Devil´s Trill

http://alteretaego.wordpress.com

 

43_in-komunikazioa

Argazkia: In-komunikazioa
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3840×3840 px (1:1)
Sortze data: 2013/06/15
Latitudea: 43º 25,267´ N
Longitudea: 2º 43,300´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 100mm f/2.8L Macro IS USM
Distantzia fokala: 100mm
Irekidura: f3,5
Esposizio denbora: 1/160?
Sentikortasun eskala: 2000 ASA
Flasha:

Alter dixit.

Beti kostatu izan zait sentimenduak kanpora ateratzea: horregatik eman nuen izena biolineko klaseetan.

Izan ere, gehienetan, zailena ez da sentimenduak plazaratzea, hitzez plazaratzea baizik. Hortaz, arazoa erabiltzen den bitartekaria izaki, konponbidea beste bide batzuk esploratzea zela ondorioztatu nuen. Eta garai hartan, hamar urte joango baitziren jada, entzuteko aukera izan nuen disko batean zegoen erantzuna. Gogoan dut Vanessa Mae biolin-jotzailearen disko hartako pasarte zehatz bat: Giuseppe Tartini italiar maisuaren G minorreko Sonata.

Gizon penatua zen gure Giuseppe eta, halabeharrez, bere obran ere utzi zituen horren zantzuak. Kondairak dioenez, gau batean deabruarekin egin zuen amets. Auskalo nondik atera zen itun bati esker, eta auskalo zeren truke, deabrua Tartiniren esanetara geratu zen. Gauzak horrela, deabruak Tartinik eskatzen zion edozer betetzen zuen. Gauetako batean, behin deabrua tentatzen hasita, bere biolinetako bat luzatu zion, ea zer egiteko gai zen frogatu nahian edo.

Damutu ere, damutu zitzaion deabruari biolina eskaini izana! Inoiz imajinatu ezingo zuen doinua atera zion malapartatu hark bere instrumentu kutunenari. Hain izan zen ikaragarria Tartinirirengan musika hark sortu zuen zirrara, ezen italiarra bere lotik ere atera egin zuen. Itzartu berri, presaka, melodia hura paperean jartzen saiatu zen. Bere ahotan jarri izan da, eginahalak eginda ere, ez zela gai izan deabruak eskainitako orgasmo musikal hura modu duin batean transkribatzeko.

Dena den, eta Tartini erabat gustura geratu ez bazen ere, historiarako utzi digu Devil´s Trill bezala ezagutzen den pieza, deabruaren txioa. Plazera da taxuzko biolin-jotzaile bat hura jotzen ausartzen denean, edonor ez baitago horrelako ur sakonetan sartzeko trebatuta, begiak itxi eta melodia gure barnera sartzen nabaritzea.

Ni neu, noski, saiatu ere ez naiz egin partitura hori eskuratzen. Baina disko hark piztu zidan jakin-mina profitatu nuen biolinaren munduan apur bat gehiago murgiltzeko. Ez naiz Paganini bat, baina ez eta beharrik ere. Hainbat urteren ostean moldatzen naiz, nola edo hala, lau hariei nire nahiak aseko dituen zaratatxoren bat edo beste ateratzen.

Eta tresna bikaina da bestela kanporatu ezingo nituen sentimendu horiek azaleratzeko, gainera. Oholtzak, berez, badu norbere paparra puzteko behar adina ahalmen, behean zuk zer egingo zain daudenengatik baino ez bada ere. Gainera, talde baten babesean jotzerakoan kolektibo bateko partaide sentitzeak ere ematen dio bere puntutxoa. Eta zer esanik ez, aspaldi honetan kontzertuetan ugalduz doazen kameradun friki horietako batek, ezustean, argazki itxuroso bat ateratzen badizu. Trantzean, nire Lady Blunt partikularrari begira, arkuaren beharrizanik gabe ere komunikatuz…

Ez naiz Paganini edo Vanessa Mae baina, ziurrenik, euretako batek ere ez du erakutsi dizuedana bezalako argazkirik.

Ego dixi.