Donostia Kirolak Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du?

Donostia Kirolak Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du?

Donostia Kirolak Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du?

BAGERA Elkartean atzo harriduraz jaso genuen berria; “Donostia Kirolak Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du, euskararen kudeaketaren kalitateagatik”. Ziurtagiri honek, Donostia Kirolaren eguneroko jardueran euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa aztertzen ditu, bai hiritar guztiei ematen dizkien kirol zerbitzuetan, bai eta bere langileen barruko lanari dagokionean ere.

Iazko ikasturteko datuak jaso genituen orain dela gutxi eta helduen neguko ikastaroetatik (200 inguru) 15 eskaini ziren euskaraz (hau da, %7,5a). Ikastaro hauetan euskaraz egingo dela bermatua dago baina gainontzekoetan elebidunak izango direla finkatuta badago ere eskaintzan ez da horrela zehazten eta ikastaro gehienak gazteleraz gauzatzen dira.

Bestetik, aurtengo ikasturteko datuak kontutan hartzen baditugu 14 dira euskaraz eskaini diren helduentzako kirol ikastaroak. 14 ikastaro hauek 4 jardueretan banatzen dira (Mantentze gimnasia, pilates, ziklo-indoor, gazteentzako aerobica) eta 6 kiroldegitan banatuta (Bidebieta, Bentaberri, Carmelo Balda, Paco Yoldi, Altza eta Intxaurrondo). Aurtengo helduentzako kirol jarduerak oro har hartzen baditugu, 88 helduentzako kirol jarduera daude eta hauetatik 4tan euskaraz jasotzea bermatua dago (jardueretatik %6,81). Bestetik 16 Udal Kiroldegi daude Donostian eta 6tan eskaini dira euskarazko ikastaroak ordu eta egun jakin batzuetan. Hona hemen euskarazko jardueren aurtengo ikastaroen koadroa:

Instalazioa Jarduera Egunak Hasiera data Bukaera data Ordutegia Adina
Bidebieta Mantentze Gim. Al/Az/Or 2014/09/29 2015/05/29 09:00-10:00 16-99
Bentaberri Mantentze Gim. Al/Az 2014/09/29 2015/05/27 19:30-20:30 16-99
Bentaberri Pilates Al/Az/Or 2014/09/29 2015/05/29 17:30-18:30 16-99
Bentaberri Pilates Al/Az 2014/09/29 2015/05/27 18:30-19:30 16-99
Bentaberri Ziklo Indoor Al/Az 2014/09/29 2015/05/27 8:00-9:00 16-99
Bentaberri Ziklo Indoor. Al/Az 2014/09/29 2015/05/27 20:30-21:30 16-99
Bentaberri Ziklo Indoor As/Og 2014/09/30 2015/05/28 17:30-18:30 16-99
Carmelo Balda Pilates Or 2014/10/03 2015/05/29 18:30-19:30 16-99
Paco Yoldi Aeróbic Gazte As/Og 2014/09/30 2015/05/28 18:30-19:30 14-19
Altza Ziklo Indoor Al/Az 2014/09/29 2015/05/27 20:30-21.30 16-99
Altza Ziklo Indoor As/Og 2014/09/30 2015/05/28 17:30-18:30 16-99
Altza Ziklo Indoor As/Og 2014/09/30 2015/05/28 18:30-19:30 16-99
Intxaurrondo Ziklo Indoor Al/Az 2014/09/29 2015/05/27 18:30-19:30 16-99
Intxaurrondo Ziklo Indoor As/Og 2014/09/30 2015/05/28 14:30-15:30 16-99

Hori guztia horrela izanik, BAGERA Elkarteak ez du zalantzan jartzen barne funtzionamenduan zein beste arlotan euskararen erabilera bermatzen denik (hala nola, paisaia linguistikoan, material idatzietan zein Donostia Kirolaren komunikazioa eta irudi korporatiboan) baina herritarrei eskaintzen zaizkien kirol jardueretan (datuek adierazten duten bezala) hutsunea nabarmena da. Donostia Kirolak-ek egun egiten duen eskaintzan euskararen presentzia oso urria dela baloratuta, euskarazko eskaintza handitzea beharrezkoa dela adierazi izan dugu; horregatik sortu digu albisteak bereziki harridura eta kezka. Donostia Kirolak-eko euskarazko eskaintza duina izatea da gure nahia eta bide horretan Bikain Ziurtagiria edota bestelako tresnak baliagarriak badira ongi etorriak izango dira, beti ere, emaitzetan isla lortzen duten heinean. Bide horretan, BAGERA bidelagun izango da beti.

Donostia Kirolak Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du?