Distantziak

Distantziak –

Nerea Ibarzabalek bertsolari kontuak ahotan hartu, eta “herrien arteko distantziak hain laburrak diren garaiotan, pertsonen artekoak ez ditugulako ondo neurtzen beti” dio Bizkaiko Hitzan.

DistantziakGertatzen da batzuetan kantu baten letra, albiste bat, txio bat… zeuretzako preseski idatzia dagoela iruditzen zaizula, bat-batean iritsi dela zugana zerbait esateko. Horrelako zerbait sentitu nuen joan den astean Txomin Ezponda bertsolariari BERRIAk egindako elkarrizketa irakurtzean. Bere garaiko bertsolaritza eta egungoa konparatzeko iradoki zion Garbiñe Ubedak, eta honela erantzun zionk: “Giroa, entzuleak, bertsolariak, bizimodua; dena aldatu da. Lehen, jendea elkarretaratzen zelarik, besta zen. Orain, gazteak entzunda, irudi luke bertsolaritza lana dela. (…) Ailegatzen dira, eta hileta batean baleude bezala, serio-serio bertsoak egin, saioa bukatu eta ospa. Gu, taula gainean ordubete egin eta gero, ostatu txokoan beste bi orduz aritzen ginen bertsotan”.

Ez diot osotasunean bat natorrenik hitz horiekin, uste baitut oraindik ere giroa eta festa badirela gazteon bertso saioetan, badakigula barre egiten eta eragiten, eta bestelako umore mota batzuekin, gainera. Baina eman dit zer pentsatua azkeneko esaldiak, jendearekiko harremanarenak, saio aurrekoak eta ostekoak. Badirelako saioak eta herriak gorputzaldi arraroarekin agurtzen ditugunak, erdi presaka, beste saioren bat dugulako gero, edo familia, edo aste osoan pilatutako nekea dela eta. Horrelakoetan, bueltako bidean pentsatu izan dut zein iritzi geratu ote zaien tokikoei nitaz, herrien arteko distantziak hain laburrak diren garaiotan, pertsonen artekoak ez ditugulako ondo neurtzen beti. Benetako bertsolari bat ote naizen azken trago bat hartu gabe alde egin badut.

Bertsolari beteranoekin kantatu izan dudanetan ikusi dut Txomin Ezpondak kontatzen duenaren arrastoa. Horiek badute nik hainbeste eskertuko nukeen jendearekin egoteko patxada edo disimulatzeko gaitasuna, gertutasuna, aspaldiko anekdotak oroitzeko dohain hori… Ni ez naiz gai antolatzaileen izen bakar bat gogoratzeko urtebete pasatuta. Eta berriro pentsatzen dut benetako bertsolari bat ote naizen behin saioa amaitu ostean ez badut kantuan segitu nahi, edo parrandetan bertsoak eskatzen dizkidatenetan haizea hartzera bidaltzen baditut denak.

Ezpondak ere argi esaten du, garaiak aldatu dira, eta artista gutxik dute egun emanaldiaren ostean bi ordu tabernan igarotzeko pribilegioa. Baina pertsonen arteko harremanak ez hozteaz arduratu beharko ginateke, oholtzak geroz eta handiagoak diren honetan, eta auzo txikiak geroz eta txikiago. Jendearekin parez pare jarri, amona baten hitzak entzun, herriko gertaeren berri jakin eta hor egoteagatik zortedun sentitu. Bai, egin beharko litzatekeena esaten nabil, jakinik ni beti ez naizela horretarako kapaz. Azkenean, zerbait izango dut benetako bertsolaritik.

Distantziak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.