Denon artean Ahal Dugu

Denon artean Ahal Dugu

Ezker abertzalearen inguruko GUaz aritu nintzen huskeriatan azkeneko sarreran. GU trinko eta higiezin horri uko egin eta GU likido bati bidea utzi behar ziola iradokiz-edo; beti ere egungo jendartearengana ahalik eta zuzenen iristea baldin bada Ezker Abertzalearen xedea.

Denon artean Ahal DuguEuskal Herrian Gu likidoak bereganatzen iaioena Ahal Dugu izaten ari da duda izpirik gabe, kolore eta esparru guztietako boto emaileak erakartzeko gai izan delako. EH Bildun hasi eta PPn bukatu. To! Ahal Dugu alderdi berriak Euskal Herrian duen hauteslegoaren zerrenda. Akaso, EAJren arrakastaren sekretua ere horretantxe zertzen da, EAJk ere demostratu duelako urteen igaroan gustu guztietako bozkak erakartzeko ahal dibinoa, testuingurua dena delarik ere. EAJrena gaian adituagoa den bati utzi eta Ahal Duguk darabilen hizkuntza berri horri botako diogu zirtoa, bitxia egiten baita zenbaitetan Iglesiasen alderdiak erabiltzen duen hizkuntza jolasa.

Hala, Ahal Dugu alderdiarekiko pertenentzia likidoa edo joan etorriko boto emailearen nolakotasuna azaltzeko hainbat iritzi elkar trukatu ditzakegun arren, bada hitz magiko bat Ahal Duguk patentatu eta besteei hitz horretarako ailegaera oztopatu diena: denok da hitza! Aste honetan bertan izan dugu ele hori irakurtzeko parada Pili Zabala Ahal Duguren EAEko Lehendarigai izateko hautagaietako baten ahotan. Honela zioen Berriari eskeinitako elkarrizketaren lerroburuak: “ Denok eroso sentitzeko eredu bat topatzen saiatu behar dugu ”.

Kontua ez da, ordea, Pili Zabalak elkarrizketa batean denok hitza bi-hirutan adierazi izana, berdina aipatu zezaketen eta Otegik, Mendiak nahiz Urkulluk berak beste entrebista batean. Kontua da Ahal Duguren hizkeran halako esakerak maiz agertzen direla. Gogoan dut sare sozialetan ere euskararen gaineko eztabaida batean Ahal Duguko jarraitzaile batek euskararen inguruan alderdi moreak egindako akatsak denon artean zuzendu beharreko ariketa gisa planteatu zuenekoa:

Orain ez gara GU, orain denok gara

Horretan datza, esaterako, Ezker Abertzalearen eta Ahal Duguren arteko alde nabarmenetako bat. Ahal Duguk Ezker Abertzalearen GUa garatu eta GU malguago bat landu du, denok hitzean islatzen dena. Izan ere, Ahal Dugun espainiar soilik sentitzen direnak nahiz euskaldun soilik sentitzen direnak aurki ditzakegu elkar bizitzen inolako arazorik gabe, arrakastaren bidea erraztuz.

Uste dut, beraz, irekitako espazio berri horretan, non jendeari ez zaion alderdiarekiko pertenentzia engaiaturik eskatzen, etorkizuneko politikaren jokabideak marraztu daitezkeela. Hartara, alderdi politikoen zeregin berria denok kontuan hartuko gaituzten proiektuak aurkeztea izango da; Ahal Duguk denbora darama horretan, Otegiren azken adierazpenak ere ildo bertsutik dihoaz azkenaldian. Afera, baina, denok hori zein noranzkotan bideratzen den izango da: unionismorako noranzkoan ala deskonexiorako noranzkoan ala…

Denon artean Ahal Dugu

7 pentsamendu “Denon artean Ahal Dugu”-ri buruz

  • Podemos kendu maskara! 2016-07-27 17:04

    “Ahal Dugun espainiar soilik sentitzen direnak nahiz euskaldun soilik sentitzen direnak aurki ditzakegu elkar bizitzen inolako arazorik gabe, arrakastaren bidea erraztuz.”

    Ah. Beraz GU zapaltzen gaituztenekin ere alderdi berean egon behar duGU. Ni kateatuta nago, zuk kateatuta. Nahi duzunean ni jotzen edo gosez hiltzen nauzu. Baina nik zu jotzen ez zaitudanez elkarrekin bizi gara “inolako arazorik gabe”.

    Independentzia da demokrazia. Herri bat inbaditu, hil eta kolonizatzea ez.

    • Ez ditzagun sentimenduak eta intelejentzia nahasi. Artikuluan Ahalduguren arrakastaren zergatiak aztertu, eta, nazio zapalkuntza gainditu nahi dugunok gure proiektua indartzeko nola erabil ditzakegun proposatzen da. Irakurketarekin bat etor gaitezke ala ez, baina argudioetan eraginkortasunaren ikuspegia sartu beharra dago.

  • “Ahal dugu” “podemos” PSOE besterik ezda, “unidad de España” babesten duen alderdi español bat.
    Baina PSOEk espainola zela argi uzten genuenean, eta ustelkeria eta gerra zikinagatik gure lurretan bizi den español askori lotsa ematen zion publikoki bozkatzen zuen alderdi horretaz hitzegitea.
    Gaur, ezker abertzalean infiltratu eta estatu kolpea eman zuten marxista hoiek (izan ere beti berdina egiten dute munduan zehar, herri askapeneko mugimenduetan infiltratzen dira euren interesetara hurbil arazteko mugimenduok) PODEMOS ez zuten etsaitzat, eta ezker “abertzale” anitz berri horretatik indar asko eman zaio PODEMOS i benetan zer den argi utzi gabe, EZKERREKO ALDERDI ESPAÑOL UNIONISTA bat, besterik ez, PSOE bere sorburuan zen bezela.
    PSOEk sorburuan hemen “autodeterminazioa” defenditzen zuen, eta Felipe Gonzalezek ” gora eugggkadi agggkatuta” zioen mitinetan, baina……….

  • Nire ustez artikulu honek ondo aztertzen ditu Podemosen katramilak baina ez horrein ondo ezker abertzalearenak. Ezker abertzaleak bere independentzia idei berriarekin Podemosek egiten duen gauza berdina egin nahi baitu, espainolak ala euskaldunak izan, denok “independentzia” horren alde egotea.

    Baina noski ezker abertzaleak abertzaletasunarekin egin nahi duen kiribila ez da txantxetakoa, nahiz eta bertute bat eduki horrek, erakusten duela ezker abertzalearen abertzaletasunaren eza, hutsalkeria, engainu itzela, inbaditu eta kolonizatu hitzekin estali nahi dutena.

    Azken batean, bi ezker indar ia bixkien konpetentzia da eta horretan onartu behar da azertatu dutela Podemosekoek ezker abertzaleko izandako bat goiburuan kandidatu gisa jarririk.

  • Ados artikuluaren ideia batzuekin.Ezkerrari oro har, eta ezker abertzaleko kidegoari bereziki ezker abertzalearen kidegotik askotan ta baita jendartetik ere puru izateko, zurrun ( zurrunegi)jokatzeko ta agertzeko eskatu izan zaio maiz( hasi amu konsumisten aurrean irmo izateko, ohitura kapitalisten jarrerak baztertzeko, drogekin edo bestela euskararen gaiarekin ere). Ez da gai samurra, garaiak ez dira berdinak orain eta lehen, oreka non dagoen zail da.
    Besterik da malgutasun ideologikoa. Ez da erraz, ulertzen edo zenbaterainoko ibilbidea izango duen jakiten. Pili Zabalaren azken elkarrizketetan zioen etzela ez ezkertiar ez eskuindar, ez feminista ( daflipat) ez abertzale, ez espainola…Azken hauteskunde kanpainan hilketa matxista bat salatzen ari ziren Donostiar herritar talde baten eta Ahal Duguren propaganda banatzen ari zirenen artean xestra sortu zen espazio publiko bera erabili nahi zutela eta hitz truke batzuen ondoren “dejadnos en paz que no somos feministas” oihu eginez bukatu omen zuten propaganda banatzaileak.
    Errejonek dioen moduan Podemosek ezin du sortu zen moduan funtzionatzen jarraitu, jada ez baita “berria”. Ta definitzen hasi beharko du edo hobe, hasi da jada Kataunianegin duen bezala.

  • Podemosek biribilketa ideologiko bat eman nahi du jakinaren gainean ezker batuarekin izan duen ezkerreko fronteak kale egin duela sozialistak sorpasatzeko. Orduan, definizio eza izan liteke bere definizioa, eremu askoetatik arraintxoak harrapatzeko. Baina ez gaitezen engaina, talde horretako Madrileko agintariak komunista petoak dira, joera berri bati leku eman nahi diotenak, Espainian (eta Euskal Herrian) irabazi ahal izateko. Irabaztea da bere lehen mandatua. Espainian kale egin dienak orain Euskal Herrian konpondu nahi dute Pili Zabalak egindako definizio eza ariketa engainugarri horrekin. Baina jakin badakigu tipo eta tipa hauek espainiar patriotak direla eta Euskal Herriari begira irekitasun itxurak egiten dituztela direna agerian gertatu ez dadin, espainol petoak baitira, hau da, iraultzaile batzuk iraultza modu baten bila. Horretan bat egiten dute ezker abertzalearekin.
    Hauek noski erradikaltasunaren karta jokatu dute abertzale itxurak egite arren. Erradikaltasuna (ezker abertzaletasunarena) eta definizio eza (Podemosena) txanpon bereko aurpegi desberdinak besterik ez dira. Nola zakuan mota desberdinetako txitoak sartu? Hori da beraien zeregina.

  • Denon artean ahal dugu zer? Euskararen kontrakoak ta euskararen aldekoak zertan batuko dira? Erabakitzeko eskubidea madrilekin hitzartu behar omen da batzuen aburuz,estatuak inoiz ez duenez nahiko, erabakitzeko eskubidea ezingo da gauzatu ta alde dauden hoiek aurka daudela argi gelditzen da horrekin.
    Batu itxurakeriak egiteko? Gauz batzuetan indarrak batu daitezke, baina beste askoretan ezinezkoa da, ta denok gutxiago.

    Nik behintzat batuketaren izenean ez nago edoer irensteko prest.

    Batu? Lortu nahi danaren arabera ta besteak lortu nahi dutenaren arabera, gauz askotan ez dago erdibideko ezer.