Deskonexioa, presidentearen zain

Deskonexioa, presidentearen zain

Aurrerapauso handia eman du Kataluniako parlamentuak, azaroaren 9ko galdeketaren lehen urteurrenean. Errepublika bat sortzeko bidea hasi duela iragarri du (72 alde, 63 kontra), eta zilegitasuna kendu dio oztopoak jarri ditzakeen Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Hilabete barru, ogasuna, gizarte segurantza eta konstituzio prozesuaren legearen tramitazioa martxan jarriko dituela agindu du.

Espainiako marko legaletik kanpo lotsik gabe hasiko dira ibilian, eta hor helduko da benetako talka politiko-juridikoa. Konstituzionalaren erabakiei ezikusiarena egingo diete? Diru iturria etengo du Espainiako Gobernuak? Hor dago koxka.

Espainiako hauteskunde batzuk tartean, abenduaren 20an, etena egon daiteke lehian. Madrilen beste zerbaitetan ariko dira, eta, dirudienez, baita Bartzelonan ere.

Presidente eta gobernurik ez izatea da independentisten egitasmo historikoaren kontrapuntua. Eta ez da arazo txikia. Adierazpena onartuta, ekimenak martxan jarriko dituen tresnarik gabe daude. Gauzak horrela, egoera urtarrila amaierara arte luzatu daiteke, bi gobernuak ezarri arte.

Presidentearen gaiaren harira, kezka da nagusi independentisten artean. Bozetatik hilabetea pasata, pazientziak agortuz doaz. Prozesu guztia baldintzatu duen mendi errusiar emozionalak bere onetik aterako du bat baino gehiago. Etxeko lanak ezin eginda, nola egin aurre arerio boteretsu bati?

Edonola ere, presidente izendapenaren auzian, irtenbideak hiru dira. CUPek atzera egin eta Artur Mas, goiz ala berandu, presidente izendatzea ala Artur Mas-ek albo batera egin, eta presidentetza beste norbaiten esku uztea, alde batetik. Kasu honetan Junts pel Sí-k edo CUPek, batek, hitza jango du. Zenbateraino zailduko lituzke horrek etorkizuneko pausuak? Ezin jakin. Argi dagoena da, haientzako aukera okerrena, hirugarrena, hauteskundeak berriz deitzea dela.

Deskonexioa, presidentearen zain
independentzia, Katalunia
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Deskonexioa, presidentearen zain”-ri buruz

  • Ilargirantz abiatzea ala sinbolikoki harantz bideratu beharko lukeen atzamarraren kolorea azpimarratzen geratzea.
    That (not) is the question.
    Estrategikoki ez daude maila berean.
    Printzipio ideologikoak gorabehera…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude