Dibertsitatearen tranpa?

Dibertsitatearen tranpa? –

Espainian indarra hartu du eztabaidak, eta Hego Euskal Herrian ere izaten ari da eragina: sobera arreta ematen ote dio ezkerrak dibertsitateari, iparra galtzeraino? Tontokerietan galtzen du denbora, egiaz inportanteak diren gauzetan zentratu ordez?

Pablo Simon soziologoak kontu honetaz hitz egin du eldiario.es egunkarian. Hona hemen zer dioen:

Ezkerraren krisiaren errua politika identitarioei botatzen diete egile batzuek, esaterako Mark Lilla politologo estatubatuarrak. 

Bai. Gauza askok kezkatzen naute diskurtso horretan. AEBetako eztabaida bat Europara ekarri nahian ari gara, eta Europan oso desberdinak dira kosmopolitismo, dibertsitate eta heterogeneotasun mailak.

Baina Europan ere erabiltzen ari dira diskurtso hori.

Hain zuzen ere. Eta erabiltzen ari dira enpirikoki egiaztaturik ez dagoen tesi bat. Ez da frogatu jendea ezkerreko alderdiak uzten ari denik identitate-politikez gehiago dihardutelako. Horrek garamatza 68ko Maiatzekoa den eztabaida batera, zeren historia zirkularra baita, eta gaurko eztabaida guztiek iraganeko oihartzuna baitute. Eta irudi du berriz ere hizketan ari garela iraganeko enfrentamendu batez: mugimendu feminista edo queer-ak versus komunista tradizionalak. Azkeneko horiek galdetzen dute zergatik zatitu nahi dugun langileen klasea.

Hau oso dibertigarria da; izan ere, Tarik Abou-Chadik eta Markus Wagnerrek berriki argitaratu duten artikulu batean galdetzen da ea zer neurritan den egia edo gezurra ezkerreko alderdiek botoak galtzen dituztela identitatean zentratzen direnean. Zer frogatu dute enpirikoki? Gezurra dela. Alderdiek beren politikak gai sozialetara bideratzen dituztenean eta politika identitarioekin konbinatzen dituztenean, eta gutxiengoen defentsarekin –baina maiz ahazten zaigu emakumeak ez direla gutxiengoa, populazioaren erdia baizik– emaitzarik onenak lortzen dituzte hautetsontzietan.

Baina, maiz, geure burbuilan bizi garenez, ez gara ohartzen desparekotasunak askoz ere konplexuagoak direla. Homosexual batek bost aldiz aukera gehiago baditu kalean erasoa izateko, zertaz ari gara? Soldataren genero-arrakalaz ari garenean, identitateaz edo desparekotasunaz ari gara? Egiaz esaten ari gara eztabaida horiek ez direla kontuan hartu behar? Eta identitateen diskurtso hori ez dute elite makiaveliko batzuek eraiki, klase-borrokatik arreta kentzeko; hori etorri da gizartea era askotakoa eta konplexuagoa delako.

Dibertsitate handiagoa dago.

Eta horrek dakar eztabaida aberatsagoa izatea. Pentsatzea posible dela jeinua berriz ere lanparan sartzea nostalgia hutsa da; logikoa zen jendea identitateaz galdezka hastea. Oraingo garaietan, adostasun transbertsalagoak bilatu behar dira, eta hori eragile politikoek egin behar dute, onartuz gizartea aldatu dela eta dena zailagoa dela.

5 pentsamendu “Dibertsitatearen tranpa?”-ri buruz

  • Ezkerreko intelektualek posmodernismoa elikatu dute, jakin gabe beren borreroa sortzen ari zirela. Orain komeriak, ez dago denentzako poltronarik eta herritarrek ez dute ezer jakin nahi txorakeria sorta guzti horretaz. Eroriko da gezur handi hau, erori behar duenez

  • Amonamantangorri 2018-11-19 17:00

    “Momentu honetako gertakizun paradoxikoenetako bat da, nahiz eta zuen bereizgarritasuna hain sutsuki azpimarratu, zuen ergelkerian gero eta homogeneoagoak zaretela”. Daniel Bernabé, “La Trampa de la Diversidad”-en egileak.

    Ba omen dira zantzu, seinale eta inertzia zenbait kezkak adierazteko.

  • Urtebetean asko jota, hemengo hedabideak komunista identitario psikoanalistez beteko dituzte, hitz-jario ulertezinez bazterrak nahasteko and so on and so on. Genero eta inmigrazio arloan ezagunak diren datuak ateratzen, hauek berriak bailira, ezagutuko ez bagenitu bezala. Ohartu dira unikulturaltasun globalista eta feminismoa amortizatuak daudela, borderline sindrome soziologia hori barneratu duten alderdiak hondoratuko direla horrela jarraitu ezkero.

    Mukizapia erabili eta zakarrontzira bota.

    Printzipe berriak betiko tronuetan, hemen azpian guztiak berdin jarrai dezan. Politika zikina da oso, are aspergarriagoa, eta eskerrak politika heredagarria dela behintzat! Asko jota pertsona baten bizi itxaropena irauten du.

  • Amonamantangorri 2018-11-20 22:29

    Gizon umila, gizona: bere lehen liburuari “Printze Modernoa” izenburua paratu dio. Halaber, frantses ekonomialari batek “Kapital Berria” izenburua aukeratu omen zuen bere liburuarentzat.
    .
    Oroitzen naiz Xabier Amurizak esan zuenean: “Bo, nire nobelarekin Paradisu Galduaren Bila-ren antzeko zerbait egin nahi izan dut”. Beste umil bat.