Disimuluan

sagardoa

(Euskadi Irratiko Arratsean saiorako prestatutako testua)

Gauza ederra da disimulua. Ezinbestekoa ere bai, batzuetan. Biziraupena. Disimuluak eragotzi ditu mundu gerrak, kultur elkarteetako eszisioak eta orotariko hasiberrion depresioak. Non geundeke hura gabe?

Zuri ere gertatuko zitzaizun inoiz: aitonaren urtebetetzea dela-eta bildu zarete beste behin lehengusina-lehengusu eta izeba-osabak soziedadean. Ardoa eta sagardoak puztu eta poztuta hasi dira hizketan: politikarien orrazkeraz lehenengo,  EITB2ko sukaldaritza saioak txalotzen gero, egungo gazteoi dena eginda eman digutela ebatziz bukatzeko. Eta zu aulkiari bi eskuekin heldu eta galtzetan kabitu ezinda, norbaiti lepora salto egiteko gogoari eutsi eta kroketak bata bestearen atzetik itxuragabe irensten. Barruko ekaitzari kanpora irtetzen utzi beharrean, poeta postmodernoa kontzertuetan bezain bare eta geldo. Disimuluan.

Eta nori ez ote zaio beste honen gisako egoerarik egokitu: aspaldi ikusi gabeko lagun on horrekin topo egin, eta harekin kafea hartzeko probestu duzu aukera. Ohi bezala musika hartu duzue mintzagai, eta konturatu zara aipatu dizkizun taldeen artean bakar bat ere ez zaizula ezaguna egiten.  Ertz jaialdiko programazioa begiratu zenuen hartatik, halakorik sentitu gabea zinen, Ez da hori okerrena izan, hala ere. Proiektu musikal berria duela esan,  eta konturatzerako aurikularrak belarrietan jarri dizkizu. Heavy-ari Bide Ertzean baino gutxiago gustatu zaizu tinpanoak zulatzen dizkizun zarata trakets hori. Doinu atseginagoak dira ostegun gau batez Alde Zaharreko kaleetatik etxera iristen zaizkizunak. Eta zuk, aurpegia nazioarteko egiaztatzaileak baino neutralago mantentzeko ahalegina eginda, ahoskatzen asmatu duzu:  “Tira, ez da nire ohiko estiloa, baina interesgarria dirudi. Gehiago entzuteko gogoz geratu naiz eh! Lotu al duzue inguruotan zuzenekorik?”  Hala, jasan behar izan dituzu, beste ordu erdiz, melodiaren nota bakoitzari dagozkion azalpen ezin zehatzagoak, neurtutako amorruz, jada hustutako azukrearen paperezko poltsa mila zatitan txikitzen duzun bitartean. Disimuluan.

Festazalea bazara, ongi jakingo duzu zer den hori: azken boladan alkoholak, ustez barruan daramazun Maialen Lujanbio hori aterarazten dizunetik, bertsolaritza profanatzen harrapatu ohi zaitu egunsentiak.  Herri bazkarian bertsokidea sagardoa banatzen ikusi duzun arte ordea, atzoko saioaren oroitzapenak ez du zure buru ajetua eraso. Supituki, zenbait puntu ere burura etorri zaizkizu. Bertso akaso lizunegi eta ziur kaskarregiak berreraikitzeko ahaleginean ari zarela jarri dizu kolpe batez botila pare parean. “Burukominez?” galdegin dizu. “Atzo ondo, ezta?”.

Lagunen barreari entzungor egiten saiatu, eta aurpegia gorritzen ari zaizula sentitu bitartean esan diozu baietz. “Zurekin egon al nintzen ba?”. Ondoko mahaira bidean da erantzuna bota duzunerako, eta ez dakizu entzuterik izan duen. Beste aldera begiratu, sagardo botlia eskuan hartu eta edalontzia bete duzu, erdia kanpora botata. Disimuluan.

Gauza ederra da disimulua. Ezinbestekoa ere bai, batzuetan. Badu bere alde iluna ordea. Antzezlan neurtuenean murgilduta dagoen disimulari bikainenak ere, ezin dio zenbait egoerari aurre egin, eta batzutan, askotan, gehiegitan oso maiz, egia gordinak itxuraren estalkia gainditu eta gainezka egiten du han eta hemendik.

Badira, azken batean, editoreak modako idazlea limurtzeko adina saiakera eginda ere disimulatu ezinak diren gaitzak. Patuak aurrez ebatzitako auzi eta borroka galduak.  Sahiestezinki sahiestezinak.

Lehendakari jaunaren pareko diskrezioaren jabe izanik ere, zaila baita, zaila denez, nerabezaroko lehenengo begi gorrituak gurasoei ezkutatzea; oraindik irakurri ez dituzun liburuak irakurtzeko kirola egiteari utzi zenionetik, nahi baino gehixeago puztu zaizun gerri buelta hori, alkandora estuegian gordetzea; eta batez ere, zaila baita, dagoeneko ohartuko zinenez, ia 10 minutuz hitz eta pitz aritzea, barrari eta pantailari itsatsita ordu gehiegi eman dituzulako -edo ez dituzulako nahikoa ordu eman- taxuzko ezer esateko ideiak agortu zaizkizula nabarmenegi erakutsi gabe.

Disimuluan
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude