu gerrako barkua zela esan zidaten, baina ezinezkoa zen. Hala balitz, herriko aitona-amonek zuzenean gogoratuko lukete”, dio Carballok. Aldiz, gaur bizirik dauden zaharrenen aurreko belaunaldia zen istorioaren iturria. Hondarapena noiz gertatu zen jakiteko arrastoa Zumaiako Miserikordiko aterpean aurkitu zuen. Han kontatu zioten aspaldi batean naufrago beltz batzuk artatu zituztela, 1910-1920 inguruan.

“Zaurituak egon baziren hildakoak ere bai seguruenik”, lotu zuen Carballok. Hartara, Zumaiako eliza-erregistrora jo zuen Carballok hondorapenean hildakoen izenen bila. Lehenengo Mundu Gerraraino egin zuen atzera egin zuen denboran. Apaizek gordetzen dituzten paper zaharren artean aurkitu zuen bila zebilena. ‘Indian’-eko Laborié komandante frantsesaren heriotzaren oharra aurkitu zuen. Ez hori bakarrik, orrien artean gutun oso berezi bat ere bai. “Laborié komandantearen alargunak elizbarrutiari eskerrak ematen zizkion, gorpua Frantziara itzultzeagatik”, azaldu du Carballok. Gainontzeko tripulazioa, gizon beltzak ez zituzten aktetan jaso ere egin, kristauak ez zirenez gero, eta Zumaiako hilerriko hobian lurperatu zituzten. Zer gertatu ote zitzaion ‘Indian’ zamaontzi frantsesari hondoa jotzeko? Uste baino gehiago zuen ikerlariak topatzeke, besteak beste, ‘Indian’ ontziaren tripetara jaitsiz gero aurki zezaketen altxorra. Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkitu zuen informazio sinesgarriena.

“La obra de los submarinos. El torpedeamiento del Indian. El número de víctimas es de treinta y siete”.

fecampHorrela jaso zuen hondorapenaren berria La Voz de Guipúzcoa egunkariak, 1918ko uztailaren 18an. Kronikaren arabera, ‘Indian’ zamaontziak Senelgadik zekarren janaria ez zen hurra, Carballok “El Avellanero” izenondotik ondorioztatu zuen bezala, kakaoa baizik. Hondorapenaren zergatien eta ondorioen inguruan kronikak ez zuen zalantzarako tarterik utzi. Alemaniar urpeko ontzi batek bost kanoikadarekin eraso egin zion Senegalgo hiriburu Dakar-etik zetorren ‘Indian’-i.

Erasotik bizirik irten zen Olliete ‘Indian’-eko makinistak hondorapenaren berri eman zuen egun batzuk beranduago: “Literan etzanda nengoen, lotan. Alarmak jo zuenean arropak jantzi eta zubira korrika egin nuen gainontzekoekin batzeko. 300 metrora zegoen urpekaria. Arazorik gabe ikusi nituen ontziaren gainean tripulazioko zortzi gizon. Bigarren torpedoarekin ontzia bitan banatu zen (…) Urpekontziak ez zuen alde egin guztiok hilik geundela uste izan zuten arte. Egur zati bati heldu eta hilda nengoen itxura egin nuen“.

37 lagun hil zituzten, Lehen Mundu Gerrako “ur azpiko gerraren” testuinguruan. Hainbat lekukok Zumaiako portutik entzun zituzten tiroak, eta Paroleko talaiako zaindariak ere bai. Harek eman zuen abisua, eta Kofradiako eta parrokiako kanpaiak din-dan-don jotzen hasi ziren txalupak laguntzera joan zitezen. Ordurako urpekontzi alemaniarrak iparralderako bidea hartu zuen, Donostiako Santa Klara uhartetik kilometro gutxira igaroz.

Erasoaren biharamunean, hegazkin frantsesak, Villaamil destruktore espainiarrak eta euskaldunen ontziak tragediaren lekura hurbildu ziren. Laguntzari horri esker, lau naufragok Zumaiako lurra zapaldu zuten kaian bertan. Laurak Senegalen jaioak ziren. “Gizon beltzak ikusi nituen lehenbiziko aldia izan zen”, idatzi zuen egun hartan Jose Manuelek bere kuadernoan, Imanol Azkuek idatzitako Jose Manuelen ibilerak liburuan agertzen denez. Herrian ikusi zituzten lehendabiziko gizon beltzak ‘Indian’-eko hondoraketan hiltzear izandako marinelak izan ziren.

Uztailaren 19an La Voz de Guipúzcoa-ko erreportaria hiru naufragoekin hitzartu zen, Donostiako Bayonnais hotelean. “Ontzia Dakarretik (Senegal) zetorren Fecamp-era (Frantzia) bidean, kakahueteak eta okela frigorifikoan gordeta”, kontatu zion kazetariari Raul Olliet ‘Indian’-en makinistak. Kakahueteak? Javier Carballo ikerlari zumaiarrak lehendabiziko aldiz irakurri zuen fruitu lehor hori ‘Indian’-eko biltegietan zenik. Hasieran hurrak omen ziren, geroago kakaoa, eta, azkenean, kakahueteak. Milaka kakahuete zaku gerra pairatzen zuten frantziarren sabeletara. Ez zuten inoiz eztarri frantsesik zeharkatu. Euskaldun askoren tripak bete bai, ordea.

Olliet marinela onik eta kazetariarekin solasean zebilen bitartean, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko arrantzaleen txalupak gorpuak erreskatatzen ibili ziren hurrengo egunetan. Baina ez zen hildakoena moilara itzultzen zuten zama guztia. Etxera Kakahuete zakuz gainezka egin zuten arraun. Itsasora kakahuete bila, hori da hori arrantza xelebrea. Itsasgizonek jaso ez zituzten zakuak olatuen aparrarekin batera heldu ziren kostaldera. Haurren eguneko dibertimendua izan zen hura, Imanol Azkueri esker dakigunez, Jose Manuel zumaiarrarena ere bai: “guk bezala egin zuten zumaiar guztiek, inoiz ez dut hainbeste kakahuete jan”.

Uztailaren 21ean korronteak Donostiako hondartzetaraino garraiatu zituen kakahuete zakuak, “milaka eta milaka” garaiko egunkarien arabera. Marina-ko Komandantearen aginduz “Indian”-eko zama etxera eramatea debekatu zen. Auskalo. Baliteke kakahuete zaku horien arrastoak ‘Indian’ etzan zen ur hondoko lokatzetan irautea, 96 urte eta gero.

Behin batean, Donostiako badia kakahuetez bete zen
‘Indian’ itsasontzia ilunabar horren azpiko uretan dago.

Informazio gehiago:

1918ko uztailaren 18tik 21 arteko egunkarien kronikak

Esker bereziak ‘Indian’-en istorioa eskuzabaltasun osoz ezagutzen eta osatzen lagundu didaten Javier Carballo, Ignacio San Miguel eta Fermin Larrañagari.

*Itsasontziaren benetako izena “Lyndiane” dela argitu du berriki ezagututako dokumentu batek.

Donostiako badia kakahuetez bete zen behin…

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra