Desoreka

zaldieroa

Larunbatean, aspaldiko partez, zinemara joan nahi nuen. Ez nuen pentsatua, halere, zein filmetara joan; neurri handi batean, berdin zitzaidan, eta prest nengoen pelikula komertzial txatxu bat ikusteko ere. Gaztetan, zinemazale bihurtzeko prozesuan nintzelarik eta artean zenbaitetan sarrerak erosteko lerro luzeak izaten zirelarik –Internet gure bizitzara ailegatu baino lehen alegia–, ez nuen batere gogoko blockbuster handietan sortzen zen giroa: normalean zinemara joaten ez zen jendea ere joaten baitzen horrelako filmak ikustera, eta iduritzen zitzaidan anitzek ez zekitela zinema areto batean egoten, eta maiz lekuz kanpo sentitzen nintzen jendetza haren artean –zinema zer den ere ez dakite, xuxurlatzen zidan belarrira ordurako koskortzen hasia zen nire barneko esnobak–.

Baina desbideratzen ari naiz: hondarrean, astebururo bezala, ez nuen filmik ikusi –ez komertzialik, ez kultuzkorik–, eta familiarekin Lapurdira, Miarritzera hain zuzen ere, abiatu nintzen egun pasa. Miarritzen, Lapurdin –eta baita Frantzia aldean ere– beti gertatzen zaidan maneran, azentuaren misterioaz hausnartzeko parada izan nuen: bazkaltzeko tenorean, ostatu batean sartu eta, nonbait, nire azentuak berehala salatu zuen nire nortasun sekretua: zerbitzariak “vous êtes combien?” galdegin eta nik aski izan nuen “trois” erratea –trois, ez trrrrrua, hegoaldeko erre anitzekin–, hark ihardets ziezadan: “síganme por aquí”. Noizbait, ostatu batetik alde egitean, “agur, esker mila” erran izan digute –eta ni, orduan, kontent–, baina noizbait gehitu izan dute “a, espagnols”: horrelakoetan, “mais non, je suis Basque, comme vous” erantzutekotan egoten naiz, baina horrek, alde batetik, trois-etik haratago joan litekeen eztabaida eskatzen ahalko luke, eta, bertzetik, ez zait gustatzen jendeari beharbada onartuko ez lituzkeen etiketak inposatzea –nirekin frankotan horixe egiten badute ere–. Nolanahi ere, larunbatean, etsita, “le flamenco” izeneko pastel bat hartu nuen arratsaldeko kafearekin. Arrunt goxoa zegoen, bidenabarkoan erranda.

Horrelako gertaerak, halere, eskertzekoak dira, zeren aski normala izaten baita zer garen ez jakitea, kanpoko norbaitek erraten digun artio. Antonio Banderasek kontatzen zuen behin, Estatu Batuetan, inprimaki bat betetzean, arraza jartzen zuen laukian “zuria” jarri zuela; berehala zuzendu zion inprimakia jaso behar zuen funtzionarioak: “baina zu ez zara zuria, zu hispanoa zara”. Ni, alde horretatik, mezu nahasgarriak eta kontrajarriak jasoa naiz: mugaz bertzaldean le flamenco hartzera behartua sentitzen naizen arren, baditut froga argiak zalantza izpirik gabe ni hispanoa edo latinoa ez naizela erakusten dutenak –hau kontatua dut Zuzeu-ko artikulu txiki batean, eta, nahiz eta urte berrirako nire asmo zintzoa zen anekdotarik ez errepikatzea, nire bizitzako pasadizoak akitzen ari zaizkit, eta urtarrilaren 14a data ona izan daiteke urte berriko asmoak ez betetzen hasteko–. Harira: Alemanian Erasmus-a egiten ari nintzelarik, Kolonbiako mutil batek –mutil goapo batek, gauzak zehazki adierazteko– zera erran zidan: “hemen, latinook arrakasta handia dugu neskekin”. Eta orduantxe ulertu nuen ni ez nintzela latinoa.

Nolanahi den ere, jarria nago sailkatua izatera eta, ustekabean, nire uste xaloan zegokidan taldetik kanporatua izatera. Eskolan, nire ikaskideen artean dezentek heavy metal aditzen zutela ikusita, haietarik bati kasete bat –bai, kasete bat, historiaurreaz ari gara– eskatu nion; erantzuna, hauxe: zuri ez zaizu gustatuko. Helegiterik onartzen ez zuen sententzia hura nire itxuraren azterketa azkar batean oinarritzen zen, ez nire gustu musikalen ezagutza sakon batean, eta horrela, tupustean, jende normalaren taldetik lekutua izan nintzen, eta heavy-metal-gustuko-izateko-sobera-itxura-zintzoa zuten haurren erbestera igorria.

Larunbatean, Miarritzera joan nintzen, baina Bilbora ere joan nintekeen, merezi zuen kausa baten aldeko manifestazioa baitzen han; biharamunean ere, igandean, bertze manifestazio handi bat bazen, Parisen, baina bigarren manifestazio horrek zinemazale bihurtzen ari nintzeneko gazte garaiko blockbusterrak zekarzkidan gogora: deseroso sentituko nintzatekeen, horrelakoetan nola jokatu behar den jende anitz baitzen parte hartzekoa Pariskoan, eta susmoa dut askatasunaren aldeko aldarri nagusia ere ez zutela sobera ongi ulertu zenbaitek. Izan ere, harrezkeroztik mezu nahasgarri eta kontrajarriak ailegatu zaizkigu: itxura denez, Mahomarekin txantxa guziak zilegi badira ere, guardia zibilarekin ez da bromarik egiten ahal, edo hori adierazi du Espainiako barne ministroak.

Ministroaren solasak Euskal Herriko hamasei abokatu atxilotu ondotik etorri dira. Operazioa, bederen, argigarria izan da, Antonio Banderasen inprimakia bezain: oraindik norbaitek uste bazuen Estatu espainoleko euskal herritarrak izaten ahal ginela, Estatuak argi utzi digu –enegarren aldiz– herritartasun ustez abstraktu eta neutroak, Espainian, subjektu etnikoa baduela, eta gu herritartasun horretatik kanpo gelditzera eta mendeko talde etniko gisa tratatuak izatera kondenatuak gaudela. Gure itxura ikusita, bistan da Espainiako himnoa ez zaigula sekula gustatuko.

Espainiako demokraziaren afera, azken buruan, oreka afera da. Diotenez, gure anatomian, titiak edo barrabilak ez dira erabat berdinak izaten, bata bertzea baino handixeagoa izaten da, edo –barrabilen kasuan– bata bertzea baino erorixeagoa egoten da –ni-aren literatura modan badago ere, ez dizuet azalduko nire barrabilak meridiano berberean pausaturik dauden, edo bata Elizondon eta bertzea Tuteran; halere, kontuan hartuta agian norbaiten jakin-mina piztu dudala, Big Bang Theory-ko Sheldon Cooperren hitzak erabiliz, erran dezagun genitalak izan baditudala eta estetikoki atseginak direla–. “Demokrazia espainola” sintagman titiekin edo barrabilekin gertatzen den gauza bera gertatzen da: bi osagaiek ez dute pisu berdina, ez daude orekatuak. Bikote xelebrea osatzen dute, eta maiz krisia sumatu da bien artean, adostu ezina: eta bien artean desadostasuna izan den aldi oro, beti “espainola” atera da garaile, demokraziaren kalterako. Izan ere, hain dabil makal lehen osagai hori, ezen makulu bat beharko bailuke: “ustezko”.

Ustezko demokrazia espainola. Tira, horrela sintagma ez da hain xelebrea.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Desoreka
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

2 pentsamendu “Desoreka”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude