Donostiak izen berria du

Donostiak izen berria du

Donostiak izen berria du

Hemendik aurrera ez dugu Donostia orain arte ezagutzen genuen bezala ikusiko. Ez larritu, ez da inongo hondamendirik gertatu, Udalak izena aldatu dio, besterik ez. Tira, izena baino gehiago, izena idazteko modua: Orain arte Donostia-San Sebastián bezala ezagutzen bagenuen, hemendik aurrera Donostia / San Sebastián bezala ikusiko dugu idatzita toki guztietan; marratxoaren ordez barrarekin, eta barra eta hitzen artean tarte bat utzita. Aldaketa oso txikia da baina ziur zeresan handia emango duela datozen egunetan.

Donostiako Udalak udalerriaren izen ofiziala (hiriburuarena barne) alda­tze­ari buruzko espedientea igorri du, aurreran­tzean Donostia / San Sebastián izan dadin, horren helburua izanik, bata zein bestea erabili ahal izatea, kasuan-kasuan erabil­tzen den hizkun­tza­ren arabera.

Izena alda­tzeko Udalak 2012ko maia­tza­ren 30eko udalba­tza­rrean hartu zuen erabakiaren arabera, «Udalerriak izen bat du euskaraz, «Donostia», euskarazko testuetan erabiliko dena, eta beste bat gazteleraz, «San Sebastián», gaztelerazko testuetan erabili beharrekoa; eta, bi izenak batera erabili behar direnean, «/» sinboloaz banatuko dira, eta tarte bat utziko da sinbolo horren aurretik eta atze­tik». (2012ko abuztuaren 7ko GAOn)

Zer diote euskararen arauek?

Marratxoa, barra… Noiz eta nola erabili bat edo beste? Euskaltzaindiak ortotipografiari buruzko arau zehatzik ez badu ere, ortotipografiari eskainitako Eusko Jaurlaritzaren Ikasmaterialen Aholku Batzordea: Estilo-liburuaren lehen atala liburuan ondokoa jasotzen da:

Ezkio-Itsaso,  Abanto-Zierbena, Gernika-Lumo, Lasarte-Oria, Biurrun-Olkotz, Etxarri-Aranatz, Arratzu-Ubarrundia, Iruraitz-Gauna, Ainhize-Monjolose, Ürrüxtoi-Larrabile…

Bi herri elkartzean sortutako leku-izen horiek marratxoz idatzi behar dira; baina, Donostia/San Sebastián, Vitoria/Gasteiz eta gisakoetan, herri bakar bat esateko bi izen erabiltzen direnean (gehienetan, bata bestearen itzulpen modura edo), barra idatzi behar da.

Beraz, badirudi Donostiako Udalak hartu duen bidea ez dela okerra. Ez dakiguna da horregatik edo beste arrazoi batengatik aldatu duen hiriaren izena idazteko modua. Dena den, ez al dira gauza garrantzitsuagoak egiteko izango, hiriko izenak aldatzen ibiltzea baino? (Gogoratu topo-metroaren eztabaida).

Donostiak izen berria du Donostiak izen berria du Donostiak izen berria du

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Donostiak izen berria du”-ri buruz