Desazkundea? Bai zera! (eta V) [Bibliografia eta webguneak]

Desazkundea? Bai zera! (eta V) Bibliografia eta webguneak – 

Bibliografiarekin hasi aurretik hemen dituzu aurreko lau postetara atzitzeko estekak:

=========================================

Zorionak irakurle desazkundearen lau postak Morfeoren besoetan erori gabe irakurri badituzu. Seriari amaiera emateko nire Olinpo txikia aurkeztuko dizut gaian (Gaian!) sakondu nahi baduzu zure kaxa.

Bibliografiatxoa prestatzerakoan bi aurrebaldintza ipini dizkiot nire buruari: (1) Ez zen oso luzea izan behar, gehienez 3-4 liburu ataleko eta (2) liburuak irakur errazak eta pedagogia kontuan izanda idatzita egon behar ziren. Gainean dugun trantsizio erraldoiaren nondik norakoak ulertzeko aperitifa. Konbentzituta bainago datozen urteak urte kritikoak izango direla planeta osoaren bilakaerarentzat, zirt edo zart, arre edo iso unean gaude. Informazioaren bataila garrantzitsua izanik formazioarena, heziketarena nahitaezkoa da. Hor ahul harrapatzen bagaituzte populismo merkeek, gureak egin du!!

Bibliografia-Energia. Hona hemen nire bi liburu iniziatikoak. Berez, hiru dira lehenengoa, bi aleetan banatzen baita:

En la espiral de la energia. Ramón Fernández Durán eta Luis González Reyes. 2014 (1. arg.), 2018 (2. arg.)

Vol.1: Historia de la humanidad desde el papel de la energía.

Vol.2: Colapso del capitalismo global y civilizatorio.

Gauza bat aitortu behar dizut irakurle, garai batean, nire ingurukoek asper asper egin nituen liburuaren epifaniak kontatuz. Zurekin onberagoa izango naiz eta zure esku utziko dut epaia. Erosi eta irakurri baino lehen aztertu nahi badituzu bere edukiak, liburua eskuragarri duzu pdf formatuan Ecologistas en Acción erakundearen webgunean: Vol.1 eta Vol.2.

Sustainable energy-Whitout the hot air. 2009 / Energia sostenible-sin malos humos. 2019.

Gezurtxoa esan dizut hiru liburu zirela esaterakoan berez lau baitira. Hirugarren liburu honen bi bertsio (ingelesez (2009) eta gaztelaniaz (2019)) daude, bertsio osagarriak gainera, gaztelaniako bertsioa ez baita ingelesaren itzulpen soila egokitzapena baizik. Nafarroako Unibertsitate Publikoan aritzen diren zazpi irakasle eta ikertzaile nafarrek itzuli dute David MacKay maisuaren 2009ko liburu entzutetsu eta arrakastatsua. Txapela kentzeko lana gazte hauena!! Ohi bezala nafarrak lubakietan tinko!

Gainera, MacKayren 2009ko bertsioa dohainik deskarga daiteke oraindik Sustainable energy-Whitout the hot air webgunetik pdf formatuan. Liburuaren idazkera irakur erraza eta grafiko didaktikoz beteta dago. Erresuma Batua hartu –eta hau da bereizten duena gaztelaniako bertsiotik gaztelaniakoan Espaina hartzen baita- adibide gisa eta bost plan energetiko aurkezten ditu oso oso era pedagogikoan eta ulergarrian edonorentzat. Plan bakoitzari bere mix energetikoa itsasten dio eta irakurleak, era erraz eta grafikoan azter dezake bakoitza. Ikertzaile nafarrek gauza bera egiten dute baina Espaina erabilita adibide gisa.

Baina horra heltzeko eta hemen dago liburuaren balio gehigarria, energiaren inguruko alde praktikoak eta teorikoak xehe xehe aztertzen ditu era ulergarrian eta aldi berean, sakonean. Energiari buruz liburu entziklopediko eta interesgarri bat irakurri nahi baduzu hemen duzu aukera ederra!! Ez zara damutuko.

Petrocalipsis. Antonio Turiel. 2020.

El otoño de la civilización. Juan Bordera eta Antonio Turiel. 2022.

Turielitisaz kutsatutakoen apalategian falta ezin diren bi liburu. Lehenengoarekin, herrialde aurreratuetako sistema tekno-industrialak planteatzen duen trantsizio energetikoaren mugak eta gabeziak azaleratzen ditu gordin gordin energia iturri bakoitza aztertuta. Labur labur esanda: arazoa ez da energia(soilik!) arazoa kapitalismoa da (187. orria). Hau da, ondo heltzeko heldu nahi dugun tokira heldu gaitezen!!

Bigarrenean, Antonio Turielek Juan Borderarekin bat egiten du eta aldaketa klimatikoaren eta energiaren arteko loturak aztertzen dituzte. Estilo arin eta irakur errazean kapitalismoaren kontraesan potoloenak agiri agirian uzteko. Pentsamolde holistiko sano bat hedatu ezean eskuartean dugun arazoa aztertzeko agintari eta politikoen artean, ezagutzen dugun zibilizazio hau kolapsora dago zuzendua itsu-itsu.

Webgune interesgarriak:

— Antonio Turielen Bloga: The oil crash: crashoil.blogspot.com.

— Gail Tverbergen Bloga: Our Finite World: ourfiniteworld.com.

IEA (International Energy Agency): iea.org.

— Grupo de Energía, Economía y Dinámica de Sistemas: geeds.es.

MEDEAS Proiektua: medeas.euMEDEAS Ereduaren sarrera txikia (hemen).

LOCOMOTION Proiektua (MEDEAS Proiektuaren jarraipena): locomotion-h2020.eu.

Bibliografia-Ekonomia.

El mito del capitalismo. Jonathan Tepper. 2020.

Ez da sarritan ikusten kapitalista bat kapitalismoaren miseriak azaleratzen zintzo eta zuhur. Liburu hau atsegin dut kapitalismoa barru barrutik ezagutzen duen batek idatzita dagoelako. Merkatuen norgehiagoka faltsua eta ekonomiaren arlo gehienen manipulazioa agiri agirian gelditzen dira kapituluz kapitulu. Kapitalismo usteldu eta zaharkituaren argazki beldurgarria.

La bioeconomia de Georgescu-Roegen. Óscar Carpintero. 2006.

Kapitalista peto-petotik, heterodoxoenetatik heterodoxoarengana: Nicholas Georgescu-Roegen. A zelako jauzia proposatzen dizudan!!

Joan gaitezen bada penduluaren beste aldera. Eta zer aurkitzen dugu hor? Basamortuko eremitak: Jose Manuel Naredo, Joan Martinez Alier, Antonio Valero,.. 8-10 lustro predikatzen aritu direnak itsu-gor-mutuen erreinuan ekonomia neoklasikoa eta beraren eratorpenak oker dabiltzala, hazkunde betiereko soflama hori gezur ederra dela, materialen/energiaren ordezkagarritasuna ez dela betiko naturak, mugak dituela, hazkundea, Barne Produktu Gordina erabilita(soilik) neurtzea ez dela egokia konplexuagoa dela baina alferrik. Eta eremita frustratu horien burua nor? Nicholas Georgescu-Roegen. Behin erruduna identifikatuta bera ezagutzea bakarrik gelditzen zaizu: La bioeconomia de Georgescu-Roegen.

Webgune interesgarriak:

Batura (Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailea): batura.eus/batura.

— Our World in Data: ourworldindata.org.

— The Atlas of Economic Complexity: atlas.cid.harvard.edu.

— Grupo de Energía, Economía y Dinámica de Sistemas: geeds.es.

MEDEAS Proiektua: www.medeas.eu.  MEDEAS Ereduaren sarrera txikia (hemen).

LOCOMOTION Proiektua(MEDEAS Proiektuaren jarraipena): www.locomotion-h2020.eu.

Bibliografia-Ingurugiroa.

Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian. Iñaki Petxarroman. 2020.

Atal hau liburu bakarrarekin osatu beharko banu argi dut aukeraketa: Ezezagunerako bidaia.

Aditu artean ibili da Petxarroman erantzun bila eta bete betean asmatu du! Hainbat elkarrizketa egin ondoren entresaka ederra egin du irakurgarri eta eskuragarri ipinita material guzti hori liburu irakur erraz eta atsegina sortuz. Hori bai, zatika irakurtzea komeni da informazioz beteta baitago orri bakoitza.

El otoño de la civilización. Juan Bordera eta Antonio Turiel. 2022.

Bat bitan! Oraingoan, azpimarratzeko Juan Borderaren gogoeta aldaketa klimatikoari buruz. Txukun azaltzen ditu Borderak IPCC erakundearen barne miseriak, edukiak ezkutatzeko edota itxuraldatzeko plazaratu baino lehen.

Jan eta Jabe. Elikaduraren bidez, herria eraikitzen. Tasio Erkizia. 2021.

Nekez zainduko ditu inguruak bere burua zaintzeko gauza ez denak. Ez, ez zaitut eraman nahi crossfit egitera baina bai ondo jatera eta jateari itsatsia dagoen filosofiara, ekologiara eta ekonomiara. Eta hori da, hain zuzen, Tasiok proposatzen diguna Jan eta Jabe liburuan. Jakina, liburua ez doa dietetikaz elikadura-burujabetzaren garrantziaz eta beraren dimentsio sozioekonomikoaz baizik. Zer jan, hura izan dio Tasiok eta baita beste honako hau ere: Marxismoak uste zuen ezen, egitura sozioekonomikoak aldatuz gero, pertsonaren pentsaera ere aldatuko zela. Baina historiak erakutsi digu gauzak ez direla hain linealak…. Zinez premiazkoa dugu eguneroko aldaketa txikiek gizarte-eredu berria eraikitzeko bidean duten eraginaz konturatzea. Askotan, eraldaketa handiak amesten ditugu eta bizitza osoa horien zain gaude, konturatu gabe horrelako iraultza integralik ez dugula ezagutuko egunerokotasunean urrats txikiak emateko gai ez bagara, behintzat. Horra hor txikitasunaren handitasuna.

Webgune interesgarriak:

Labore kontsumo elkartea (labore.eus):

— Labore Bilbo: laborebilbo.eus.

Labore Oarso: laboreoarso.eus.

Errigora: errigora.eus.

— Bizi! Mugimendua: bizimugi.eu/eu.

— Ferran Puig Vilaren Bloga:

Usted no se lo cree. ustednoselocree.com.

— Antonio Aretxabalaren Bloga: antonioaretxabala.blogspot.com.

IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change) : www.ipcc.ch.

Desazkundea? Bai zera! (eta V) Bibliografia eta webguneak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude