Donostiak hautagaitza aurkeztu du 2016an World Cheese Awards lehiaketa antolatzeko

Donostia World Cheese AwardsArtzai Gazta Elkarteak eta Idiazabal Izendapenak World Cheese Awards (Munduko Gazta Txapelketa) lehiaketa Donostian egiteko hautagaitza aurkeztu dute, horrela eman dute jakitera Basque Culinary Centerren egin den KAIKU sarien banaketa ekitaldian. Hautagaitzak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Basque Culinary Centerren eta Euskal Herriko hainbat sukaldariren babesa jaso du.

Donostiak gazta munduaren Oscar sariak bana ditzake 2016an, World Cheese Awards (Munduko Gazta Txapelketa) lehiaketa antolatzeko hautagaien artean baitago. Horrela eman du jakitera Artzai Gazta Elkarteak KAIKU sarien banaketa ekitaldian. Brasilgo Sao Paulo, Gales eta Suitza izango ditu lehiakide.

World Cheese Awards lehiaketa 90. hamarkada hasieran sortu zen, eta mundu mailan antolatzen den gazta txapelketarik garrantzitsuena da. Gaztagile zein gazta erosleentzat erreferente eta topagune nagusia da; besteak beste, 35 bat herrialde ezberdinetan ekoiztutako ia 3.000 gaztagilek parte hartzen du, eta epaimahaian 250 aditu elkartzen dira. Zenbaki horiek txapelketaren dimentsioaren adierazle dira.

Artzai Gazta Elkarteak azaldu duenez, 2015ean zehar ezagutaraziko da hautagaitza irabazlea. Aurrez, World Cheese Awards lehiaketako antolatzaileak Donostian izango dira hautagaitza bisitatzen. “Otsailean etorriko dira, eta bisita amaitu ostean zerbait aurreratuko digute. Donostian izango dira, eta bertako azpiegiturak erakutsiko dizkiegu, halako txapelketa bat antolatzeko nahikoa berme eskaintzen dutenak. Besteak beste, Tabakalaren izango dira, bertan aurreikusten bada txapelketa antolatzea. Eta nola ez, barnealdera egingo dugu bisita, gaztagileen bihotzera. Bi mundu horien uztarketak balio erantsia ematen dio Donostiako hautagaitzari”.

Munduko Gazta Txapelketa Donostiara ekarrita, gaztagintza industriak “kalitatezko jauzia”  emango luke. “Izugarrizko prestigioa emango dio, salmentak igoko lirateke edo-eta nazioartekotzeari ateak zabalduko lizkioke. Finean, aukera paregabea da gure lan eredua eta artisau-industria nazioartean kokatzeko”.

Donostiako hautagaitzak babes zabala jaso du. Ekitaldian izan dira Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Koldo Lizarralde,  Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria; Joxe Mari Areiza Basque Culinary Centerreko zuzendaria; eta Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz eta Josean Alija sukaldariak.

Guztiek azpimarratu dute World Cheese Awards Donostian antolatzearen garrantzia, “hiriarentzat, lurraldearentzat eta Euskal Herriarentzat. Eta nola ez, tokian tokiko produkzioarentzat, batez ere gure artzainentzat eta gastronomiarentzat. Zentzu honetan, hemen elkartu garen guztiak norabide berean arraun egiteak hautagaitza indartuko baino ez du egiten”.

Kaiku Sariak

Gaur arratsaldean Basque Culinary Centerren egindako ekitaldian KAIKU sariak banatu dira. Artzai Gazta Elkarteak artzain gazta sustatzen duten pertsonak, elkarteak edo-eta bestelako entitateak saritzen ditu, eta euren lana balioan jartzen du.

XII. edizioan, aurreko guztietan bezala, lau sari banatu dira: zilarrezko hiru KAIKU eta urrezko KAIKUA. Aurtengo irabazleak hauek dira:

  • Urrezko KAIKUA. Markiñako Mari Karmen Ugartetxea gaztagileak jaso du. Artzai Gazta Elkarteak 35 urteko ibilbidea saritu du, eta bide batez, sektorean emakumeek daukaten presentzia eta garrantzia nabarmendu nahi izan da.
  • Zilarrezko KAIKUA. BBK Gizarte Ekintzako Periko Gorostizarentzat. Artzai Gazta Elkarteak antolatzen dituen lehiaketa, azoka eta bestelakoak antolatzen emandako babesagatik, eta bide batez, artzain gazta eta artzainen lana sustatzen laguntzeagatik.
  • Zilarrezko KAIKUA. Jakitea Elkartea. Artzai Gazta Elkarteak nazioartean bideratu dituen egitasmoetan eskainitako laguntzagatik. Xabier Zabaleta, elkarteko presidente eta sortzaileak jaso du saria.
  • Zilarrezko KAIKUA. On Aldizkari Gastronomikoa. 2007az geroztik Euskal Herriko  gastronomiari, eta artzain gaztari, eman dion bultzadagatik. Eduardo Vázquez aldizkariko zuzendariak jaso du saria.