Desobedientzia zibila, bidea, ala harria bidean?

estudiante-tanque-tiananmen

Azken hilabetean, AskeGunea dela eta, desobedientzia zibila denen ahotan izan da, hala kalean, nola telebistako platoetan. Bada esaten duenik ETAren ekintza armatuen amaierarekin, desobedientzia zibilaren aroan sartuko garela Euskal Herrian. Bada dioenik bake eskenatokian desobedientzia ez dela praktikan jarriko, pragmatismoaren izenean. Nork du arrazoi ordea?

“Desobedientzia-egintza da, libertate-egintza den aldetik, arrazoiaren hasiera.”
Erich Fromm

Baditugu aurrekariak desobedientzia zibilari dagokionean Euskal Herrian. DEMOak esaterako, edo-eta mugimendu ekologistak martxan jarritakoak. Baina ezin uka, ETAren jardun militarra bizi-bizi zelarik, bide hau beti izan dela zidor. Bai behinik behin Hego Euskal Herriaz ari garenean.

Orain ordea bestelakoa da egoera. Loiolako adierazpenetik sortutako eskena politikoan Amaiur eta EHBildu botere kuota nabarmena lortu dute Konstituzioaren hierarkiapean dauden estamentuetan. Gobernu koalizioa bilakatu da bat batean ezkerreko abertzaleek osatzen duten taldea. Eta hor hasten dira kontraesanak. Izan ere, teorian desobedientzia ardatz behar lukeen mugimenduak, oinarrien harridurarako albo batera utzi du gobernatzen duen guneetan bide hori. Eta legea betetzea hobetsi du lehen EAJri egozten zitzaion ardikeria beraz. Hala izan da gustatu ala ez.

Aitzitik, askori min emango badio ere, EAJ askoz ere koherenteagoa ukan da. Ez baitu inoiz desobedientziaren aldeko hautua egin. Beti espazio legalak bilatu eta topatu ukan ditu Estatuari aurre egiteko (Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundian jarri zuen plaka).

bandera-espanola-donostia_1Eta honatx sortzen zait ene barrenean galdera: Egiazki desobedientziaren arora pasatzera bagoaz, eta ezker abertzaleari bozka eman diotenek benetan politika egiteko beste era bat nahi badute, zer demontre ari da EHBildu gobernantzen duen Udaletan bandera espainola jarriz? Eta ez du gero balio, jeltzaleek erabiltzen dituzten aitzakia berak jartzea: inabilitazioak direla eta beste. Zer ari da etxe kaleratzeak egiten dituzten bankuei prestamoak eskatzen? EHBildurentzat zer da desobedientzia zibila, egiteko bidea, ala bidean harria? Benetan desobedientzian sinetsiz gero, ez diezagutela adarrik jo arren. Ez dezatela hain berdina bihurtu EAJ eta EHBildu bozkatzea. Bestela akabo gara.

Askegunea eredu izan da desobedientzia bultzatzen. Erakutsi du antolatuta eta erantzun bateratu bat emanaz min asko eman daitekeela. Nire irudikoz, bai banderen auzian, bai beste hainbat auzitan, EHBilduk gobernatzen duen Udal guztien erantzun bateratuak sekulako mina egin diezaiokela bai Estatuari eta baita Estatuaren legediari men egiten dionari. Botereguneak (hainbeste boteregunek) zertarako balio du bada, gero ez bada politika egiteko beste era baterantz bira egiten?

1978, Agurain

2 pentsamendu “Desobedientzia zibila, bidea, ala harria bidean?”-ri buruz

  • Hara! Erich Frommek espainieraz ekoizten ote zuen?

    “Desobedientzia-egintza da, libertate-egintza den aldetik, arrazoiaren hasiera.”
    Erich Fromm

  • Ez, noski, euskaraz!