Django ez dena

Aflixan hizki handiz “El favorito para los oscar” irakurtzeak deskonfidantza pizten badu ere, ezin zaio Steve McQueen handiaren film berri bati uko egin. Are gehiago, Solomon Northup gizon librearen edo hobe, libratuaren, istorioaren berri izan eta gero. Filmaren izen bereko “Twelve Years a Slave” liburuari aginka egiteko irrika pizten du.

Tarantinoren ‘Django’ ez dena da McQueenen ‘Twelve Years a Slave’. Tematika berbera izanagatik, ez baitu zer ikusirik. Karikaturatik oso urrun baita, eta gordintasuna baitario. Solomon Northup gizon librea zen bahitu eta hegoaldera lanera eraman zuten arte. 12 urtez izan zuten esklabu. Eta kalbario horren ostean idatzi zuen bere biziko pasarte ilunenak kontatzen zituen liburua. McQueenek oinarri hartu duena pantaila handirako. “Georgiako beltz gajo bat haiz! Ez ezak ahantzi!”.

Argazki lan briliantearekin, AEBtako independentziaren aurreko eskenatokian jarriko zaitu zuzendari ingelesak. Esklabutza ulergarri den kotoi landa zuri eta azukre kanabera sailetan. Ohiko duen hizkuntza geldoarekin estutuko zaitu. Oin puntekin lurra ukitzen duen gizon erdi urkatuari sokak lepoa estutzen dion era berean. Hala, segundu bakoitza zenbatzeraino.

Baina ez espero heroirik. Ez espero mendekurik, ez amaiera odoltsurik. Hau ez baita Django, nahiz eta, Dajngo ikusteko apeta piztuko dizun.

Fitxa:

urtea: 2013

iraupena: 133 min.

Herrialdea: AEBak

Zuzendaria: Steve McQueen

Gidoia: John Ridley (Biografia: Solomon Northup)

Musika: Hans Zimmer

Argazkia: Sean Bobbitt

Filmari buruz sarean:

Trailerra:

zinema
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.