Dirudunen agintea

Dirudunen agintea –

Egun hauetan zaila da Zaldibarkoa ez den gai bati ekitea: bi langile zenduta, enpresa pribatu bat kontrolik gabe gai toxikoak pilatzen aritu dena diru truk eta ondorioak diru publikoz nola hala konpoduko dira…

Dirudunen agintea

Enpresa hauen tentakuluak oso luzeak dira…, baina ez dago Zaldibarrera joan beharrik.

Gasteizen bertan, hurbil gaitezen Aiztogile kalera, hogeita zortzigarren zenbakira, eta gogora ekar dezagun gertatutakoa, kasu honetan ondare historikoarekiko mezprezua.

2006an orubean zegoen eraikina bota zen eta lurra berdindu. Orubea hutsik geratu zen eta sasiz, arratoiz eta zikinez bete zen, 2011n auzokide batzuek garbitu eta bolatokia egin zuten arte. Orubearen jabeek orduan erreklamatu zuten beraiena zela (ez ziren berdin akordatu garbitzeko) eta udaltzainek berriro itxi zuten.

Iaz, bertan etxeak egiteko, enpresa etxegile batek erosi zuen, Gasteizko herri eta festa ezagun bat egiten den leku izena duena (bertara hurbiltzen bazarete ikusiko duzue kartela). Iragarkiaren arabera, etxe “merke-merkeak” (Gasteizko guztiak bezala), parte zaharrean bizitzeko xarmarekin.

Gasteizko hirigune historikoan egonik orubea, arkeologia dokumentazioa egin behar zen, ezer eraikitzeko lanak hasi aurretik. Baina, hara non, obrako baimena lortu zuten nolabait, eta lanak egiten hasi ziren arkeologia egin gabe aurtengo hasieran. Beraien zoritxarrerako, eta gure kultura ondarearen onerako, erretiratuta dagoen arkeologo batek ikusi eta abisua bidali zion aldundiari eta lanak geratu egin zizkieten. Etxegile enpresak behartuta deitu zion arkeologo bati, legea betetzen zuela plantak eginez. Arkeologoa bere lana, eta ondo, egiten hasi zenean, etxegile enpresak, presio egin asmoz, hirian ezaguna den interneteko kazeta bati deitu zion, esanez, alferrik geratu zizkiotela lanak, han ez zegoelako baliorik zuen ezer. Zorionez, arkeologoei esker dena ondo dokumentatu da. Enpresa hauei ondarea edo ingurumena komeni zaie dirua egiteko, “saltzen” dutena apaintzeko, baina gero beste batzuek zain eta ordain dezatela.

Dirudunen agintea