“Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque” aurkeztu da gaur Baionan

Elhuyar Fundazioak Dictionnaire Elhuyar hiztegia, euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren edizio berria prestatu du eta gaur aurkeztu du Baionako Elkar Megadendan. Han izan dira Josu Aztiria, Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduraduna, Elixabete Etxeberria, hiztegiaren arduradun eta Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak saileko kidea, eta Irati Bereau, hiztegiaren egileetako bat.

Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque aurkeztu da gaur Baionan

Hiztegi honetan, euskarazko edo frantsesezko hitzaren ordainaz edo ordainez gain, oharrez eta adibidez osatutako informazioa aurkituko dugu askotan. Sarritan, baita sarrerari lotutako azpisarrerak ere. Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren edizio berri hau Elhuyarrek argitaratzen duen bigarrena da, eta, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko ohiko hitz arruntekin batera, hitz teknikoak eta zenbait egitura gramatikal eta esapide biltzen ditu. Tresna baliagarria izan nahi du irakasle eta ikasleentzat, hizkuntzak lantzen edo hizkuntzarekin diharduen profesionalarentzat, edo jakin-mina duen ororentzat. Eskolan, akademian, unibertsitatean, lanean… erabiltzeko modukoa da. Hiztegi hau frantsesa zein euskara ikasten ari den edozeinentzat erabilgarria da, adin guztietarako egokia.

Elixabete Etxeberriak, hiztegiaren arduradunak, aipatu duenez, bigarren argitalpen honetan, Euskaltzaindia etengabe osatzen eta Interneten argitaratzen ari den Hiztegi Batua izan da prestakuntza-lanen zutabeetako bat. Lehen argitalpenarekin alderatuta (2004an kaleratua hura), hiztegia adibidez eta oharrez hornitzea izan da lanaren beste parte handi bat; 6.753 adibide jasotzen ditu guztira, aurreko edizioak baino dezentez gehiago.

Hiztegiak 42.034 unitate ditu, bakoitza eremu geografikoaren markaz, marka semantikoz eta erabilera-oharrez hornitua. Betiere, euskararekin eta frantsesarekin dabilen erabiltzaileari produktu osoa, eguneratua eta erabilerraza eskaintzeko helburuarekin.

Elhuyar Fundazioak urtetako eskarmentua du hiztegigintza-arloan, eta hiztegiak, paperean eta Interneten ez ezik, smartphoneetan ere eskuragarri dauzka. Oso epe laburrean tabletetan ere eskuragarri izango dira. Dictionnaire Elhuyar hiztegia, euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren bigarren edizioa dagoeneko salgai dago paperean, Elhuyarren Interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak). Dena den, Elhuyarrentzat garrantzitsua da erabiltzaileak dauden euskarri guztietara zabaltzea hiztegiak, eta horregatik, Josu Aztiriak adierazi duenez, lanean ari dira hiztegi honen edizio berria Interneten kontsultagai jartzeko eta smartphoneetara eta tabletetara egokitzeko. Gainera, erabiltzaileen iritziak eta oharrak jasotzeko bidea jarri du www.elhuyar.org/hiztegiak-iritzia helbidean, bertan, Elhuyar hiztegiei buruzko iritzia eman ahal izango du erabiltzaileak.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

2 pentsamendu ““Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque” aurkeztu da gaur Baionan”-ri buruz

  • Nire seme-alaben ikastolan (Ikastolen Elkartea) andereñoak agintzen die hiztegia español-francés erosteko frantses klaseetarako. Esaten du gaztelera gertuago dagoela frantsesetik eta komeni zaiela horrela ikastea (12 urteko seme-alabak euskaraz askoz hobeto moldatzen dira euskaraz). Zer iruditzen zaizue?

    • Gauza jakina da irakasle bakoitzak bere irizpideak ezartzen dituela bere gelan, eta irizpide horien arabera egiten duela testu eta gainerako baliabideen aukera. Hor ez dugu ezer esatekorik.
      Gure iritzi apalean, frantsesa ikasteko beti gaztelaniaren makulua behar badugu, inoiz ez dugu frantsesa euskaratik ikasiko, beti izango gara gaztelaniaren “beharrean”. Euskaraz ongi moldatzen den 12-13 urteko gazte batek frantsesa (edo beste edozein hizkuntza) ikasteko gaztelaniara jo beharra duenik ez dugu uste; euskara-frantsesa, euskara-ingelesa… harremanetan jartzeko gai da. Baina, esan bezala, gure iritzia baino ez da.