Denok gara faxistak norbaitentzat.
Herri honetan denok gara faxistak norbaitentzat (hala ez dena, politikoki ez da deus, kakaren pare). Urkulluk jakingo zuen aspalditik, baina hala ere zertxobait haserretu zen Azpeitian hiru gazte gaizto mozkorrek faxistatzat hartu zutenean. Haserretu Urkullu haserretzen den moduan, errespetu instituzionala eskatuz. Gertaturikoa deitoratzeko askok erabili duten argudioa, kurioski, gazteak iraintzea izan da, faxistak, izatekotan, gazte horiek direla, eta oro har egungo egoera politiko berrira egokitu ez den ezker abertzaleko sektore erradikalena. Iraina irainaren gainean, faxista Lehendakaria, faxistak gazteak. Bitartean, faxismoaz ari garela, aste batzuk geroago Carlos Urquijok erakutsi digu, berak ohi duen moduan, konplexurik gabe, harro eta legea lagun, hortaz badakiela zer edo zer, badela bere egurreko ezpala.
Euskal Herrian perretxikoen antzera loratzen omen dira faxistak, aurki ditzakezu ezker zein eskuin, euskal abertzaleen nahiz espainolen artean, urte osoan zehar eta lekurik harrigarrienetan. Bizi gaituen gatazka politikoaren ondorio ez hain agerienetariko bat hitzen prostituzioarena da, orain arte harresiak eraiki eta lubakian goxo gordeta bizitzeko balio izan diguna. Azken finean, zein da faxista, saldu, txakur, terrorista, traidore edo hiltzaile bati zor zaion begirunea? Etsaia modu erraz eta adierazgarrian identifikatzeko behar horretan sinplikazio gehiegizkora jo dugu ezinbestean, adierazkortasuna probestuz esanahiaren gainetik. Desarmeaz ari garela, ez dezagun ahaztu hitzen desarmea ere egiteke dagoela.